Eginaren Eginez elkarteko eleduna

Igor Nabarro: «Desgaitasunen bat dugunoi sexualitatea ukatu edo ezkutatu egiten zaigu»

Nabarroren ustez, instituzioek ez dute aski egiten desgaitasunen bat dutenen eskubideen alde. Kapazitismoaren aurrean «zero tolerantzia» izateko eskatu die.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU
JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko abenduaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Desgaitasun fisikoren bat duten pertsonen eskubideen alde lan egiten du Eginaren Eginez elkarteak 1979az geroztik, eta, Igor Nabarro eledunak (Gasteiz, 1978) dioenez, oraindik ere gizartean «estigmatizatua» dago eta «estereotipatua» da elbarritasun bat dutenen inguruan dagoen irudia. Irudi hori aldatzeko beharraz hausnartu dute Gasteizen, Desgaitasunaren irudi soziala eraldatzen izenburupean egindako jardunaldian. Desgaitasunen bat dutenen sexualitatea garatzeko «oztopoen» inguruan hitzaldia eskaini du Nabarrok.

Nolakoa da gizarteak desgaitasunaz duen irudia, eta zergatik da beharrezkoa eraldatzea?

Gaur egun, oraindik ere oso irudi estigmatizatua eta estereotipatua dugu. Baina hori ez da berria: aspalditik jasotako herentzia da. Historikoki, aniztasun funtzionala zutenak ez dira gure gizartearen parte izan; beti egon dira baztertuak, bestetasuna izan baitira, eta sarritan beldurrez begiratuak ere izan dira. Ez zen ulertzen zer zela-eta jaiotzen zen jendea modu batekoa edo bestekoa, eta horrek estigma eta erresistentziak sortu ditu. 

Eta gaur egun antzekoa da egoera.

Gaur egungo gizarte produktibistan, pertsonen balioa askotan lotzen da ekoizpen ekonomikoarekin. Izan ere, Industria Iraultzatik hona, gorputz produktiboak dira baloratuak, eta, baldin eta zuk ez baduzu lortzen sistema horrek eskatzen dituen funtzioak betetzea, baztertua izango zara. Ez bazara produktiboa, ez duzu balio. Funtsean, indibidualismoa eta gorputzaren erabilgarritasunaren ideia da arazoaren muina. Eta horixe eraldatu nahi dugu, desgaitasunen bat dutenak gizartearen parte direla ikus dadin, eta ez elementu ez-ezinbesteko edo ikusezinak.

Eginarez Eginez elkartea duela 50 urte sortu zen. Zer aldatu da ordutik hona?

Gauza asko aldatu dira, baina ez da nahikoa. Gizartean eta araudietan aldaketa ugari gertatu dira elkarteen presioaren ondorioz. Gure lana zera izan da, presio egitea gizarteak aniztasuna barnera dezan, legeak garatzea eta betearaztea exijitzea, eta transformazio soziala bultzatzea. 

«Ez bazara produktiboa, ez duzu balio. Funtsean, indibidualismoa eta gorputzaren erabilgarritasunaren ideia da arazoaren muina»

Askotariko trabei egin behar diezue aurre. Fisikoak edo arkitektonikoak dira ohikoenak?

Egunero topatzen ditugu. Adibide bat emango dizut: eraikin honetan, asteburuetan igogailua giltzapean egoten da. Gazte batzuk igotzen omen ziren gauerdian, eta horregatik ixten dute. Larunbatean etorri nintzen lanera, eta ezin izan nintzen igo. Azkenean, lortu nuen giltza eskuratzea; baina ez da kasu bakana. Beste askotan ere gertatzen zait igogailuak giltzapean egotea eta ezin erabiltzea. Eta tabernetan edo dendetan hamaika adibide daude: eskailerak dituzte, sarbide ez-irisgarriak, egokitu gabeko komunak... 1996koa da legea, eta arau tekniko oso zehatzak garatu dira ordutik, baina ez dira betetzen. Administrazioak zero tolerantzia du arrazismoaren edo sexu aniztasunaren aurkako jarrerekin, baina kapazitismoarekin ez.

Irisgarritasun faltak eragin zuzena du irudi sozialean ere, ezta?

Bai. Ez badago irisgarritasunik, ez gaituzte ikusten. Eta ikusten gaituzten kasu urritan, iruditeria kolektiboa desitxuratuta egoten da. Diskoteka batean gurpil aulkian doan pertsona bat ikusten duzunean, erreakzioa askotan izaten da: 'Zer egiten ari da hau hemen?'. Ez dago naturalizatua. Barrera fisikoak segregatzaileak dira, eta gizarteak aniztasuna modu naturalean barneratzeko oztopo.

Sexualitatea komunikabideetan: infantilizazioaren eta sentsazionalismoaren artean izenburupean hitzaldia eskaini duzu Gasteizko jardunaldian.

