Soziologoa eta ikerlaria CSIC-en

Javier Gil: «Demokrazia eraldatzeko abagune bat da etxebizitzaren krisia»

Gilek 'Generación inquilina' liburuan bildu ditu ikerlari eta militante modura ikasitakoak. Etxebizitzarena krisi politiko bat dela dio, eta «paradigma berri bat» proposatu du: inbertsio funts publiko bat sortzea, alokairu eskuragarriak bermatzeko.

Javier Gil, 'Generación inquilina' liburua eskuan duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Javier Gil, 'Generación inquilina' liburua eskuan duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
Donostia
2026ko apirilaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Generación inquilina liburua argitaratu duenetik, geratu gabe dabil Javier Gil (Madril, 1985). Elkarrizketak, hitzaldiak, aurkezpenak han eta hemen... galderei erantzuteko duen argitasunak eta abiadak, ordea, agerian uzten dute halakoetan trebatuta dagoela. Urteak daramatza etxe eskubidearen aldeko borrokan: Madrilgo Maizterren Sindikatuko bozeramaile izandakoa da, eta ikerlari egiten du lan CSIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusian. Liburua Donostian aurkeztu aurreko kafean elkartu da BERRIArekin.

Nor da maizterren belaunaldikoa?

Bere baliabide propioekin etxe bat jabetzan izaterik ez duen oro. 2008an jaio zen, nagusiki gazteen artean, baina horiek helduago bilakatu ahala, maizterren belaunaldi bezala finkatu dira, eta belaunaldi berriak ere batu zaizkie. Herritar horiek alokairuan bizi dira, baina ez hala nahi dutelako, jabetza eskuratzerik ez dutelako baizik. Jabetzatik kanporatuta daude, euren soldatekin ezin dutelako etxe bat ordaindu. Izan ere, etxeen prezioak espekulatzeko inbertsioek zehazten dituzte, nagusiki; eskari handia dago, baina ez etxeak bizitoki modura erabiltzeko. Horrek higiezinen boom berria aktibatzea eta prezioak garestitzea eragin du.

Zaku berean sartzen dituzu belaunaldi horretako kide guztiak?

Bai. Oso talde heterogeneoa dela diot: adin, jatorri, egoera ekonomiko eta kultura ezberdinetako pertsonak daude. Baina guztiek problematika berari egin behar diote aurre: alokairuan bizitzeak pobreago egiten ditu, bizitza ezegonkorrak izatera behartzen ditu, eta prekarizatu egiten ditu.

«Berdin du zenbat ikasten duzun, zenbat lan egiten duzun, zenbat saiatzen zaren, bi edo hiru enplegu dituzun... Egungo soldatekin ezin da etxebizitza bat ordaindu»

Meritokraziaren kontakizuna amaitu da?

Erabat. Desberdinkeria meritokraziaren terminoetan justifikatzen eta zilegitzen duen gizarte batean bizi gara, eta hori apurtzen ari da. Geroz eta nabariagoa da: berdin du zenbat ikasten duzun, zenbat lan egiten duzun, zenbat saiatzen zaren, bi edo hiru enplegu dituzun... egungo soldatekin ezin da etxebizitza bat ordaindu. Beraz, egiturazko deskonexio bat dago, eta horrek, noski, gizarteak erdigunean kokatzen dituen balioak hausten ditu, eta erakundeen kontrako erreakzioa eragiten du. Alderdi asko, PSOE adibidez, boto emaileen oinarria galtzen ari dira, ez dutelako benetako konponbiderik eskaintzen.

Dena den, EAEn, esaterako, familien %83k jabetzan dute etxea. Hori ere bukatuko da?

Jabeen gizarte batean bizi gara, bai, baina azkar erortzen ari da. Espainiako datu ofizialen arabera, 2008an gazteen %28 bizi ziren alokairuan; orain %58 dira. Ikusgarria da! Hori gertatzen da lehen hiru urteko soldatarekin etxe bat eros zenezakeelako, eta orain, Donostia bezalako hiri batean, hogei urtekoa behar duzulako.

