Politika

De Juanaren abokatuak Espainiaratzearen aurkako helegitea aurkeztu du

Edward Fitzgeralden ustez, preso ohiaren "oinarrizko eskubideak urratuta" dira. Belfasteko Auzitegiko epaileak martxoaren 10ean zioen De Juana Espainiaratzeko lege oinarria badagoela.

2009ko martxoaren 30a
19:00
Entzun
Iñaki de Juana euskal preso ohiaren abokatu Edward Fitzgerald hura Espainiaratua ez izateko asmoz helegitea sartu du Belfasteko Auzitegian, bezeroaren "oinarrizko eskubideak urratu" egin direlako. Hain zuzen, Thomas Burgess Belfasteko Auzitegiko epaileak martxoaren 10ean De Juanaren ustezko delitu bat Espainiaratzeko modukoa dela zioen, horretarako Erresuma Batuko legedia kontuan hartuta badagoelakoan lege oinarria. Espainiako Auzitegi Nazionalak preso ohiaren aurkako euroagindu eskaera egina du, "terrorismoa goratu" zuelakoan abuztuko ongietorriko eskutitzean.

Auziko parteek bihar arteko epea dute helegitea sartzeko. Maiatzaren 14an edo 15ean berriro batuko dira Belfasteko Auzitegian, eta orduan hartuko du epaileak auzitegi hari dagokion behin betiko erabakia.

Ondoren parteek Belfasteko Apelazio Auzitegira jotzeko aukera izango dute, baita gero Londresko Lorden Ganberara jotzeko ere -hori da Erresuma Batuko organu judizial gorena-.

Abuztuan De Juanaren ongietorrian Donostian irakurri zuten gutunean hark "Aurrera bolie" esaldiarekin "terrorismoa goratu" zuelakoan eskatu dute Espainiaratzea. 21 urte egin zituen De Juanak preso.

Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du nahi Burgessek eskua sartzerik auzian. Izan ere, Velascoren arabera, Belfasteko Auzitegiari "ez dagokio" auziaren edukietan sartzea, baizik eta Auzitegi Nazionalari.

Aurrera bolie esaeraren esanahiari buruzko azalpenak eskatu zizkion Burgessek Velascori, eta honek Guardia Zibilaren txostenarekin batera igorri zion bere erantzuna.

Azaroaren 17an hasi zen auzia. Velascok De Juana bilatzeko eta atxilotzeko euroagindua zabaldu eta sei egunera, euskal preso ohia bere kabuz aurkeztu zen Belfasteko Laganside Auzitegira. Egun osoa Poliziaren esku eduki ondoren, aske utzi zuten, 5.900 euroko bermea ordaindu eta gero. Horrez gain, bertze neurri batzuk jarri zizkion, hala helbidez ez aldatzea, nola gauez etxean egotea eta astean behin polizia-etxean sinatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.