2022ko martxoan Berangon (Bizkaia) Ibai Aginaga euskal preso ohiari ongietorri ekitaldi bat egiteagatik terrorismoaren gorazarre delitua egotzi diete hamasei pertsonari, eta haien aurkako epaiketa sententziaren zain geratu da gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, defentsako bost abokatuek Guardia Zibilaren atestatuaren «oinarri falta» erakutsi ondoren. Fiskalak bi urte eta bi urte eta bederatzi hilabete arteko espetxe zigorrak eskatu ditu hamasei auzipetuetako bakoitzarentzat, hasierako eskaerei eutsita. Gainera, hamabost urteko inhabilitazioei eta 5.100 euroko isunei ere eutsi die; akusazio partikularrek —Dignidad y Justicia, Vox eta Fundacion Villacisneros—, berriz, hiru urteko kartzela zigorra eskatu dute auzipetu bakoitzarentzat. Defentsako abokatuek hamasei akusatuen absoluzioa eskatu dute.
Akusazioak eta defentsak euren alegazio luzeei ekin aurretik, auzipetuek deklaratzeko aukera izan dute, baina galderei ez zietela erantzungo jakinarazi dute gehien-gehienek. Aitor Artetxek, Marcos Barrosok, Endika Lejarzegik eta Sendoa Aratz Juradok, berriz, ukatu egin dute Beragoko ekitaldian terrorismoari gorazarre egiteko helburua zutenik, eta, edonola ere, militantzia politikoan aritzeko eskubidea defendatu dute.
Guardia zibilek lekuko gisa egindako deklarazioan, adierazi dute kolaboratzaile bat izan zutela Berangoko pilotalekuaren barruan eta, ustez, hark egindako grabazio baten transkripzioak erabili zituztela atestatua egiteko. Akusatuen abokatuek, Aratz Estonbak, Garbiñe Gomezek, Joseba Agudok, Diego Catriel Herchhorenek eta Amaia Izkok, xehetasun tekniko guztien bidez erakutsi dute prozedura horrek ez duela balio froga gisa. Izan ere, zati batzuk baizik ez dituzte itzuli, eta ez dute jakinarazi nork itzuli duen, nola grabatu den eta akusatu bakoitzari zer esan izana egozten zaion. Akusazioek, berriz, azpimarratu dute «jo eta ke irabazi arte» eta «borroka da bide bakarra» esan zutela frontoian, eta hori esate hutsa delitua balitz bezala aurkeztu dituzte gertakariak.
'Jo eta ke' esana aztertzen
Abokatuek tesi horren «absurdoa» nabarmendu dute, esaterako, Garbiñe Gomezek aipatutako adibide baten bidez: «Nire semeari jo eta ke esaten diot asteburuero, futbolean jokatzera joaten denean». Joseba Agudo abokatuak, berriz, Osakidetzaren oraintsuko publizitate bat erakutsi du: emakumeek erretzeari uzteko kanpaina bateko kartelean jo eta ke handi bat irakur daiteke. Agudok Franz Kafkaren zenbait obrari erreparatu die, eta Auzitegi Nazionalean egin den epaiketarekin alderatu ditu. Halere, ustezko grabazio horren pasarteak dira akusazioen kontrako ebidentzia nagusietako bat.
Abokatuek oso argi utzi dute guardia zibilak ez zirela barruan egon, ez zutela entzun ezer argirik, ez dakitela zer esan zuen nork, eta ustezko grabazio baten transkripzioaren zati batzuek ez dutela balio froga gisa.
Akusazioek behin eta berriro lotu dituzte Tinko, Jardun eta GEK Gasteizko Elkartasun Komitea ongietorriaren antolakuntzarekin, baina abokatuek helarazi dute talde horietan ez zela ezein bilerarik egin ekitaldia antolatzeko, ez zitzaiola deialdiari publizitatea eman, sarreran nor sartuko zen zaindu zela eta, finean, ekitaldi pribatua izan zela, eta ez publikoa, fiskalak defendatu duen moduan. Are, abokatuek oso argi utzi dute guardia zibilak ez zirela barruan egon, ez zutela entzun ezer argirik, ez dakitela zer esan zuen nork, eta ustezko grabazio baten ustezko transkripzioaren zati batzuek ez dutela balio froga gisa.
Ekitaldi pribatua
Ekitaldia amaituta inguruko taberna batean hamasei auzipetuetako batzuek «Gora ETA militarra» esan zutela ere jaso zuten guardia zibilek, baina hori baieztatzeko frogak ez dituzte erakutsi. Bada, akusatuetako batek azaldu du tabernan zegoen beste norbaitek esan zuela horrelako zerbait, «gehiegi edana» zegoela eta «lasaitzeko» eskatu ziotela.
Prozesu guztian azaleratu dira akusazioaren «kontraesanak, akatsak eta, oro har, zorroztasun falta», eta hori kontuan hartuta, abokatuen tesia da Espainiako Auzitegi Nazionalean ez dela terrorismoaren gorazarrearekin lotutako delitu bat epaitu, «baizik eta adierazpen askatasuna eta elkartzeko askatasuna», besteak beste. Abokatuen ustez, Berangoko ekitaldia herritar anonimoek antolatu zuten, Ibai Aginagaren lagunek eta familiak, eta horri atxiki zirela elkarte batzuk. Haien arabera, Berangokoa «ekitaldi baketsua eta pribatua» izan zen, «ondoren zabalkundea izan ez zuena». Adierazi dutenez, frogak «ustelak» dira, gorazarreak «delitu jakin bat» izan behar duelako, «pertsona jakin bati» egotzitakoa, besteak beste.
Epaiketa amaitu aurretik, epaileek akusatuei azken hitza erabiltzeko aukera eman diete, eta gehien-gehienek uko egin diote horri. Ziortza Fernandezek eta Sendoa Aratz Juradok, aldiz, azken deklarazioa egin dute. «Berangoko ekitaldian parte hartu nuen Tinkoko militante gisa, amnistiaren alde borrokatzeko eskubidea dudalako», esan du lehenak. Bigarrenak ere «oso argi» utzi du Tinkoko kidea dela. Talde hori ezker abertzaleko ildo ofizialaren disidentzia izateari buruzko akusazioak egon dira epaiketan, fiskalak eta akusazio partikularrek eginak, disidentzia horren larritasuna azpimarratu nahian. «Bai, disidentea naiz, esaterako zuekin», esan die Auzitegi Nazionaleko arduradunei erreparatuta, baina epaileak ez dio aurrera jarraitzen utzi.