Etxebizitza, jabetzan, bizitoki izateaz gain, finantza aktibo baliotsuena da askorentzat.

2008. urtearen aurreko hamarkadetan saldu ziguten proiektu neoliberala da hori. Garai hartan, etxebizitza jabetzan erosi ahal izatea langile mugimendua garaitzeko metodo bat izan zen. Desjabetze eta pobretze prozesu bat zen, baina gizarteari esan zioten: «Ez kezkatu, ongizate estatua eta sindikatua kenduko dizkizut, baina ordainetan mailegu bat emango dizut etxea jabetzan eros dezazun. Etxeen prezioak ez dira inoiz jaitsiko, etengabe haziko dira, eta horrek ahalbidetuko dizu zure ondarea handitzea, ez zure lanak». Orduan, lehen ongizate estatuak eta sindikatuek betetzen zuten tokia etxearen jabetzak bete zuen. Oraingo belaunaldiek ez dute ez bata, ez bestea.

Emantzipatu daitezen, guraso askok dirua eman behar izaten diete seme-alabei.

Guraso horiek ere pentsatu dute: «Nire seme-alabek ikasi ahal izango dute, lan on bat lortu, eta bizitza eroso bat izan». Baina, errealitatean, eurek lagundu behar diete etxetik alde egiten. Orduan hasten dira aparatu ideologikoetan arrakalak agertzen.

«Politikari baten borondatea ez da nahikoa errentadunen planifikazioa aldatzeko, atzean egitura politiko, instituzional eta ekonomiko oso bat baitago hori bermatzeko diseinatua»

Erakunde publikoak ari dira neurriak hartzen. Nahikoak?

Inondik inora ere ez. Espainiako kasuan, [Mariano] Rajoyk higiezinen merkatuan esku hartze erraldoi bat egin zuen 2012-2013 artean, eta orduan hartutako erabaki askori ez zaie buelta eman; esate baterako, higiezinen merkatuan inbertitzeko sozietate anonimo kotizatuak existitzen dira oraindik. Kontua, orain, ez da hori guztia amaitzea bakarrik, baizik eragin duen kalteari buelta ematea. Hori ezin da neurri batekin edo birekin egin. Esku hartze oso bat behar dugu, estatuari exijituko diona aurrerapauso bat ematea, espekulatzaileei jarri zitzaien alfonbra gorria kentzeko, etxebizitza eskubide bezala bermatzeko eta inbertsio funtsak bidaltzeko.

Ez dago gauzak benetan aldatzeko borondate politikorik?

2008tik aurrera estatu kolpe finantzario bat eman zen. Langile mugimenduaren porrot historiko bat izan zen, ez zegoelako gizartea beste norabide batean joatera behartzeko indarra zuen kontrabotererik. Hori dela eta, benetan politikarien erabakietan eragiteko boterea dutenek are indar handiagoa hartu zuten, nagusiki inbertsio funtsek, hau da, nazioarteko oligarkia handien diruaz elikatzen direnek. Horrek berekin ekarri du eliteak geroz eta aberatsagoak izatea, eta, aldi berean, gizartea haustea. Politikari baten borondatea ez da nahikoa errentadunen planifikazioa aldatzeko, atzean egitura politiko, instituzional eta ekonomiko oso bat baitago hori bermatzeko diseinatua.

Badaude kasu larriak, baina Euskal Herrian inbertsio funtsen esku hartzeak ez dira asko izan. Hala ere eragin handia dute?

Madrilen, adibidez, Blackstonek oraintxe atera du merkatura erosi zuen lehen etxe sorta. 1.800 etxebizitza dira, eta 68.000 euroan erosi zuen bakoitza. Orain 300.000n saldu nahi dituzte. Ostia, nazioartean ez dago hamahiru urtean horrelako errentagarritasunik emango dizun merkaturik. Astakeria da!

Etxebizitzen merkatuak espektatiben arabera funtzionatzen du: toki batean prezioak igotzen hasten badira, besteetan ere bai. Putre funtsek ez dute merkatu osoa kontrolatzeko beharrik prezioak igoarazteko.

Erakundeek behin eta berriro errepikatzen dute gehiago eraikitzea ezinbestekoa dela eskaintza handitzeko. Liburuan diozu 2008. urtearen aurretik ere gauza bera gertatzen zela.

Eskaintza eta eskariarena oso intuitiboa da, eta erraza da herritarrek diskurtso hori ontzat ematea. Espainian, 2006an, etxebizitzen %20 azken sei urteetan eraikitakoak ziren; eskaintza %20 handitu zen, baina prezioak bikoiztu egin ziren.

Eskaintza-eskari kontua dela ontzat emango bagenu ere, eskari hori espekulatiboa da. Prezioak garestitzea eragiten ari den eskaria etxebizitza inbertsio modura erosten dutenena da, ez etxebizitza bizitzeko nahi dutenena. Ezberdindu egin behar da: ez da gauza bera hamar lagunek eraikin bat bizitzeko erostea, edo batek eraikin osoa erostea pisu turistikoak egiteko. Eskaria da, bai, noski badela, baina batak eta besteak dituzten eragin sozioekonomikoek ez dute zerikusirik.

«Zertarako eraiki tentsio handiko hirien kanpoaldean, etxe horiek ere milioi erdi euroan saltzekoak badira?»

Aipatu duzu eraikitzeko neurriak ere malgutzen dituztela. Eusko Jaurlaritzak horretarako lege bat onartu berri du.

Hori eraikuntza enpresei diskurtsoa erostea da, gehiago eraikitzeak ez baitu prezioak jaistea eragingo. Ikusten ari gara herri askotan, biztanleen kopuruak behera egin arren, etxeen prezioak %50 garestitu direla. Toki batzuetan bai, demografiak behartzen gaitu gehiago eraikitzera, baina horrekin soilik ez da nahikoa. Zertarako eraiki tentsio handiko hirien kanpoaldean, etxe horiek ere milioi erdi euroan saltzekoak badira? Hori da eskaria murriztuko duen eskaintza?

Zer egin beharko lukete, orduan, erakunde publikoek?

Etxebizitzaren paradigma berri bat proposatu dut liburuan, erregulazio oso bat. Hasteko, erabilera espekulatiboak zigortu beharko lirateke, etxeak bizitzeko izan daitezen. Erabilera turistikoak, aldi baterako alokairuak, logelaka alokatzen diren etxebizitzak... jabeek irabaziak maximizatzeko moduak dira, eta etxebizitza horiek guztiak Hiri Errentamenduen Legearen eraginpean jarri beharko lirateke. Alokairuek mugagabeak izan beharko lukete, noski, eta alokairuen prezioak ere legez jaitsi beharko lirateke. Baldin badakigu eskari espekulatiboak prezioak garestitzea eragin duela, legez zuzendu behar da. Eta hobe lehertu baino lehen egitea, lehenago edo beranduago iritsiko baita beste krisi bat.

Estatuak etxebizitza enpresa publikoak sustatzea proposatu duzu.

Bai, etxebizitza kooperatibak; ez dute zertan erakundeenak izan: hirugarren sektorearekin osatu daitezke, elkarteekin, kooperatibekin... Jabetza kolektiboaren alde egin behar da, prezioak merkatuak ezar ez ditzan. Eta hau da garrantzitsuena: nik inbertsio funts publiko bat sortzea proposatzen dut, putre funtsek egiten dutena egingo duena, baina etxebizitza parke publiko bat izateko, alokairuan bizi nahi duen jendearentzat. Maizterrek jakin dezatela etxebizitza horietan soldataren zati txikiagoa bideratu beharko dutela alokairura, kontratu mugagabea izango dutela, euren beharrak aldatzen badira kooperatibako beste etxebizitza batera mugitu ahalko direla, alokairu horrekin parke publikoa handitzeko ekarpena egingo dutela eta, hori handitu ahala, geroz eta eskubide gehiago izango dituztela. Etxebizitza, eskubide moduan, osasungintzaren edo hezkuntzaren pare jartzea da.

