Hiru jarrera daude demokraziari begiratzeko: legitimitatea, babesa eta lotura afektiboa. Bereizi beharreko hiru dimentsio dira, eta bakoitzak eragina izanen du demokraziari begiratzeko moduan; are, krisi demokratikoa ulertzeko moduan. Horixe da Arantzazulab laborategiak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak egindako ikerketaren ondorioetako bat. Izan ere, demokraziaren gaineko iritzi sozialak aztertu dituzte, eta liburu bat ondu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ateratako ondorioekin: Democracia y cultura política (Demokrazia eta kultura politikoa). Iritzi sozial horiek ulertzeko saiakera bat da egindakoa, eta lan kolektiboan parte hartu duten bi kide dira Leyre Arrieta Alberdi (Mutriku, Gipuzkoa, 1971) eta Naiara Goia Aimar (Segura, Gipuzkoa, 1968). Argi daukate biek: «Bizi ditugun garaiak ez dira errazak demokraziarentzat; ezta guratzat ere, hari begira jartzeko».
Kolapso demokratiko batean kokatu duzue zuen ikerketa, eta ondorioztatu duzue eszeptizismoz begiratzen zaiola demokraziari, hau da, ikuspuntu bat baino gehiago daudela haren guruan. Zein, adibidez?
NAIARA GOIA: Bakoitzak modu batean interpretatzen du kolapso demokratikoa. Bi ikuspegi daude. Alde teorikoak esaten du globalizazioak eta merkatuaren logikak estatuen eta gobernuen gaitasuna ahuldu dutela, eta horrek krisi demokratikoa eragin duela. Eta beste ikuspegi batek, enpirikoago batek-edo, onartzen du badaudela arazo batzuk, baina ez du uste kolapso demokratiko bat denik. Alegia, egoera koiuntural batean gaudela esaten du, eta gainbehera bat izan daitekeela, baina ez krisi bat.
Baina zuen ustez existitzen da krisia, eta izendatu dituzue haren faktore eragile batzuk: teknokrazia ekonomikoa, digitalizazioa, aldaketa kulturalak, harremanak izateko moduak, krisi ekologikoa... Hauteskundeetako abstentzioa baino ondorio gehiago dauzka horrek, ezta?
GOIA: Agenda politiko bat daukagu mahai gainean, eta gizartean sekulako eraldaketa gertatzen ari da; horrek ezinbestean eragiten du demokrazian. Dei dakioke krisia edo ez, baina badaude ebidentzia batzuk abstentzio horretatik harago doazenak: herritarren desafekzioa, bitartekaritza krisia, nazioarteko ordenaren gorabeherak, populismoaren gorakada, desinformazioa... Demokrazia ezinbestekoa da gainontzeko krisi guztiei erantzun ahal izateko.
Bitartekaritza krisi horrek lotura zuzena du herritarren eta alderdi politikoen arteko harremanekin. Gainbehera egin du horrek ere?
LEYRE ARRIETA: Ordezkatze sistema demokratiko tradizionalean, alderdi politikoei bitartekari lana aitortu zitzaien, eta orain lan hori kolokan jartzen ari dira. Eta hori bada gure beldurretako bat, zeren desafekzio horrek bidea zabal diezaioke populismoari, edota proiektu antidemokratikoei.
Bitartekaritza lanean ezinbertzekoak dira nola alderdi politikoak, hala hedabideak, baina herritarren kritiken jopuntuan dira orain. Krisiaren bertze adibide bat izan daiteke.
ARRIETA: Herritarrek uste dute alderdiek euren interesak jartzen dituztela gizartearen interesen aurretik, eta ez dutela entzuten. Bitartekaritza krisi honek zalantzan jartzen du demokraziaren funtsezko elementu bat: legitimitatea. Demokrazia liberala ordezkatze demokrazia da, edo hala izan beharko luke.
Eta nola ikusten dituzte erakunde publikoak?
ARRIETA: Ba, harrigarria da, baina inkestetan ikusten da euskal herritarrok oraindik baloratzen ditugula erakundeak. Alegia, alderdiekin ez bezala, konfiantza handia dagoela euskal erakundeengan.
Hor ez dago errendimendu krisirik?
GOIA: Hori alderdi politikoekin gertatzen da gehienbat, ez delako gauza bera herritarrek espero dutena eta alderdiek eman dezaketena edo ematen dutena. Eta desadostasun horrek sortzen du, hain zuzen ere, desafekzioa.
Halere, aparatu polikoen arteko lehia geroz eta handiagoa dela diozue.
GOIA: Ahalik eta jarraitzaile gehien lortzeko lehia bat bihurtu da joko zelaia, eta horretan aldaketa handia eragin dute sare sozialek. Orain bestelakoa da lehiatzeko era, eta alderdi politiko bakoitzak aldatu egin du jarraitzaileak lortzeko modua. Sare sozialetan oso erraza da aparatu politiko bati edo beste bati jarraitzea, edo adieraztea zer gustatu zaizun eta zer ez. Horrek instrumentalagoak bihurtu ditu alderdien eta herritarren arteko harremanak. Demokraziari buruzko itxaropen batzuk dauzkate gazteek, eta gero ikusten dute horiek ez direla betetzen. Ikuspegi hori hain instrumentala baldin bada, frustrazioa etortzen da gero. Eta horregatik gaurko inpaktu negatiboak.
Krisi demokratikoa areagotu eginen dela kontuan hartuta, zein dira aurreikusten dituzuen ondorioak?
GOIA: Alde batetik, instituzioen ahultzea. Egitura publikoek aitortu dute beraiek ez daukatela gaitasunik euren kabuz egungo agendaren konplexutasunari erantzuteko, eta horri gehitu behar zaio herritarren desafekzioaren kontua. Beste ondorio bat: eskuin muturraren gorakada. Hauteskundeen bidez legitimatzen dira gobernuak, baina praktikan eskubideak murrizten dituzten gobernuak dira, eta hori bada arrisku bat, baina ez urruna, zeren dagoeneko ari da gertatzen.
«Fikzio bat eraiki da demokraziaren gainean, eta gero ez dator bat errealitatearekin». Zertan ikus daiteke hori?
ARRIETA: Jokabide berezi bat ari gara garatzen, eta dena neurtzen dugu gure interesen arabera. Bere burua progresistatzat daukanak ere norbere interesei begiratuko die, eta horren arabera hartuko du erabaki bat edo beste. Eta ideia hori alor guztietara aplikatzen ari da, zer esanik ez politikara. Gure interesen arabera jardutea ez da guztiz demokratikoa, paradigma merkantilista bat baizik.
Horrek ere badauka lotura harremanekin. Geroz eta indibidualistagoak eta bakartuagoak dira harremanak, zuen ustez.
GOIA: Egitura sendoak ahuldu egin dira, eta oraingo harremantzeko modua askoz ere malguagoa da, aldi baterako balitz bezala. Eta zaila da konpromiso sakonak hartzea. Zentzua dauka horrek; bai, behintzat, kontuan hartzen badugu gizarte kontsumista batek gidatzen duela gure bizitzaren zentzua. Uste dut garrantzitsua dela Euskal Herriak komunitate izaera berreskuratzea, eta momentu ona dela inplikazioa eskatzeko eta sustatzeko.
Liburuan Nafarroa, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa falta dira Euskal Herriko ikerketa bat izateko. Ondorioak aldatuko lirateke markoa aldatuz gero?
GOIA: Uste dut datuak berdintsuak izango direla, krisi demokratikoa munduko herrialde demokratiko denetan gertatzen ari delako. Ez dakit zehazki nolakoa den Nafarroako edo Ipar Euskal Herriko egoera politikoa, guk berariaz ez baitugu lurralde horietan ikerketarik egin, baina interesgarria izango litzateke egitea, dudarik gabe.