Indarrean da Ipar Euskal Herriko hondartzetan eta parkeetan erretzeko debekua

Frantziako Gobernuaren arabera, haurrak babesteko helburua du neurriak. Ez dute debekurik ezarri tabernetako terrazetan, eta zigarro elektronikoei ere ez die eragingo.

Hendaiako hondartza, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Hendaiako hondartza, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
2025eko uztailaren 1a
10:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ipar Euskal Herrian debekatuta dago hondartzetan, parkeetan eta eskola inguruetan erretzea, Frantziako Gobernuak onartutako dekretua indarrean baita jada. Lehen fasean, ez dute zigor ekonomikorik ezartzea aurreikusten, baina, aurrera begira, dekretuak 135 eurotik 750era bitarteko isunak zehazten ditu debekua hausten dutenentzat.

Frantziako Gobernuak helburu gisa jarri zuen 2032rako «tabakorik gabeko belaunaldi bat» izatea, eta argudiatu dute indarrean sartu diren neurrien asmoa dela haurrak babestea. Hala, debekua adin txikikoek hartzen dituzten eremu publikoetan ere ezarriko da; besteak beste, autobus geltokiak eta kiroldegiak ere kontuan hartzen ditu. Ez, ordea, tabernetako terrazak. Gainera, ez die zigarro elektronikoei eragingo.

Catherine Vautrin Osasun ministroak eman zuen gobernuaren erabakiaren berri, maiatzean, garrantzi berezia emanik eskola inguruetan ezarritako debekuari: «Tabakoa desagertu egin behar da haurrak dauden eremuetatik». Halere, ez da bat-batean hartutako erabaki bat izan. Frantziako Osasun Ministerioak duela bi urte aurkeztu zuen Tabakoaren Kontrolerako 2023-2027ko Programa, eta orduan aurreikusi zuten gaur indarrean sartu den neurria.

Orain arte, herriko etxe bakoitzaren esku zegoen erretzeko debekuak ezartzea, baina aurrerantzean denek aplikatu beharko dute.

Eremu horietan erretzeko debekuaz gain, Frantziako Gobernuak beste zenbait neurri ere ezarri nahi ditu. Besteak beste, 2027rako tabako paketeen prezioa hamahiru eurora igotzea aurreikusten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.