SERIEA Udal eta foru hauteskundeak (I). Nafarroako Parlamentua.

Gehiengoen jokoa, airean

Eskuina zatituta aurkeztuko da bozetara: ustez, PSN higatzeko eta haren bizkar sendotzeko estrategia hartu du UPNk; PPk, berriz, Navarra Sumaren haustura baliatu nahi du eskuinaren hegemonia bereganatzeko luzarora. Beste aldean, PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk lehia erabakigarria izango dute euren artean nor geratuko aurretik.

Nafarroako Parlamentua, urtarrilean. IÑAKI PORTO / NAFARROAKO PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2023ko apirilaren 11
00:00
Entzun

Parlamentuak ateak ixtearekin batera, X. legealdiko mapa politikoaren puzzlea desegin da, eta piezak barreiatu dira. Hilabete eta erdi geratzen da hauteskundeetarako, eta talde guztiak hutsetik hasiko dira. Bakoitza, baina, ez da abiatuko posizio beretik. Maiatzaren 28ko azken argazkiak argituko du nola berrosatuko den puzzlea.

Ikusi gehiago:Maiatzaren 29tik aurrera, partidaren bigarren zatia

Duela lau urteko egoerarekin alderatuta, eskuina zatituta aurkeztuko da. Navarra Sumak botoa mobilizatu eta 2015eko legealdiko aldaketaren gehiengoaren aurkako euste-horma gisa funtzionatu zuen, nahiz eta hori ez zen aski izan gobernura iristeko. Koalizioa amortizatutzat jo du UPNk, eta bere marka historikoa berreskuratu nahi izan du, beste lau urtez kapital politiko horri uko egitea arrisku handiegia izan zitekeelako. Eskuak libre izan nahi ditu ahots propioa izateko eta batik bat sozialistekin aliantzak bilatzea errazteko.

Hil edo bizikoa zaio alderdiari maiatzaren 28ko bozketa. Batik bat Javier Esparzari. Hirugarren legealdi batez jarraian euren helburu gorena eskuratzen ez badu, nekez eutsi ahalko dio alderdiaren lemari. Duela urtebete, otsailaren 2ko lan erreformaren bozketako Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuen matxinadak auzitan jarri zuen haren lidergoa, baina barne krisi hori txiki gera daiteke etor daitekeen ekaitzaren aurrean.

Horregatik, antsietate horrek derrigortuta, kontraesan handi bat da UPNren apustua. Legealdi osoan erabilitako estrategia areagotuko du kanpainan, eta PSNren aurka egingo du jo eta ke, «EH Bilduk erabakiak hartzea nahi ez dutenen alternatiba gisa» aurkeztuta. Gobernuko kudeaketa ere auzitan jarriko dio, batik bat zerga arloan eta osasuneko itxaron zerrendetan oinarrituta. Uste du alderdi sozialista higatu, eta haien botoak eskuratuko dituela legealdi osoan erabilitako mezu anplifikatu horrekin. Edo bederen sinetsita dago sozialisten boto emailea desmobilizatu dezakeela, eta bigarren geratzeko aukera zaildu. Paradoxikoki, kritiken jomuga den alderdia da gobernura iristeko aukera ia bakarra. Egun, PSNk beste norabide bat hartu izanak eta haien aurkako oldarkortasunak islatzen dute Esparzaren ezintasuna.

Erabakiak, ez Madrilen ezta Bilbon ere leloa hartu dute. Ahots propioa izateko ahalegin horretan, euren erabakigunea Iruñean datzala azpimarratu nahi dute, baina hor datza euren beste kontraesana. Izan ere, haien itxaropen nagusiak Madrilgo Ferraz kalean du oinarria. Udazkeneko Espainiako Gorteetako bozak ate joka, uste dute Nafarroan EH Bildu sendo batek PSOE kikildu dezakeela, eta karta horri heldu nahi dio kosta ahala kosta Esparzak.

Hausturak aukera politikoa eman dio PPri, kristalezko sabaia hautsi, eta luzarora eskuineko nagusitasuna lehiatzeko UPNri. Sayasen eta Adaneroren atzetik, UPNko eta Ciudadanoseko pertsonalitate esanguratsuek lur hartu dute alderdi popularrean: hala nola Maribel Garcia Malo, Maria Kutz eta Luis Zarraluki kontseilari ohiak eta Ruth Goñi senatariak. Dena den, diskurtsoan UPNtik bereizteko zailtasunak izan ditzake PPk. «Guk ez dugu PSOErekin itunik egingo». Mezu hori du bereizgarri ia bakarra. Ahuldade hori ezkutatzeko, komunikatiboki, arreta erakartzeko leloak sortu ditu, eurak Nafarroaren salbatzailetzat eta aurkariak traidoretzat aurkeztuta. Polarizazio horri helduko dio PPk; baina ikusteko dago benetan eskuineko boto emaileek hain erraz aldatzen duten ontzia, edo betiko alderdiari (UPNri) ematen dioten babesa.