Duela urte batzuk, sexualitatea eta desgaitasuna aipatzen zituzten hainbat komunikabideren albisteak aztertu genituen, eta ondorio nagusia izan zen ia denetan irudi estereotipatuak eta estigmatizatuak ematen zirela. Batetik, sexualitatea ezkutatu edo ukatu egiten zaigu, eta arrisku, babesgabetasun edo ezgaitasunarekin lotzen da. Bestetik, albiste nagusiak sexu abusuen ingurukoak dira, edo ekintza heroikoekin lotuak. Eta horrek irudi okerra sortzen du, sexualitatea arazo edo arrisku modura ikusten delako.

Horri gehitu egin behar zaio sexu hezkuntzaren gabezia. Eskolan ez da derrigorrezko ikasgaia, eta desgaitasunen bat duten haurrek eta gazteek sarritan ez dute jasotzen. Are, desgaitasunen bat dutenak ez dira ageri ikasmaterialetan, bideoetan, adibideetan... Orduan, barneratzen duten ideia da sexualitatea ez dela haientzat.

«Diskoteka batean gurpil aulkian doan pertsona bat ikusten duzunean, erreakzioa askotan izaten da: 'Zer egiten ari da hau hemen?'»

Beren kabuz garatu ezin duten pertsonen kasuan, laguntza fisikoa behar dutelako, nola bermatu sexualitatea?

Sexualitatea ez da eskubide bat, gertakaria baizik. Eta eskubide positibo eta negatiboak daude. Positiboetan, norbaitek zerbait egin behar du zuk eskubidea baliatzeko; negatiboetan, kontrakoa da, hots, norbaitek ezer ez egitea da behar dena. Sexualitatearen kasuan, eskubide negatiboa da: ezin zaigu gure sexualitatea ukatu, ez ukatu ni izaki sexuatua naizela, nire desirak eta behar emozionalak ditudala, eta besteen eskubideak eta gizartearen arauak errespetatuz garatzeko eskubidea dudala. Mugak jartzen badizkidazu, are gehiago mugak nire desgaitasunagatik badira, eskubidea urratzen ari zara.

Praktikan, nola urratzen da hori?

Pertsona sexudun gisa ez hartuz, edo sexualitatearen inguruko heziketa integrala eta kalitatezkoa ukatuz. Gainera, oraindik ere administrazio eta zerbitzu publiko askotan eskubide horren garapena oztopatu egiten da. 

Adibidez?

Adibidez, erresidentzietan bizi direnek sarritan zailtasunak dituzte bikotekidea, lagun edo maitaleak izateko, edo intimitaterako espazioak izateko. Eta, askotan, sexualitatea bera ezkutatzeaz gain, aniztasun sexuala ere ikusezin bihurtzen da, heteronormatibitatea derrigorrezkoa balitz bezala. Norberaren gorputzerako sarbidea ukatuta ere urratzen da eskubide hori. Erresidentzietan edo ospitaleetan, intimitatea desagerrarazten dute: edozein unetan norbait sartzen da gelara, biluzik ikus zaitzake, edo zure gorputzeko atal intimoak ukitu diezazkizuke baimenik gabe edo modu desegokian.

Sexu laguntzaileen figura badago. Zer funtzio dute?

Hainbat modalitate daude. Ikuspegi terapeutikoa izan dezake: adibidez, 40 urterekin sexu harremanik izan ez duen pertsona batentzako babes espazio bat izan daiteke sexura nola hurbildu ikasteko, edo abusu baten biktima izan den norbaitentzat beldurra gainditzeko. Urteetan, horixe izan da laguntzailearen funtzioa: konfiantza berreskuratzen laguntzea, eta norberaren eta besteekiko segurtasuna lantzea. Beste kasu batzuetan, desgaitasunen bat zure gorputzera iristea zailtzen dizunean, sexu laguntzaileak gorputza sentitzea, ukitzea eta ezagutzeko modua emango dio, haren eskua gidatuz adibidez.

«Erresidentzietan bizi direnek sarritan zailtasunak dituzte bikotekidea, lagun edo maitaleak izateko, edo intimitaterako espazioak izateko»

Eta badago beste modalitate bat: pertsona batek desgaitasunen bat duen norbaitekin topaketa sexual adostua izatea. Baina horrek, askotan, moralarekin egiten du talka, eta baita gizarteak sexu langileekiko duen jarrerarekin ere. Garrantzitsua da argitzea ez dugula hitz egiten ez salerosketaz, ez prostituzioaz; helburua ez delako berehalako plazera ematea, baizik eta pertsonak bere sexualitatea modu seguru eta duinean berreskuratzeko bidea izatea.

Oraindik ere aurreiritzi asko dago gai horren inguruan, ezta?

Dibertsitateak, oro har, aurreiritzi asko sortzen ditu. Desberdina denak arraroa ematen du, eta ezagutzen ez dugunak deserosotasuna eta segurtasun falta sortzen ditu. Ezjakintasun handia dago, eta hezkuntzarekin konpondu zitekeen, baina eskolek ez dute ahalegin nahikoa egiten aniztasuna lantzen. Esparru askotan gure irudi estereotipatua eskaintzen da: hedabideetan edo zineman, adibidez, desgaitasunen bat dutenak agertzen badira, desgaitasuna bera erdigunean jartzeko agertzen dira, modu dramatizatuan. Desgaitasunen bat dutenak bizitzaren ikasgai emozional gisa erabiltzea pornografia inspiratzailea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.