Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) lotu nahi dituen goi tentsioko linearen proiektuari eutsi dio Red Electrica de Españak. Horixe salatu du Autopista Elektrikorik Ez plataformako aholkulari Alberto Friasek. Ekainaren 30ean amaitu zen Espainiako Gobernuak enpresa horri plangintza berria aurkezteko eman zion epea, eta Friasek azaldu duenez, egin du jada. Plangintza berria aurkeztu, eta aurrekoan bezala, Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko proiektua jaso du.
"Espainiako Gobernuaren esku dago orain plangintza hori onartzea edo ez", azaldu du Friasek. Espainiak oniritzia ematen badio proiektuari, goi tentsioko lineak ingurumenean eraginen lukeen kalteari buruzko txostena aurkeztu beharko luke Red Electrica de Españak, eta ondorioz, linea horrek eginen lukeen bidea zehaztu. "Lau-bost hilabeteko epea beharko dutela aurreikusten dugu. Ez dugu baztertzen, hala ere, txostena udan aurkezteko aukera, mundu guztia oporretan dagoela profitatuz. Iaz ere horixe egin zuten aurreko proiektuarekin", erran du Friasek.
Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideek gogor kritikatu dute Nafarroako Gobernuak izan duen jarrera, batetik, proiektuari babesa eman diolako, eta bertzetik, Yolanda Barcina presidenteak ez duelako plataformako kideekin bilera egin nahi izan.