Geroz eta gutxiago falta da maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako. Nafarroan, hainbat gai giltzarrik baldintzatuko dituzte bozak: eskuinaren zatiketaren ondorioek; PSNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren arteko lehiak, nor geratuko aurretik; kanpainari begirako alderdien arteko estrategiek; eta maiatzaren 29tik aurrerako agertoki politikoei begirako asmoek, besteak beste. Parlamentuan ez ezik, udal nagusietan ere asko egongo da jokoan, batik bat Iruñekoan.
Ikusi gehiago:Nafarroako Parlamentua: Gehiengoen jokoa, airean
Gako horiek aztertzeko, mahai inguru bat antolatu dute BERRIAk, Euskalerria Irratiak, Martin Ugalde kultur parkeak eta Katakrakek. Lau aditu aritu dira: Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko zuzendaria, Amaia Alvarez NUPeko Zuzenbidearen Historiako irakaslea, Ibai Fernandez Diario de Noticias egunkariko kazetaria eta Joxerra Senar BERRIAko kazetaria. Uxue Rey Gorraiz BERRIAko kazetaria aritu da saioa gidatzen.
Iruñeko Katakrak liburu dendan egin dute, eta streaming bidez zabaldu du, zuzenean, BERRIAk.
Lakastak PSNren aukerak aztertu ditu. Gizartearen desmobilizazioaren eragina aipatu du, eta galdetu du horrek ez ote duen ekarriko desmobilizazioa botoa emateko orduan. PSN «sendo» ikusten du kazetariak. Lau urteren buruan lidergo serio bat dauka: Maria Txibite, eztabaida antzuetatik kanpo utzi dutelako. Europako Batasunetik helduriko diru laguntzen «dena olioztatu» duela nabarmendu du. UPNri ezker abertzalearen mamua besterik ez zaiola geratu ohartarazi du, eta dagoeneko ez dutela diskurtso hegemonikorik. «Mamu hori astintzea ez da eraginkorra izango PSN higatzeko».
Fernandezek adierazi duenez, Geroa Baik ez du erraza PSNren aurretik geratzea, nahiz eta helburu hori jarri bere buruari. Gobernuari sostengua eman dioten alderdietatik «ahulena» dela gaineratu du, bigarren mailan egon delako legegintzaldi osoan.
Senarren arabera, EH Bilduk «espektatiba» onak ditu. Aurrekontuetan eta beste gai garrantzitsuetan eginiko akordioen bidez erakutsi du baliagarria dela. Madrilen ere sorturiko ezkerreko blokeak zaildu egingo dio PSNri UPNrekin akordioa egitea Nafarroan. Ikusi behar da, ordea, lortuko ote duen baliagarritasun hori boto bihurtzen.
Udalen gaiaren inguruan Senarrek gogoratu du duela lau urte PSNk hainbat alkatetza eman zizkiola UPNri, tartean Iruñekoa. «Ikusi behar oraingoan zer egiten duten».
Alvarezek «demokraziaren gabeziatzat» jo du udaletarako aurkezturiko hautagaiak «pertsonalismoan» oinarritu izana. Mezuen sinplekeriarekin, pertsonaia gailentzen zaio politikari, azaldu duenez. Zer akordio egingo diren? PSNren jarrera izango da gakoa horretan, Alvarezentzat.
Ikusi gehiago:Iruñeko Udala: Haize berria sartuko da
Aldi berean, lurraren eta etxebizitzaren arazoaz Herrian bizitzeko erronkak izenburuko telebista emankizun berezia eskaini dute BERRIAk, Kanaldudek, Kazeta-k, Herria-k, Euskal Irratiak eta Ipar Euskal Herriko Hitza-k. Hori ere zuzenean eman dute BERRIAren webgunean.