Andoainen pezeta bizirik zegoen aroan gertatu zen —eta Heletan, libera—. Mesede bat eskatu nion lankide nuen eta lagun dudan kazetari bati: 25.000 pezeta marko alemanetara aldatzea. Azken orduko kontua zen, nik ezin egin nezakeena. Berak egingo zuen diru trukea aurrezki kutxan.
Biharamunean lanera heldu eta harengana jo nuen dirua jasotzera. «Hor utzi diat». «Non?». «Ordenagailuaren ondoan». Nire mahaira joan eta hantxe gutun azala, teklatuaren gainean. Ireki eta barruan ia 300 marko. Lagunak goizeko hamarretan utzi zituen sosak, eta nik ordu bietan hartu. Lau orduz sobrea hor, tirantezko galtza laranjaz jantzirik, libro libro. Berarengana itzuli nintzen, zur eta lur. «Baina nolaz bururatu zaizu dirua hor lagatzea, lau orduz!». Erantzuna: «Euskaldunak gaituk! Hemen ez zegok lapurrik». Xalo-xalo bota zuen kutsu etnizista sabinianoa zerion esaldia —euskaldunak, izatez, onak dira; gaiztoak, maketoak ditugu—. Arrazistatzat joko nukeen azken pertsona da. Hala ere, ideia hori barneratua zuen, inkontzienteki: euskaldunok garbiak gara naturaz, orban eta tatxarik gabeak.
Badakigu ez dela egia, ordea. Zer ari gara orduan? Euskaldun guztiak ez dira onak. Kontrakoa esatea engainagarria da. Hona etorri diren pertsona guztiak onak direla pentsatzea bezain. Euskaldun batzuk zintzoak dira, bihotz onekoak, eskuzabalak, sentiberak, irekiak. Beste batzuk, ostera, gaiztoak, berekoiak, zitalak, lapurrak. Halaber, kanpotik iritsi direnen artean ere denetik dago. Hau ez da Arkadia. Hau gure lur zikin ederra da.
Duela hiru hamarkada gertatutako pasadizoaz gomutatu naiz egunotan, Espainiako Gobernuak etorkinak erregularizatzeko abiarazitako prozesua dela eta. Neurriaren aurkako iritziak entzun dira. Arrazista hutsak batzuk; krudelkeriaren mugetan daudenak. Horrek ez nau harritu. Bai, aldiz, ezkerretik zenbaitzuek hedatu duten mezuak, Espainian zein Euskal Herrian.
Osatzen ari zaigun errealitate sozial berria onartu beharra dugu. Eta hura denon artean moldatzeari ekin eta aurrera egin
«Alde hemendik fatxa guztiak! Horien hutsunea kanpotik etorri diren pertsona prestuekin beteko dugu», adierazi dute iturri horiek, migranteen artean fatxa bat bera ere egongo ez balitz bezala. Eta hortxe engainua. Nork dio etorkin guztiek ideia eta pentsaera onuragarri bezain aurrerakoiak dituztela, Kapitala, Bigarren sexua eta Bidaia Nafarroara euskaldunen oldartzearen denboran (1830-1835) liburuak besapean sartu direla? Are gutxiago lan horiek irakurrita —joka dezagun zintzo: gutako zenbatek leitu ditu hiru aleak oso-osorik? Nik neuk ez—.
Ez diezaiogun tranparik egin geure buruari. Migranteen erregularizazioa, paperak, eskubideak, bai. Baina pertsona horiek guztiak, per se, munduko onenak direla esan? Euskaldunok ere ez gara halakoak. Horrek etorkizunean nola eragingo digun, hortxe dago koska. Edozein gizarte balio komun batzuen inguruan kohesionatzen da. Osatzen ari zaigun errealitate sozial berria onartu beharra dugu. Eta hura denon artean moldatzeari ekin eta aurrera egin. Hori guztia kudeatzen asmatu, kontu hau buruan: pertsona batzuen jaioterrian onartuak izan litezkeen zenbait pentsamoldek ez dute zertan hemen pixkanaka-pixkanaka eta kostata nagusitzen ari direnekin bat egin.
Izan ere, akaso uste dugu migrante guztiak abortuaren alde daudela? Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erabatekoaren alde? LGBTI kolektiboaren eskubideen alde? Irakaskuntza eta osasungintza publikoen alde? Justizia sozialaren alde? —hobe (eko)sozialismoa ez aipatu—. Laizismoaren alde? Ez. Demagun esaten digutela hemen bizi diren lagun guztiak aurrerakoiak direla. Derragun ezetz. Demagun esaten digutela etorri diren lagun guztiak aurrerakoiak direla. Derragun ezetz.
Duela bi aste behor batzuk lapurtu nahi izan zizkieten, gauez, Osintxuko (Bergara) bi anaiari. Hedabideen arabera, poliziak garaiz heldu ziren lekura. Ustezko lapurrak identifikatu eta libre utzi zituzten. Lizarrakoak eta Altsasukoak ziren. Baserritarretako batek haien datuen berri eman zuen: «Nafarrak ziren denak, euskal izen-abizenekin».