Definiziorik gabeko hitza

Salbuespeneko legediaz eta eskubide demokratikoez aritu ziren atzo goizean, euroaginduaren aurka antolaturiko egunaren kari burutu mahai inguruan.

Urizar eta Baudoin, atzoko mahai inguruetako batean. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Miarritze
2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Legedia salbuezpenezkoa bilakatzen denean, orduan eskubideak urratzen dira», Patrick Baudoin Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Federazioko ohorezko presidentearen hitzetan. Argi azaldu zuten lotura hori atzoko lehen mahai inguruan, Amaia Rekarte Aurore Martinen abokatak, Iratxe Urizar abokata eta Behatokiako kideak eta Baudoinek.

Terrorismoaren aurkako borrokaren izenean, «askatasunen gainetik pasaz», legediari salbuespen batzuk gehitzen direla azaldu zuten. Baina, terrorismo hitzak nazioartean adosturiko definizio zehatzik ez ukanki, termino «oso anbigua» dela dio Urizarrek eta «barnean edozein gauza sar daitekeen hitz bat» da Baudoinen arabera ere. Azkenean, «pertsonaren arabera, delitu komuna, delitu terrorista bilakatzen dela» zehaztu zuen Urizarrek. Dena ETA da printzipioarekin, elkarteetako militanteak «talde terroristako kide» bilakatu direla eta militanteak «ETAko militantetzat» jotzen direla gaitzetsi zuen. Salbuespeneko legedia horiek xede den bake prozesu demokratikoari begira «oztopoak» direla salatu zuen Anais Funosas Askatasuneko bozeramaileak.

Euroagindua, tresna politikoa

Euroaginduaren prozedurari zentratuz, tresna juridiko bat izateaz gain, politikoa ere dela zehaztu zuen Rekartek. Estatuek erabilpen politikoa egiten dutela azaldu eta, argi utzi zuen euskaldunek ere tresna politiko gisa erabili behar zutela: «Espainian gertatzen dena agerian uzteko». Hala nola, euroaginduak maiz tortura pean lortu deklarazioetan oinarritzen direnez, Espainiaratzea ezin daitekeela onartu azaltzen dio aldi oro defentsak epaileari. Baina, euroagindua Estatuen arteko konfiantzan oinarritzen denez, epaileek zehaztasun horietan sartu nahi ez dutela gaitzetsi zuen Rekartek. Gainera, terrorismoaren kasuan, inkriminazio bikoitzaren printzipioa desagertzen denez, leporatutakoa atxilotua izan den herrian delitu den ez da begiratzen. Hori dela eta, horregatik dira onartzen, «nahiz eskubideak urratu», Martin edota Hego Euskal Herriko militanteen Espainiaratzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.