Hori ezinezkoa dela esango dizute askok.

Nahi denean, ahal da. Finantzatzea ez da horren zaila: hartu dezagun bankuak erreskatatzeko erabili zen dirua. Jada mugitu izan dira diru kantitate horiek, ez naiz ezer asmatzen ari. Orain ere, Europako Batasuneko herrialdeek fiskalitatea saltatu dezakete gerra finantzatzeko. Gerrarako bai, baina etxebizitzarako ez? Errealitatean, gainera, inbertsio bat da: ez naiz dohaintzan emateko eskatzen ari; alokairua, etxe jabeei ordaindu beharrean, estatuari ordainduko liokete, eta, horri esker, etxebizitza publiko gehiago erosi edo eraiki ahalko lirateke. Suitzan eta Vienan hori egiten dute.

2008. urtetik gobernuen eta banku zentralen funtzioa aktibo finantzarioen balioa mantentzea izan dela diozu. Azaltzerik bai?

2008tik, erakundeen esku hartzeak errentagarritasun ekonomikoa bermatzera bideratuta daude, eta balio nagusia etxebizitza da. Hori, geroz eta gehiago, herritarren kontura egiten da, eta horrek tentsio soziala sortzen du. Ezinegona. Ongizate estatua geroz eta okerragoa da, eta estatua da, gainera, hori eragiten ari dena. Hortik sortu da eskuin muturraren hazkundea. Etxebizitzaren krisia krisi politiko bat da.

«Jendea nazkatuta dago, zentzu komuna aldatzen ari da, eta hori da [aldaketarako] ezinbesteko osagaia»

Diozunez, sindikatuen erronketako bat etxebizitzaren arazoa kolektiboa dela ulertaraztea da. Nola lor daiteke hori?

Jende asko dago etxejabearen burofax bat jaso duena eta telebista jartzean maizterren sindikatu bat ikustean identifikatua sentitu dena. Horretarako, noski, ezinbestekoa da sindikatu indartsuak izatea, langile mugimenduak historiako beste garai batzuetan egindako borrokak aurrera eramatea ahalbidetuko dutenak. Ez dugu kontraboterea izan daitekeen sindikatu indartsurik.

Desobedientziaren alde egin duzu.

Bai, jakina. Desobedientzia zibila oinarrizkoa da. Behar duguna da etxejabeak deitzen dizunean esatea: «Ez, ordaindu dezaket igoera, baina ez dut ordainduko. Ez dut diru hori kenduko ez nire oporralditik, ez zinetik, ez garagardoetatik. Egiten ari zarenak ez du barkamenik. Eta berdin dit bota nahi banauzu ere; hemen geratuko naiz; sindikatuarekin batu eta borroka egingo dut». Erantzun hori hedatzen denean eta horren inguruan kultura bat sortzen denean, orduan hasiko dira gauzak aldatzen.

Aukera historiko bat dela diozu, maizterren belaunaldiak duela aldaketaren giltza.

Maizterren belaunaldia, antolatzen denean, desobeditzen duenean eta borroka egiten duenean, subjektu politiko bilakatzen da. Historian, momentu horiek izan dira gizartea transformatu dutenak. Horixe behar dugu. Sindikatuak eratzea, elkartasun modu berriak hedatzea, zilegi eta justua zer den ulertzeko modu berriak; hori da beharrezkoa aldaketa sozial handiago bat lortzeko.

Jendea nazkatuta dago, zentzu komuna aldatzen ari da, eta hori da ezinbesteko osagaia. Horregatik, uste dut baikorrak izan behar dugula, eta ortzi mugan abagune handi bat dugula, etxebizitzarekin gertatzen ari denari esker, higiezinen merkatua aldatzeari esker, demokrazia eraldatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA