Legedia salbuespenezkoa bilakatzen denean, orduan eskubideak urratzen dira», Patrick Baudoin Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Federazioko ohorezko presidentearen hitzetan. Argi azaldu zuten lotura hori atzoko lehen mahai inguruan Amaia Rekarte Aurore Martinen abokatuak, Iratxe Urizar abokatu eta Behatokiko kideak eta Baudoinek.
Terrorismoaren aurkako borrokaren izenean, «askatasunen gainetik pasaz», legediari salbuespen batzuk gehitzen direla azaldu zuten. Baina, terrorismo hitzak nazioartean adosturiko definizio zehatzik ez ukanki, termino «oso anbiguoa» dela dio Urizarrek, eta «barnean edozein gauza sar daitekeen hitz bat» da Baudoinen arabera ere. Azkenean, «pertsonaren arabera, delitu komuna, delitu terrorista bilakatzen dela» zehaztu zuen Urizarrek. Dena ETA da printzipioarekin elkarteetako militanteak «talde terroristako kide» bilakatu direla eta militanteak «ETAko militantetzat» jotzen direla gaitzetsi zuen. Salbuespeneko legedia horiek xede den bake prozesu demokratikoari begira «oztopoak» direla salatu zuen Anais Funosas Askatasuneko bozeramaileak.
Euroagindua, tresna politikoa
Euroaginduaren prozedurari zentratuz, tresna juridiko bat izateaz gain, politikoa ere badela zehaztu zuen Rekartek. Estatuek erabilpen politikoa egiten dutela azaldu, eta argi utzi zuen euskaldunek ere tresna politiko gisa erabili behar zutela: «Espainian gertatzen dena agerian uzteko». Hala nola euroaginduak maiz torturapean lortu deklarazioetan oinarritzen direnez, Espainiaratzea ezin daitekeela onartu azaltzen dio aldi oro defentsak epaileari. Baina, euroagindua estatuen arteko konfiantzan oinarritzen denez, epaileek zehaztasun horietan sartu nahi ez dutela gaitzetsi zuen Rekartek. Gainera, terrorismoaren kasuan, inkriminazio bikoitzaren printzipioa desagertzen denez, ez da begiratzen leporatutakoa atxilotua izan den herrian delitu den. Hori dela eta, horregatik dira onartzen, «nahiz eskubideak urratu», Martinen eta Hego Euskal Herriko militanteen Espainiaratzeak.
Definiziorik gabeko hitza
Salbuespeneko legediaz eta eskubide demokratikoez aritu ziren atzo goizean, euroaginduaren aurka antolaturiko egunaren kari egin mahai inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu