Parisko Dei Auzitegiko instrukzio ganberak onartu egin du David Pla euskal preso ohiaren aurkako euroagindu eskaera, Madrilek 2011n aurkeztutakoa. Defentsak datorren astelehenean helegitea aurkeztuko du Kasazio Auzitegian, eta hark bost bat asteko epea du ebazpena emateko. Bitartean, Pla ez dute Espainiaratuko. Auzitegi Nazionalak eskatu zuen euroagindua, 2008ko ustezko hitzordu bat zela eta. Halboka taldeko kidea izatea egozten diote —ETAren eta EPPKren arteko «lotura» egitea eta presoen kolektiboa «kontrolatzea» leporatzen diete auzikoei—.
Auzitegi Nazionalak aurkeztutako akusazioengatik, Frantziako Poliziak 2010ean atxilotu egin zuen Pla, Hendaian (Lapurdi), 2008ko hitzordua leporatuta, baina handik lau egunera aske geratu zen, epailearen aurretik pasatzeke, kargurik gabe. Zehazki, Madrilen akusazioak dio 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Frantzia) etakide batekin bildu zela Pla, baina Xantiana Cachenaut defentsa abokatuak joan den irail bukaeran Dei Auzitegiko auzi saioan azaldu zuen gertakari horiek Frantziako Estatuan gertatu zirela, Poliziak aztertu zuela gaia, epaileak Pla berehala kargurik gabe libre utzi zuela, Frantziako Poliziak esaten duela ez zela zuzena hura 2008ko hitzordu hartan egon zela; abokatuak zioen Parisek egiaztatuta daukala egun hartan Parisko kartzela batean zegoela, euskal preso baten bisitan. Cachenautek Poliziaren akta bat entregatu zuen iraileko auzi saioan.
Hala ere, Parisko fiskala euroaginduaren alde agertu zen, eta, orain, epailea. «Ezin da ulertu erabakia», esan dio BERRIAri Cachenautek.
Erabakia “ezin da parametro juridikoetan ulertu”, Jokin Etxebarria EH Baiko kidearen iritziz, eta Frantziaren "mendeku politikaren" baitan kokatu du. Haren iritziz, Euskal Herrian "bake prozesu bat eraikitzeko" egindako urratsen "sinbolo" bat da David Pla, eta oroitarazi du haren atxiloketa Frantziak eta Espainiak ETAren armagabetzeari emandako "blokeoan" gertatu zela. Azken asteetan Frantziako justiziak hartutako beste erabaki batzuk ere aipatu ditu, eta nabarmendu du EH Baik lanean segituko duela Euskal Herriko gehiengo sozial, politiko eta instituzionalarekin batera, gaur egun diren "blokeoak" desaktibatzeko.
🔴 Parisko Dei Auzitegiko instrukzio ganberak David Pla-ren euroagindua onartu du.
— EH Bai (@EHBai) November 20, 2019
🗣ï¸Â Jokin Etxebarria: "Mendekuan oinarritutako erabakia da. Bakearen eta gatazka konponbidearen kontrako beste eraso bat" pic.twitter.com/osQYOgE9S1
Bakegileek ere erabaki "onartezina" dela salatu dute sare sozialetan, eta heldu den urtarrilaren 11n Baionan eginen duten manifestazioan parte hartzera deitu dute: "gauzak aldatzeko garaia" da.
ETAko zuzendaritzako kide jo gabep>
Pla azkeneko aldiz 2015eko irailean atxilotu zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea), Iratxe Sorzabalekin eta beste bi lagunekin batera. Espainiako polizia indarrek ETAren zuzendaritzako kidetzat jo zituen Pla eta Sorzabal. Frantziako Auzitegi Korrekzionalak aurtengo otsailean eman zuen bien epaia: bost urteko espetxe zigorra ezarri zion Plari, eta zazpikoa Sorzabali. Epaimahaiak ETAko kide modura jo zituen biak, baina zuzendaritzakoak izan zirela ebatzi gabe. Pla aurtengo apirilean atera da kartzelatik (BERRIAri emandako elkarrizketa).
Parisek urtebetez Frantziako Estatuan bizitzeko debekua ezarri zion Plari, baina defentsak helegitea aurkeztu zuen Dei Auzitegian. Atzera bota zuten helegitea, baina euroaginduarena ebatzi artean debekuaren neurria ez gauzatzea erabaki zen. Egun, Hendaian bizi da euskal preso ohia.
Atzo Frantziako Kasazio Auzitegiak ontzat eman zuen Sorzabal Espainiaratzea. Epaileek uko egin zioten haren torturez Luxenburgoko auzitegiari galdetzeari. Errekurtso posibleak aztertuko dituzte euskal presoaren abokatuek.