Maider Alustiza. Etxerat elkarteko bozeramailea

«Denok aktibatzen bagara, sakabanaketa amaitzea lortuko dugu»

Nazio batzarra egingo du Etxerat elkarteak bihar, Iruñean; ohi ez bezala, jende guztiari irekia. Babesa eskatu du. Eragile ugarik erantzun dute, eta elkarlanean segitzeko bide bat irekiko dute.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gurutze izagirre intxauspe
Donostia
2015eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Maider Alustiza (Donostia, 1973)iritsi berria da Madrildik, Alcalako espetxetik, Jon Enparantza euskal presoa bisitatzetik. Senitarteko eta lagunen artean utzitako bost umeak batzeko hartu du eguna, eta horretan ari dela erantzun dio BERRIAri, Etxerat-en batzarraren atarian.

Nola moldatzen zara agendak lotzeko?

Senide bat preso izateak eskatzen du zure bizitza horretara moldatu behar izatea. Nire kasuan, bost seme-alaba izanik puzzlea oso handia da. Oraingoan, bakarrik joan naiz, aurrez aurreko intimoa neukalako, eta, kasu honetan, umeak lau etxetan utzi ditut. Horrek esan nahi du etxe bakoitzerako motxila bat prestatzea, Jonen paketea prestatzea... Bisita orain arte ez digute utzi asteburuetan egiten.

Zergatik?

Ez diote horretarako baimenik eman. Horrek esan nahi du umeek ikastola galdu behar dutela, eta nik lana. Hamar orduko bidaia da gure kasuan. Eta azpimarratuko nuke pertsona helduen kasua. Askok seme-alabak ezin dituzte ikusi ezin dutelako bidaia egin.

Zenbat espetxetan egon da Jon?

Bi espetxealdi izan ditu; bi urtetik gora daramatza guztira epaitu gabe, eta zazpi espetxetan egon da. Horrek eskatzen du espetxe bakoitzaren arauetara egokitzea, bakoitzak bere arauak dituelako. Eta gu beti egokitzen. Senideok bi ezaugarri oso indartsu ditugu: bata, sufrimenduaren gainetik, duintasuna. Bestea, erresistentzia, egoera zailetara egokitzeko gaitasuna.

EPPK-ko bitartekari taldeko kideekin atxilotu zuten iazko urtarrilean. Arantza Zulueta eta bera dira kartzelan segitzen duten bakarrak operazio hartatik.

Abokatua fiskalarekin egon da, eta hitzez hitz hau esan dio: «Juridikoki ezin zaio hauen espetxeratzeari eutsi. Baina bi kasu hauetan nire nagusiak agintzen du: ministroak. Eta ez dituzte kalean nahi». Injustizia sekulakoa da. Familiarentzat ezina oso handia da. Kartzelatzea erabaki politikoa izan zen, eta irtetea ere erabaki politiko bat izango da.

2015a ez da samurra izan senideentzat. Abokatuen aurka, Jaiki Hadiren kontra eta Etxerat-eko bi kideren aurka egin dute. Zein irakurketa egiten duzu?

Presoen inguruan lan egiten duen pertsona oro kriminalizatzeko saioa izan da. Gure lana oso argia da, eta ez da delitua. Lau lan ildo oso argi ditugu: gure senide presoen eskubideen urraketa salatu eta horren testigantza ematea, senideen sufrimenduaren salaketa egitea, gure sufrimenduaren aitortza egin dadin lan egitea eta sakabanaketa amai dadila eskatzea.

Senide batzuei Guardia Zibilaren zitazioak ere iritsi zaizkie.

Uste dugu Guardia Zibilaren ekimena izan dela. 137 familia pasarazi nahi dituzte abokaturik gabe deklaratzera. Beldurra sartu nahi dute. Hurrengo pausoa izan daiteke Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalari eskatzea zitazioa. Baina horretan geratuko dela pentsatzen dugu.

Lau hilabeteotan izan dira bestelako ekimenak. Jaurlaritzako lehendakariak Etxerat hartu du lehen aldiz.

Oso balorazio baikorra egin genuen. Bilera horretan elkarlanean aritzea adostu genuen Iñigo Urkullu, Jonan Fernandez eta Monika Hernandorekin.

Eta jarraitzen du elkarlan horrek?

Diskretuki eraman nahi dugu. Lehen bilera publikoa egin genuen, baina bien aldetik badago elkarlanerako prestasuna, eta horretan ari gara.

Iñigo Urkullu lehendakariak Hitzeman programa jarri du abian, eta EH Bilduk bakerako euskal bidean bide orri bat proposatu du. Uste duzu euskal eragileen arteko akordio batek lagunduko lukeela?

Ez dagokigu guri irtenbideak jartzea. Eragileen arteko adostasuna balego, beti hobeto. Arduradun politikoek erabaki eraginkorrak hartu behar dituzte; hor dago gakoa.

Nola ikusten duzu Espainiako Gobernuaren jarrera?

Azeleragailua sakatu eta sufrimendua areagotzen ari dira. Horrek esan nahi du urteak iraungo duela sufrimenduak. Gure lana da toki guztietatik eragitea sakabanaketa amaitzeko. Eragileen artean badugu hori lantzeko asmoa. Itun sozial zabal bat lortzeko asmoz lanean gabiltza, Euskal Herritik kanpo, Europan, eta Frantzian eta Espainian ere bai. Sukaldeko lana poliki eta ondo egin behar da, eta lanean gabiltza.

Aurtengo batzarra ere ildo horretatik doa; eragileen babesa eskatu duzue.

Geure burua eraldatu beharra ikusi dugu. Orain artean egin izan duguna da aurreko urteko balantzea egin eta aurrera begirako lan ildoak markatu. Baina, urte hasiera hain bortitza izan denez, egokitzea erabaki dugu. Eragileak gonbidatu ditugu parte hartzera, eta aurrera begirako lan batera ere bai.

Zein izango da mezuaren ardatza?

Sufritzen ari garela, baina sekulako duintasunarekin aurrera egiteko asmo itzela daukagula. Guk inguru guztia aktibatu behar dugu hau bukatzeko behingoz. Eta honelako momentu beltzean mezu baikor bat eman nahi dugu: gurekin ezingo dute. Denok aktibatzea lortzen badugu, sufrimendu honi amaiera ematea lortuko dugu, inork gehiago sufri ez dezan. Bakoitza bere esparrutik lanean aktibatzera deitu nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.