«Denak dar-dar egin du»

Nafarroako Unibertsitateko langile, ikasle eta irakasleak egunerokotasunean murgilduta zeuden atzo 11:00etan, harik eta «dar-dar izugarri batek» dena hankaz gora jarri zuen arte.

JOXERRA SENAR IRUñEA
2008ko urriaren 31
00:00
Entzun
Oso azkar atera behar izan dugu. Denak dar dar egin du eta kristalak hautsi egin dira». Maria Jose Taborda beste bi lankiderekin dago hizketan euripean. Ordu erdi baino ez da iragan bonbak eztanda egin duenetik, eta oraindik urduritasuna nabari zaie hirurei. Kotxea jarri den tokitik gertu dagoen liburutegian egiten du lan. Danbatekoa gertatu den unean, bertan zegoen:«Inork ez digu ezer esan. Bonbari buruz ez dute ohartarazi».

Arrapaladan atera direnez, Tabordak poltsa bulegoan utzi behar izan du. Beste askok berokia edota ordenagailua piztuta utzi dute. «Udaltzainak agertu dira lehenik eta, beste bonbaren bat egon zitekeen beldur, eraikin zentral aurreko U itxurako aparkalekura joan gara. Toki horretan kotxeak kontrolatuta daude».

11:30etarako poliziak iritsita daude: udaltzainak, foruzainak, Espainiako poliziak eta guardia zibilak. Bonba jarri den aparkalekutik 300 bat metrora jarri dute hesia, eta urduri aginduak ematen hasi dira. Euripean, kezka aurpegiarekin Alfonso Sanchez Tabernero dago, Nafarroako Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako Errektoreordea. Bere bulegoa campuseko eraikin zentralean du, hain zuzen ere ETAk eraikin horretako alde baten aurka jarri du bonba. «Nire bulegoa lehen solairuan dago eta kalteak ez dira beheko solairukoak adinakoak izan, baina kristal guztia lehertu egin dira eta puskak nire idazmahai gainera eroridira». Zauririk ez du, baina, leherketa gertatu osteko ziurgabetasunaren ondorioz, kezkati nabari zaio.

Handik gertu Mari Jose Bailly-Bailliere Pertsonen Zuzendaritza Zerbitzuko azpizuzendaria Klinika Unibertsitariorantz doa: «Gure bulegoan hiru lagunek egiten dugu lan. Ni Faustino kafetegira joan naiz eta une horretan egin du eztanda. Gure bulegoan kristal guztiak hautsi egin dira, eta hor zegoen nire lankide batek ebakiak izan ditu». Ez dela ezer larria uste du.

Klinikatik gertu, Andrea Garcia Erizaintzako ikaslea telefonoz hizketan ari da. Euren eraikina urrun izan arren, ondo entzun dute: «Dardara bat nabaritu dugu, eta trumoi bat zela uste genuen, baina berehala ikusi dugu ke beltza».Arkitekturako ikasle den adiskide batekin mintzatu berri da: «Esan digu poliziek eraikinean egotera behartu dituztela. Oso izututa dago». Alboan Maria Rekaldek jakinarazi du Zientzia fakultatean bonba abisua eman dutela, eta azkar batean atera arren, inork ez zekiela ezer: «Kontrol falta apur bat egon da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.