Navarra Sumako hirugarren bazkidea, Ciudadanos, desagertzeko zorian dago. Etsita, Carlos Perez Nievas buruzagiak UPNren edo PPren altzora joan diren alderdikideen traizioa salatu eta «leialtasun falta» egotzi die bazkide izandakoei. Haren lekua baliatuko al du Voxek? Haien berririk ez dago inon. Dena den, Espainiatik datorkion joerarekin aski izan dakioke parlamentura sartzeko derrigorrezkoa den %3ko langa gainditzeko. Ezkerreko alderdiek kezkaz ikusten dute eskuin muturraren agenda erreakzionarioa parlamentuan sartzea.

PSN, zentraltasunean

Iragan legealdian, maparen bazter batean zegoen PSN, eta UPNrekin batera partekatzen zuen oposizioa. Legealdi honetan, aldiz, bigarren indarra izateak zentraltasuna eman dio, eta pribilegiozko posizio horrek Nafarroako politikaren lema izatea ahalbidetu dio. Gobernu barruan gainordezkatuta egon da, bere 11 parlamentariek adierazten duten baino botere kuota handiagoa izan duelako, eta, lehendakari gisa, gobernuaren lorpenak profitatu dituelako Txibitek. Horregatik, haren lidergoan oinarrituko du kanpaina eta mezu nagusia.

Lau urteko kudeaketa azpimarratuko dute. Egoera ekonomikoak ez du eskuinak etengabe iragarri duen hondamendia islatu, eta enpleguaren datuak onak dira; azken hilabeteetan inbertsio garrantzitsuak heldu dira Nafarroara; 2001etik lehen aldiz eskumenak eskualdatu dira (hiru, zehazki); osasungintzako gatazka bideratu da azken unean... PSNk bere bazkide izandakoen gainetik geratu nahi du, legealdi honetako formula errepikatzeko asmoz. Ez du baztertzen «lehen indarra» izatea, UPNren gainetik. Esparzaren estrategiak porrot egin behar luke legealdi honetan sozialistek hainbat arlotan izandako konplexuak astintzeko.

Izan ere, hori da gobernuko bigarren bazkide nagusiak, Geroa Baik, leporatzen diona PSNri. Euskaran, autogobernuan, Hitzarmen Ekonomikoan, «ausardia falta» aurpegiratu diote alderdi sozialistari, batik bat eskuinaren mezuei eta Madrilgo gobernuak ezarritako irizpideei aurre egiteko orduan.

Legealdi hasieran gobernua banatzean, Geroa Baik estrategikotzat zituen departamentuak aukeratu zituen. Hau da, bere eskuetan zituen hizkuntz politika, elkarbizitza eta memoria historikoa, etxebizitza, ingurumena eta energia, enpresak eta inbertsioak... Arlo horiekin gobernu barruan bere profila ezarri nahi izan du, baina zenbaitetan politika horiek baldintzatu nahi izatea egotzi diote PSNri, eta ageriko tentsioak sortu dira bi bazkide nagusien artean.

Hartara, kanpainan, 2015etik egindako bidea defenditzearekin batera, mezu kritiko hori azpimarratuko dute. PSNren gainetik geratu eta bigarren indar izan nahi du, horrek Uxue Barkosen presidentetza ahalbidetuko duelakoan. Sozialisten modura, kanpaina pertsonalista antolatu dute, Barkosen figura nabarmenduz. Galdera hori zuzenduko diote PSNri: prest al leudeke Barkosen lehendakaritza bat babesteko? Kaleko zein sare sozialetako iragarkiek aditzera ematen dute inbertsio handia egin dutela.

EH Bildu, gorantz

EH Bilduk ahalik eta emaitzarik onenak lortzea du helburu, anbizioz, ezer baztertu gabe. Herritarrek legealdian egindako lana babestu duten pertzepzioa dute. Gainera, bozkatzeko aukera gisa duten herritarren kopurua nabarmen handitu dela eta eurekiko mesfidantza txikitu dela dioten datuak dituzte. Horri gehituz gero 2019an udal hauteskundeetan parlamenturako bozetan baino 11.000 boto gehiago lortu zituztela, goranzko joera argia du, eta inkestek ere hori adierazten dute.

Kanpainan baliagarritasun politiko hori areagotzeko beharra azpimarratuko du, mezu argi batekin: EH Bildu zenbat eta sendoago, ezkerreko politikak egiteko aukera gehiago. PSN zein Geroa Bai 2019ko formula errepikatu nahian dabiltzala ikusten du, eta batik bat arlo estrategikoetan «anbizio gutxiz» aritzea egozten die bati zein besteari.

Kanpainari begira, azken hilabeteetan Laura Aznalen hautagaitza ezagutarazteko ahalegin berezia egin du. Ez dirudi eskuinak EH Bildu etengabe ahoan izateak kalterik eragiten dionik, edo EAren barne krisiak kalterik egingo dionik, nahiz eta sektore kritikoak Nafarroan bere pisua izan.

Ahal Dugu-k eta Ezkerrak indarrak batu dituzte, Zurekin Nafarroa koalizioaren barruan. Aldez aurretik egin dituzte etxeko lanak, duela lau urteko akatsa konpondu nahirik. Bananduta aurkeztu ziren, eta 2019an baino emaitza hobeak lortzea espero dute orain. Kanpainan, orain arteko elkarlana frogatzeko ordua iritsi zaie, eta hilabete eta erdiren faltan, zalantzak daude eraginkortasunez jokatzen ari ote diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.