Pello Jauregi. Proiektuaren zuzendaria

«Denei ezin diegu eskatu euskararen militante izatea»

Hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmoaren hipotesi bat baieztatu da, Jauregiren hitzetan: euskarari eusten dion gutxiengo aktiboaren jokabidera egokitu egiten dira gainerakoak.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2017ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Batera eta bestera dabil azkenaldian Pello Jauregi irakaslea (Pasaia, Gipuzkoa, 1958). Eusle metodologiarekin aritu da lanean urteotan, eta, besteak beste, Lasarte-Orian egindako egitasmoan ere bai. Antzeko printzipioak daude oinarrian, eta emaitzak ere gisakoak dira: erabilera igo egin da.

Gako bat sumatu duzue: baldintza sozial egokiak behar dira erabilera handitzeko. Zer baldintza?

Batetik, talde erabakia; bestetik, guztiek euskara ulertzea. Eskatzen dugu taldeak gehiengo kualifikatuz hartzea erabakia (%75), erresistentziazko jokaerak saihesteko. Taldeak bere gain hartzen du hizkuntza jokaera berri bat probatzeko erronka, eta horrek zilegitasuna ematen die halako jokabideei. Eusleak, horrela jokatuko duenak, badaki onarpena duela. Zama kentzen zaio, hortaz.

Hiru neurketa egin dituzue: egitasmo aurretik, egitasmoan, eta amaitu eta hiru hilabetera. Esan daiteke ohiturak finkatuak direla, edo eragin beharko da berriz?

Gure ustez, hiru hilabete esku hartzerik gabe egon eta hala jarraitu bada, ohitura hori finkatua dago. Nahiko epe da. Beste batzuek galdu egin dute ohitura aldi horretan. Bada jendea lortu ez duena ohitura finkatzea. Horrek esan nahi du esku hartze gehiago behar dela; bi hilabete ez dira aski hiztun tipologia guztietan ohitura berriak finkatzeko. Aztertzen ari gara nolako esku hartzea. Yin-yang ikuspegi bat daukagu: tartekatu behar dira esku hartzeak eta atsedenaldiak. Hau izango da hurrengo lan ildoa: plan integralak behar ditugu, lantegi osoetarako, ez sail baterako, bi-hiru urteko ikuspegiaz.

Euskaraz ulertzea da parte hartzeko baldintza. Badira, hala ere, euskaraz ulertzen ez duten multzo zabalak, baita lantegietan ere. Hasita zaudete lanean hor.

Ulerrizketa metodologia da bat: euskaldun pasiboentzat da, euskaraz erdizka ulertzen dutenentzat. Helburua da denbora laburrean, lankideen laguntzaz, ulermen arruntera iristea. Uler-saioak da bestea, euskaraz gutxi ulertzen dutenentzat. Espazio babestuak dira, non badagoen kanpoko pertsona bat euskara errazean egiten diena, denbora laburrean erdizkako ulermenera irits daitezen. Ulerrizketa-ra joko lukete gero.

Eusleak dira «printzipio aktibo». Hipotesia baieztatu duzue: haien ohiturara egokitzen dira besteak.

Bai. Aldaketak egiteko —hizkuntz ohiturak, adibidez—, ezin zaio jende guztiari eskatu kontzientzia handiz jokatzeko. Eusleei jokaera handi bat eskatzen diegu: euskaraz egitea, taldeak eskatu diolako. Hori ez zaie denei eskatu behar; denei ezin diegu eskatu euskararen militante izatea. Oso urrutira ezin gara joan horrela. Behar da printzipio aktibo bat, jokabide berria erakusten duena, eta, horrekin batera, haiek babestea: gainerako jendeak joera naturala dauka egokitzeko. Prozesu sozial gehienetan horrela gertatzen da: badaude aitzindari batzuk, eta gainerakoak egokitu egiten gara.

Lantokian probatu duzue Eusle metodologia, baina kaleko egitasmoetan ere agertu da; adibidez, Lasarte-Orian. Diferentzia handia dago lantokitik kalera?

Datuen eboluzioa antzekoa da. Eusle metodologiaren atzean dauden printzipioak egokitu behar izan ditugu, kalea eremu zabala delako. Izena aldatu diegu—ahobizi eta belarriprest—, baina printzipioak berberak dira, kontuan harturik zerbait kolektiboa dela. Bi parteak behar ditugu, eta biak aktibatu. Portzentaje aldetik, ahobizi gutxiago eta belarriprest gehiago. Emaitzak lortzen dira kalearen erako inguru sozial, zabal eta kontrolaezinetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.