Alfredo de Miguel Miñao auziko auzipetu nagusietakoak berriro esan du "erabat errugabea" dela, eta euren kontra dabiltzanen "helburua" EAJ kaltetzea dela. EAJko kide ohia da De Miguel, eta duela lau urtetik iaz arte Arabako Foru Aldundiko Tokiko Administrazioetarako eta Lurralde Orekarako diputatua —dimisioa eman zuen 2010eko martxoan, Ertzaintzak atxilotu eta egun gutxira—.
Ustelkeria egozten diote, Miñaoko Teknologia Parkeko lurren salerosketagatik komisioak jaso zituelakoan. De Miguelek esan du ez zela komisiorik egon, baizik eta legezko ordainketa agindu batzuk.
Eusko Legebiltzarrean auzia ikertzen ari den batzordean izan da gaur De Miguel. Idatzi bat irakurri du eta ez du parlamentarioen galderarik erantzun. Handik irtetean hedabideen aurrean mintzatu da, eta batzordeko hainbat kideren jarrera salatu du, informazioa kanpora ateratzen ari direla leporatuta.
Oscar Rodriguez PSE-EEko legebiltzarkideak adierazi du EAJk iaz alderdia uztera behartu zuela De Miguel, EAJ urtebete honetan parlamentuko batzordeari prestigioa kentzen saiatu dela eta gaur Joseba Egibar EAJren legebiltzarreko bozeramaileak harrera beroa egin diola auzipetuari.