Martin Ugalde Kultur Parkearen kontrako operazioa

Del Olmo epaileak miatutako bederatzi enpresei buruzko informazioa eskatu dio Gipuzkoako Diputazioari

'Egunkaria'-rekin eta Martin Ugalde Kultur Parkearekin lotura duten euskal kulturgintzako hainbat enpresen aurkako operazioa gidatzen ari den Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak enpresa horiei buruzko informazio fiskala eskatu dio Gipuzkoako Diputazioari. Hala jakinarazi du gaur Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiak; halaber, enpresa horiek "ixtera" zigortu nahi dituztela salatu du.

2003ko urriaren 22a
19:45
Entzun
Txabarrik azaldu duenez, iragan ostiralean iritsi zitzaien miatutako bederatzi enpresei buruzko informazio fiskala emateko eskaera; halaber, idatzi berean, enpresa horien kontuak blokatuta zeudela eta bahimenduak izango zirela iragartzen zuen Del Olmok.

Hori dela eta, euskal kulturgintzako enpresa horiek "ixtera" zigortu nahi dituztela iritzio dio Gipuzkoako ahaldu nagusiak.

Nolanahi ere, Gipuzkako Diputazioak enpresa horiei buruz dituen datu fiskalek Del Olmoren akusazioak bertan behera lagatzen dituela nabarmendu du Txabarrik, hain justu, Diputazioko iturriek joan den astean plazaratutako informazioa berretsiz. Izan ere, Diputazioak ez dauka enpresa horiek delitu fiskalak egin dituztela pentsatzeko zantzuriK; aitzitik, kontuak argi dituztela azpimarratu du.

Del Olmok agindutako azken operazioa hau "neurriz kanpokoa" iruditu zaio Gipuzkoako ahaldun nagusiari; hain zuzen ere, bederatzi atxilotuei egozten zaizkien delituak eta haien kontra hartu diren neurriak —besteak beste, lege antiterrorista ezartzea eta bost eguneko inkomunikazioa— ez datozela bat esan du.

Euskal kulturgintzako enpresa horiek jasaten ari diren "jazarpenak" "mina" sortu diotela adierazi du Txabarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.