Mikel Buil. Ahal Dugu-ren eleduna Nafarroako Parlamentuan

«Daukan egiturarekin, PSNk ezin du aukera aurrerakoi bat egin»

PSNren diskurtso aldaketa «marketina» baino ez dela uste du Builek. Geroa Bai hari «besoak zabaltzen» ari dela dio: «Kontua da Geroa Bairen barne lehian progresismoak irabaztea, ez politika atzerakoiek».

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2017ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Azken bi urteotan, Nafarroako Ahal Dugu-ko Antolakuntza idazkari eta parlamentari aritu da Mikel Buil (Iruñea, 1979). Alderdiko primarioak egin berri dituzte, eta 595 botorekin (%45,5) irabazi dio Eduardo Santosen taldeak Laura Perezenari (567 boto, %43,4). Orain arte, Perez izan da idazkari nagusi eta parlamentuko bozeramaile, baina Santosek idazkaritza nagusia hartu ostean, Buil izendatu dute parlamentuko bozeramaile kargurako.

Indar berria zarete. 2015ean Nafarroan lehenengo aldiz aurkeztu, eta lauko gobernuan sartu zineten. Bi urte hauek nolakoak izan dira Ahal Dugu-rentzat?

Akordio programatikoa negoziatzen hastean hasi ginen neurria hartzen hain erritmo azkarretan dabilen politika instituzionalari. Gure oinarri nagusiak zirkuluetan eta hauteskunde programan daude. Bi urteotako lana izan da hori egutegian jarri eta aurrera eramateko babes taldeak osatzea, alde teknikoetan laguntzeko. Nahiz eta esperientzia azkar hartu behar izan dugun, orain gure taldeak ez du zertan inoren inbidiarik izan profesionaltasun aldetik.

Primarioak egin berri dituzue, emaitza estuarekin. Antolakuntzan, zer urrats ari zarete egiten?

Lehenik, argitu nahi nuke nire jarrera. Ni ez nintzen aurkeztu primarioetara, bi urtez izan naizelako Antolakuntza idazkaria eta parlamentaria, eta, orain, nire apustua gehiago delako parlamentuko lanean zentratzea. Nire ustez, primarioen emaitzak erakusten du integrazio lan handia geratzen zaigula, premiazko lana.

Lehen, parlamentuko taldea eta alderdiko kontseilua batera aritzen zineten; orain, bi eremu bereizi dituzue. Zertan da hori?

Orain, koordinazio kontseilu bat dugu, baina hor badaude talde parlamentarioko kideak ere; adibidez, Ainhoa [Aznarez]. Gauzak hobetu egingo dira antolakuntzak dakarren presioa eta presio insituzionala banatzen badira. Biak nola komunikatu, hor dago gakoa; asmatuz gero, oso ondo atera daiteke. Dena den, oraintxe hasi gara hori artikulatzen.

Zer harreman duzue EAEko Ahal Dugu-rekin? Hego Euskal Herri moduan, elkarlanik baduzue?

Lurralde burujabeak gara, eta ez dago komunikazio organikorik. Baina baditugu arazo eta esparru politiko antzekoak. Ez dakit zuzendaritza berria harremanetan jarri den haiekin, baina aurreko taldekook harreman emankorra genuen; adibidez, bi lurraldeetan dauden alderdien mugimenduak aztertu eta modu bateratuan erantzuteko.

Zer balantze egiten duzue gobernuaren jardunaz?

Gure kritika nagusia beti berbera izan da: erritmoa. Bi urteotan, politika progresistak egin dira, eta babestu ditugu. Ahal izan dugun guztietan estutu dugu gobernua. Falta zaiguna da, batetik, politika horiek sendotzea, eta, bestetik, navarrisimoek proposatutako neurri elitizatzaileei aurka egitea.

Bide horretan, egongo ziren erresistentziak, ez bakarrik UPNrenak. Botere faktikoekin lehiatzea gogorra izan da?

Bi urteotan Ahal Dugu-k jasandako erasoen prentsa laburpen bat egin eta nondik datozen ikusten saiatuz gero, Nafarroako eliteak eta botere faktikoak aurkituko dituzu atzean. Gogorra izan da, askotan erasoa ez delako politikoa, pertsonala baizik. Eta horrek nekatu egiten du bat. Baina kontziente gara borroka honen parte dela hori; beti egon gara prest.

Botere horien aurka, nola indartu aldaketaren gobernua?

Kanpoko erasoek laukoa indartzen dutela uste dut, baina arazoa da nola aurre egin gobernuari egiten dizkioten presio estrategiei. Adibide argiak daude: AHTa, Nafarroako ubidea... Gu ari gara politika aurrerakoiak babesten, eta eliteen politika horietatik probetxua nork ateratzen duen seinalatzen: ustelak alde guztietan, inork ezagutzen ez dituen gainbalio izugarriak... Hori bai, lau urteotako kontakizunean argi geratu behar da aurrera egiten ari garela UPNren gobernuekiko. Horrekin oso arduratsuak izan behar dugu, eta, bestalde, eliteek gobernuan lekua irabazten dutela ikustean, hori ere seinalatu behar dugu.

Nola ikusten duzu Geroa Bai? Besteak beste, EAJ dauka barruan. Eragina du horrek?

Noski, badu eragina. Badirudi Garapen Ekonomikorako presidenteordetzak, Nafarroako Buru Batzarreko presidente ohi Manu Aierdi burkideak [ironiaz] zuzendutakoak, EAJren ildoko proiektuak atera nahi dituela aurrera. Laguntxo asko dituzte zementu politiketan... Badakigu Geroa Baik ideia progresistak dituela; kontua da barne lehia horretan progresismoak irabaztea, ez atzerakada dakarten politikek. Horiek hobeto egingo ditu UPNk.

Vianako kasua ere hor dago. Maila lokalean kokatu duzue, baina ez al dirudi, esaterako, Geroa Bai PSNri begira ari dela?

Noski. Hori da gure sentsazioa. Argi dago PSNri leihoak eta besoak irekitzen ari direla modu adeitsuan. EAJk ere hori egiten du Euskadin. Gu ez gara baztertzaileak, bazterkerian hasi dena PSN da, esan duenean agian sudurra estali beharko dutela etorkizunean Ahal Dugu-rekin gobernatzeko. Hori bai, EH Bildu gabe. Hasieratik jartzen dituzte baldintzak. Askotan aipatu gaituzte udan, baina guk ez dugu deirik jaso. Marketina da aukera erreal bat baino. Izan ere, Nafarroan behintzat, ez dut uste PSNk aukera aurrerakoi erreal bat egin dezakeenik, daukan egituragatik, zorragatik eta dauzkan aliantzengatik.

Zuek nola bizi izan duzue EH Bildurekiko harremana?

Berehala jartzen gara ados EH Bildu, Ezkerra eta Geroa Baiko alderik aurrerakoienarekin. Herentzian jaso dugun panoramarekin du zerikusia: hiritarrei itzuli behar zaie lehen hondatutako guztia. Horrelako egoera batean, erraza da ados jartzea aurrerabide sozialaren nozio bat badaukazu.

Espainian, lehentasuna Rajoyren gobernua kentzea dela diozue. PSOE eta Podemosen arteko bidean aurreratuz gero, ez du eraginik izango Nafarroan?

[Nafarroako] Gobernurako akordio guztiak Nafarroako batzarretik pasatu behar dira. 7.000 bat pertsona daude hor; beraz, ez da egingo akordiorik PSNko ustezko eliteen eta Ahal Dugu-ko ustezko eliteen artean. Ez dago halakorik. Nafarroan zaila daukate, hemen indar gehiago daudelako aldaketa gauzatu ahal izateko. Eta egin egin da, gainera. Falta da aldaketan sakontzea, gobernu honi Aldaketaren Gobernu deitu ahal izateko, letra larriz. Eta PSNk ez du horretan lagunduko. Baina, tira, ikusiko dugu zein den bere apustua: aurrerabidea ala elitizazioa.

Une erabakigarriak datoz Katalunian, eta Laura Perezek eta Jose Loayssak kritikatu dute Podemos «modu sotilean alboratzen» ari dela erabakitze eskubidearen defentsa. Ados zaude?

Erabakitzeko eskubidearen atzean dagoen ideia da gaur egun daukagun estatu bateratzaile honek ez diola egoki erantzuten errealitate sozialari: nazioaniztuna da herrialde hau. Nire ustez, parte hartze sozialean aurrera egitea, erreferenduma, gakoa da. Erabaki ahal izatea, bakoitzak bere lurraldean, zer izan nahi dugun. Ez dakit aipatutako iritzi hori interpretatzen nazio [Espainia] mailan, baina Nafarroan erabakitzeko eskubidea eta estatuaren nazioniztasuna defendatzen ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.