«Derrigorrezko hezkuntza indartzeko beharra dago»

Murrizketekin kezkatuta agertu du EAEko Eskola Kontseilua; uste du adostasuna lortu behar dela

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
«Ez da derrigorrezko hezkuntza ahuldu behar; alderantziz, indartzeko beharra dago». Horixe nabarmendu du EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluak. Espainiako Gobernuak irakaskuntzaren esparruan onartutako murrizketek, ordea, ez diote sistemari batere mesederik egiten, erakunde horrek dioenez: «Irakasleen lan baldintzak nabarmen eginen dute okerrera; ikasleei ere eraginen diete neurriek, eta, ondorioz, hezkuntza sistemaren kalitatea eta, batez ere, ekitatea arriskuan jarriko dituzte».

Eskola Kontseilua kezkatuta agertu da, neurri horiek erabakitzeko Espainiako Gobernuak ez duelako elkarlanaren alde egin: «Ez dute adostasuna lortu nahi izan; ez dute erkidegoen eta hezkuntza komunitatearen oniritzia lortu nahi izan», salatu du, agiri batean.

Murrizketek irakasleen lan egiteko moduan eragin zuzena izanen dutela ohartarazi du Eskola Kontseiluak, eskola ordu gehiago eman behar badute gelatik kanpoko jarduerentzako denbora gutxiago izanen dutelako. «Halako jarduerak, ordea, funtsezkoak dira ikastetxeak behar bezala egin dezan aurrera». Departamentuen arteko bilerak, ikasleen jarraipena egitekoak, edo familiei harrera egiteko bilerak aipatu ditu Eskola Kontseiluak, adibide modura, jarduera horien artean.

«Neurri baztergarria»

Ikasleak pilatzeko aukerak ere kezkaktuta dauka EAEko Eskola Kontseilua. Neurri hori baztertu egin behar dela uste du erakunde horrek; «batez ere, gurea bezalako hezkuntza sistema elebidun edo eleanitzetan». EAEko hezkuntzako adierazleak eta emaitzak «onak» direla gaineratu du kontseiluak, eta hori kontuan hartu behar dela.

Eskola Kontseiluak argi du irakaskuntzari merezi duen tokia eta ospea eman behar zaiola, etahorretarako irakasleen prestakuntza landu behar dela esan du.

Epe ertain eta luzerako hezkuntza politikak prestatu behar direla gaineratu du, eta lan horretan hezkuntza komunitate osoak izan behar duela zer erran. Hau da, adostasunaren alde egin du, irakaskuntzari buruzko neurriak erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.