Espainiako Auzitegi Nazionalak datozen egunetan erabakiko du 35/02 sumarioko ezker abertzaleko 40 militanteen aurkako auzia aurrera eraman edo bertan behera utzi. Defentsak gaurko auzi saioan eskatu du 11 lagun ez epaitzeko, arrazoi desberdinak medio.
Vicente Gonzalez Mota fiskalak 8 eta 12 urte bitarteko kartzela zigorrak eskatu ditu 40 lagunentzat, ETArekin loturak izan zituztela argudiatuta; denera, 372 urteko espetxe zigorra eskatzen du.
Auzipetuen artean ezker abertzaleko kide esanguratsuak daude; besteak beste, Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Joseba Permach. Hain zuzen ere, 12 urteko espetxea eskatzen du fiskalak hiru horien kontra.
10 urteko kartzela eskatu du honakoentzat: Karmelo Landa, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez, Jose Luis Elkoro, Josu Iraeta, Adolfo Araiz, Jose Antonio Egido, Txekun Lopez de Aberasturi, Karlos Rodriguez, Mikel Arregi, Esther Agirre, Jasone Manterola, Floren Aoiz, Kepa Gordejuela, Isa Mandiola, Juanpe Plaza, Antton Morcillo, Santi Hernando, Xanti Kiroga eta Jon Gorrotxategirentzat.
Honakoen aurka 8 urteko eskaera egin du: Jose Luis Franco, Maite Amezaga, Joseba Garmendia, Juan Francisco Martinez, Juani Lizaso, Jaione Intxaurraga, Joseba Imanol Kortazar, Ruben Granados, Enrike Alaña, Agustin Rodriguez, Patxi Jagoba Bengoa, Idoia Arbelaitz, Izaskun Barbarias, Sabin del Bado, Bixente Enekotegi, Andres Larrea eta Pedro Felix Moralesentzat.
Defentsaren 11 eskaeren aurka azaldu da fiskala gaur
Defentsak gaurko saioan esan du Elkoro, Araiz, Karlos Rodriguez, Arregi, Aoiz eta Plaza 1997an kartzelan sartu zituztela HBko Mahai Nazionaleko kide zirela -epaiketa izan zen-, kasu hori dagoeneko epaitua dagoela eta ez epaitzeko orain. Fiskala neurri horren aurka azaldu da, "HBren aurkako epaiketa hau delako, ez hura".
Landa, Kortazar, Hernando, Iraeta eta Egido ere ez epaitzeko eskatu du defentsak: Landa eurodiputatua izan zelako 1989-1994 artean eta, beraz, inmunitatea zuelako; Kortazar beste auzi bategatik Frantziako Justiziak 2004an zigortu egin zuelako; eta beste hiruren kasuak preskribituak daudelako. Aurka agertu da fiskala, bostek 2007 artean delituak egin zituztelakoan.
Politika
Datozen egunetan erabakiko dute 35/02 sumarioarekin zer egin
Ezker abertzaleko 40 lagun daude auzipetuta, eta 372 urteko espetxe zigorra eskatzen du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak haien aurka. Defentsaren 11 eskaeren kontra azaldu da fiskala gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu