Sabino Cuadra. Amaiurreko diputatua

«Demokraziaren tenplua dela diote, baina hori gezur biribila da»

Kongresuan komunikabideen fokuak hizlariengana eta legeetara zuzentzen dira, baina fokuetatik at bestelako gauzak gertatzen dira, eta Cuadrak ikasitako guztia kontatu du liburu batean.

joxerra senar
Iruñea
2014ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Iragan astean albiste izan zen Sabino Cuadra (Amurrio, 1949). Amaiurreko diputatuak Arrojado a los leones liburua (euskarazko esanahia: Lehoietara bota naute) kaleratu berri du. Apirilaren 21ean Jaenen (Andaluzia, Espainia) SAT sindikatuak antolatutako aurkezpen ekitaldian, guardia zibilen elkarteek eta eskuin muturreko taldeek istiluak sortu zituzten. SAT sindikatuko kideek uneoro defenditu zuten Cuadra: «Jabetzen zara badagoela Euskal Herriaren alde ateratzeko prest dagoen jendea. Buru gainean terrorismoaren mamu guztiak jarrita ere, adierazpen askatasuna defenditzen dute, eta ezkerreko eta alderdi subiranista bateko kide gisa aurkeztu. Elkartasun hori nabari duzu, eta eskertzekoa da».

Zergatik idatzi duzu liburua?

Batetik, Kongresua ez da lege fabrika bat bakarrik. Instituzio bat da, eta hor daude aztertzeko alderdiak, politikarien eta diputatuen estatusa, kafetegian eta pasabideetan mugitzen diren harremanak... Nik ikusi dudana kontatzea interesgarria da, irakurleak datu gehiago izan ditzan, komunikabideek normalean bakarrik kontatu ohi dutelako Kongresuko interbentzioak, legeak eta zuzenketak nolakoak diren...Bigarrenik, politikariok azaldu behar dugu zer egiten dugun. Ezkutuko lana eta barrutik bizi dudana kontatu nahi izan dut, eta, azken finean, kontuak eman.

Kongresuaren atarian bi lehoi daude, eta haietara bota zaituztela diozu: zer zara gladiadore ala martiri?

[Barre egiten du] Gladiadore txikia, baina Xabier Mikel eta bion artean batez besteko polita egiten dugu. Gladiadore moduan ikusten dut neure burua, eta ez biktima moduan. Lan egitera joan gara, gure herriaren eskakizunak defenditzera, salaketa lana eta elkartasun lana egitera. Bertan diren indar ezkertiar eta subiranistekin harremanak sendotzera eta Kongresutik kanpo direnekin zubi bat eraikitzera. Denon artean antzeko arazoak ditugulako.

Joan gaitezen urte batzuk atzera: Amaiurreko zerrendan joateko proposamenari baiezkoa eman zenion. Zure aurreikuspenak bete al dira?

Lehen uneetan aurreikuspen handirik ez nuen. Sorpresa izan zen neure burua Madrilera joateko proposatzea. Hasieran, beldur pixka bat banuen; zangoak ondo lotu lurrera, eta sortu genuen kuadrilla ikusita, lasaiago joan nintzen. Talde sendoa da, eta mota desberdineko lagunek osatua.

Madrilerako lehen bidaia hura gogoan, zer datorkizu burura?

Bagenekin parlamentu arrotz batera gindoazela eta politikarien mundua arrotzagoa zela. Hala ere, banuen azala gogortua. Administrazioan 30 urte neraman, eta politikariek egiten dutena hurbiletik ezagutzen nuen.

Administrazioan ikusitakoa Kongresuan ere errepikatzen al da?

Bai, nik esango nuke baietz. Nik administrazioan 30 urtean denetarik ikusi dut. Politikariek nola jokatzen duten legeekin, nola aldatzen diren iritziak egun batetik bestera, eta nola legeak gustukoak ez badira onartu bai baina gero ez dituzten betetzen. Pentsa Nafarroan azken urte hauetan zer gauza ikusi ditugun, eta Madrilgoa askoz potoloagoa bada ere, antzeko zerbait da.

Iritsi eta berehala, Amaiur talderik gabe. Zer ekarri du horrek? Baldintzatu zaituzte?

Bai, eta aldarrikatu behar da hori. Gu bosgarren indarra gara, eta EAJk zein UPDk baino diputatu gehiago ditugu; eurek bost dituzte, eta guk zazpi. Pentsa ezazu estatuko komunikabideetan, telebistetan, mahai inguru guztietan gu ez garela agertzen inon, eta beste alderdi txikiagoak bai. Arrazoi bat da talde propioa izateko eskubidea kendu digutela eta beste arrazoia da marjinalizazioa. Taldea bagenu, konbentzituta nago antzeko diskriminazioa genukeela. Taldea kenduta, lortu dute gure iritzia eta presentzia desagerraraztea.

Bazterketa hori paretsu izan da ala gogortu da urteotan?

Berdintsu. Lehen unean, morboagatik, ikusteko ea buztanik ba ote dugun ikusmina sortu zen, baina, hori pasata, pikutara. Desagerpena besterik ez. Horrelako komunikabideetan agertzen garen gehienetan, beti lotzen gaituzte indarkeriarekin, ETArekin, terrorismoarekin. Ez dute jartzen esaten duzuna, baizik zuk esaten duzunari emandako erantzuna.

Herritarrek Kongresua telebistatik ikusten dute. Nolakoa da?

Barrutik ikusten dituzu gauza asko kanpotik ikusten ez direnak. Kongresua iruzur bat da. Demokraziaren tenplua dela diote, baina hori gezur borobila da.

Iruzurra, zergatik?

Frankizia bat delako. Esaten dute bertan egiten direla legeak, baina legeak Bruselan egiten dira (finantza erreforma, lan erreforma, pentsioen erreforma...). Bestetik, beste botere faktikoak badira estatuan. Adibidez, abortuaren legea Elizak bultzatu du. Eta segurtasunaren legearen erreforma frankismoaren garaitik datozen estatuko aparatuek inposatu dute.

Presio talde horiek fisikoki lanean ikusten dituzu Kongresuan? Alderdien ateetan jotzen dute?

Adibide bat jarriko dut. Pentsioen erreforma eztabaidatu zenean, bageneraman urtebete bankuen propaganda jasotzen, pentsio funtsen ekitaldi batzuetan parte hartzeko eta denen artean aztertzeko. Ez naiz ekitaldi eta kongresu horietara joan, baina suposatzen dut diputatu ugari joan direla eta harremanak sortu direla. Hori ez da kasualitatea.

Asko hitz egiten da pasabideez. Hainbesteko zalaparta egoten da?

Negozioak pasabideetatik kanpo egiten dira, baina pasabideetan saltsa handia egoten da. Pasabideetan eta kafetegian. Gauza bitxiak eta barregarriak.

Muga politikoak hausten dira?

Neurri batean bai. Anekdotikoa da, hala ere. Kongresua hipokrisiaren tenplua da. Gauza bat da diskurtsoak nolakoak diren, baina gero, egunerokoan, diputatuen arteko tratuan hipokrisia da nagusi. «Zer moduz Osasuna?» edo «aurreko egunean alkatxofa batzuk oso onak jan nituen...». Politikaz hitz egiten baduzu ere, gauzak anekdotan geratzen dira.

Ezohiko harremanak badaude?

Alderdi guztiek gurekiko tratu normala dute. Baita PPkoek ere, salbuespenak salbuespen. Kongresuan mugitzen gara lasaitasun osoz, bi salbuespenekin:UPDrekin eta UPNrekin. Batez ere UPD. Ez digute ezta begiratu ere egiten. Ezta hitzik eman ere.

Legealdia berezia da. Txarrerako historikoa da?

Azken urte hauetan, jasandako kolpeak eta erasoak azken hamarkadetan jasotakoak baino handiagoak izan dira. Pikutara joan dira azken hamarkadetako eskubideak, eta oso denbora laburean. Hori ikusten da Kongresuan, baina batez ere kalean, fabriketan eta administrazioetan...

PPk gehiengo osoa du, eta nahi duena egin dezake. Inork pentsa dezake horretarako ez duela merezi Kongresura joatea. Zuentzat, hala eta guztiz ere, merezi du?

Derrigorrezkoa da galdera hori serioski planteatzea. Nik esango nuke baietz. Batetik, salaketa lan bat egiteko. Nire ustez, gobernuaren diskurtsoaren aurrean, diskurtso alternatibo bat jarri behar da, eta zure herriaren eskakizunak plazaratu. Bigarrenik, ezkerreko ikuspuntu subiranista batetik, besteek ez dezatela hitz egin zure izenean presoen egoeraz, Euskal Herriaren subiranotasunaz edo krisi ekonomikoaz. Interesgarria da borroka ideologikoa bertan egitea. Hirugarrenik, esparru bat da indar subiranistekin eta ezkertiarrekin harremanetan sartzeko eta indartzeko.

Zure diskurtsoa zuzena da. Baduzu baten bat oso gogoan?

Batzuetan prestatzen dut diskurtso bat eta uste dut gobernuaren gezurrak agerian utziko ditudala, baina gero ikusten duzu oihartzunik ez duela. Kontrakoa ere gertatzen da. Egun batean egiten duzu diskurtso apalago bat, eta agian esaldi bat sartzeagatik, izugarrizko oihartzuna izan du. Ni geratu naiz kontent hitzaldi guztiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.