Desazkunde turistikoaren aldeko topaketak eginen dituzte urriaren 24an eta 25ean

Euskal Herriaren turistifikazioak kezkatzen dituen hainbat eragilek antolatu dute jardunaldia. Donostian eginen dute.

Bizilagunekin plataformak turistifikazioaren kontra egindako manifestazioa, atxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Bizilagunekin plataformak turistifikazioaren kontra egindako manifestazioa, atxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko irailaren 30a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriaren turistifikazioak kezkatzen dituen pertsonak eta taldeak harremanetan jartzea, «turistifikazioaren eta desazkunde turistikoaren gaineko gogoeta kolektiboa» egitea eta aurrera begirako elkarlanari oinarriak jartzea. Horiek dira, bertzeak bertze, desazkunde turistikoaren aldeko topaketaren helburuak. Donostian izanen da jardunaldia, urriaren 24an eta 25ean; desazkunde turistikoaren alde lanean ari diren hainbat eragilek antolatu dute.

Antolatzaileek ohar bidez esplikatu dutenez, turistifikazioak «forma ezberdinak» hartzen ditu Euskal Herriko txoko bakoitzean, «turismo industriak eta haren zerbitzura diharduten indar ekonomiko, instituzional eta mediatikoek sustatzen duten turismo ereduaren arabera». Eredu horietako bakoitzak, baina, «ondorio kaltegarri larriak» eragiten dituela erran dute, eta horren aurka «indarrak batu eta desazkunde turistikoaren bidetik alternatibak eraiki» behar direla nabarmendu. «Bi eguneko egitarauan ikasteko, eztabaidatzeko eta estrategiak pentsatzeko tarteak egongo dira; hitzaldiak, mahai inguruak eta tailerrak antolatuko dira».

Topaketetan parte hartzea doakoa izanen da, baina izena ematea beharrezkoa dela adierazi dute antolatzaileek —urriaren 20ra arteko epea dago—. Jakinarazi dute, gainera, solasaldi eta saio orokor guztietan euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko aldibereko interpretazioa egonen dela, eta antolakuntza saiatuko dela «lotarako lekuarekin eta haur zaintzarekin lotutako beharrak identifikatzeko eta horiek asetzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.