Ez du amore eman nahi. Red Electrica de Españak berriz aurkeztu du Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) artean goi tentsioko linea egiteko proiektua, Autopista Elektrikorik Ez plataformak jakinarazi duenez. Iaz onartu zuen enpresak egitasmo hori lehendabizikoz, baina apirilean bertan behera utzi zuen Espainiako Gobernuak, Industria Ministerioak onartutako dekretu baten bidez.
Espainiako Gobernuak ekainaren 30era bitarteko epea eman zion Red Electrica de Españari bertze plangintza bat aurkezteko. «Enpresak aurkeztu du bertze plangintza hori, eta bertan jaso du, berriz ere, Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko goi tentsioko linea egiteko asmoa». Halaxe azaldu du Alberto Friasek, Autopista Elektrikorik Ez plataformako aholkulariak. Enpresak urrats hori egin izana salatu du: «Proiektu horren atzean burbuila elektrikoa baino ez dago; kontsumoari dagokionez, goi tentsioko linea hori egiteko inolako beharrik ez dago», nabarmendu du.
Gogor kritikatu du, gainera, Nafarroako Gobernuak proiektu horri babesa eman izana. Red Electrica de España eta Iberdrola enpresetako arduradunekin bilerak egin ditu Nafarroako presidente Yolanda Barcinak. Plataformako kideek ere bilera eskatu diote Nafarroako Gobernuko buruari, baina ezezkoa jaso dute, Barcinaren «agenda arazoengatik».
«Herritarrei bizkarra eman die Nafarroako presidenteak. Bizkarra eman die, halaber, plataforman diren Nafarroako 169 udal eta kontzejuei», erran du Friasek. Paperean ere jaso du Autopista Elektrikorik Ez plataformak Barcinaren ezezkoaren harira daukan kexa, eta Nafarroako Gobernuko erregistroan aurkeztu du.
Red Electrica de Españak plangintza berria aurkeztu eta gero, Espainiako Gobernuari dagokio orain proposamen horri oniritzia eman edo ez erabakitzea. «Ematen du gaia nahiko hitzartua dutela», ohartarazi du Friasek. Espainiako Gobernuak orain aurkeztutako plangintza onartuko balu, goi tentsioko lineak ingurumenean eraginen lukeen kalteari buruzko txostena egitea izanen litzateke hurrengo urratsa. Txosten horrekin batera zehaztuko luke Red Electrica de Españak Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko goi tentsioko lineak zer bide eginen lukeen.
«Uste dugu lauzpabost hilabeteko epea beharko duela enpresak txosten hori aurkezteko», azaldu du Alberto Friasek. Nolanahi ere, lehenago egiteko aukera ez du baztertu Autopista Elektrikorik Ez plataformak. «Iazko proiektua udan aurkeztu zuten, eta oraingoan ere ez dugu baztertzen enpresak modu berean jokatzea eta txostena jendea oporretan dagoenean aurkeztea». Isilkeriaz jokatu izana leporatu diote Red Electrica de Españari.
Proiektuaren aurka egiteko asmoa berretsi du plataformak. «Nafarroako Gobernua prest da lurraldea enpresa pribatu bati saltzeko, baina gu ez; guk ez dugu lurraldea sakrifikatu nahi», nabarmendu du Friasek.
Kontsumoak, behera
Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideek hasierako proiektuaren aurkako argudioak berretsi dituzte. «Goi tentsioko linea ez da beharrezkoa». Espainiako Gobernuak ere, apirileko dekretuaren bidez, argudio horrekin bat egin zuela nabarmendu du plataformako aholkulariak. Izan ere, Red Electrica de Españari bertze plangintza bat egiteko agintzeko arrazoia horixe izan zen. Krisiaren eraginez argindar kontsumoa jaitsi egin dela, eta egoera berri horretara «egokitzeko beharra» jarri zuen dekretuak mahai gainean.
Espainiako Gobernuak 2008-2016rako egindako iragarpena zen kontsumo elektrikoa %3,2 handitzea; 2008tik 2011ra, ordea, txikitu egin da, %3,8. Datuei so,Friasek erran du Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko goi tentsioko linea egiteko arrazoia enpresen etekinak handitzea baino ez de-la.
Nafarroako Gobernuarekin ez du bilera egitea lortu Autopista Elektrikorik Ez plataformak. Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin, ordea, bai. «Laguntza eskaini digu Gipuzkoako Foru Aldundiak; Eusko Jaurlaritzak, berriz, argi utzi du proiektua babesten duela, Espainiako aurreko gobernuak bultzatu zuelako».
Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko proiektuari eutsiko dio Red Electricak
Proiektuaren aurkako taldeak salatu du goi tentsioko linea egiteko asmoa berretsi duela enpresak plan berrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu