Desobedientzia, epaitegiraino

Gasteizko herri harresiko zortzi auzipetu ez dira aurkeztu epaiketara, eta auzia epaiaren zain gelditu da

Gasteizko herri harresian parte hartu zuten auzipetuak, atzo, Gasteizko Justizia Auzitegiaren parean, elkarretaratzean. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Auzipetuak epailearen aurrera aurkeztu ez diren arren, epaia emateko prest gelditu da Gasteizko herri harresian parte hartu zuten zortzi lagunen kontrako auzia. «Justizia edo legea hautatzera behartu gintuzten, eta justiziaren alde egin genuen. Hala egingo genuke berriro ere». Auzipetuetako batek, Izaskun Goienetxeak, salatu du ez luketela epaituak edo zigortuak izan beharko, eta, azaldu duenez, horregatik ez dira aurkeztu epailearen aurrean. Gasteizko Justizia Jauregiaren parean egin zituen adierazpenok Goienetxeak, atzo, Gasteizko Harresiak deitu zuen elkarretaratzean.

Espainiako Fiskaltzak hasierako zigor eskariei eutsi die. Bederatzi hilabeteko espetxe zigorra galdegin du zortzi auzipetuetatik zazpirentzat, eta urtebeteko kartzela zigorra beste akusatuarentzako. Zortziei leporatzen die aginteari desobeditu izana Gasteizko herri harresian, iazko maiatzaren 18an Alaia Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Estebanen atxilotzea oztopatzeko erresistentzia baketsuz eginiko protestan.

Urrian beste bi lagun epaitu zituzten, eta epaileak 3.680 euroko isuna ezarri zien orotara, erresistentzia delituagatik errudun zirela ebatzita. Beste bost lagun daude epaiketaren zain, Gasteizko herri harresiarekin lotutako akusazioengatik.

«Oso harro gaude egin genuen horretaz, uste baitugu desobedientzia derrigorrezkoa dela aske bizitzeko», adierazi du Goienetxeak auzipetuen izenean. «Ez dugu uste inolako zigorrik jaso behar dugunik horrelako ekintzengatik. Erabat zilegi da». Aldiz, Goienetxearen esanetan, epaituak eta zigortuak izan beharko lirateke Gasteizko herri harresiko parte hartzaileen kontra oldartu ziren ertzainak. «Haiek izan ziren injustizia eta bortizkeria banatu zutenak».

Goienetxea «harro» agertu da,Zaldibar, Robles eta Estebanen atxiloketa eragozteko ekintzan parte hartu izanagatik. «Egin genuena berriro ere egiteko prest gaude, inolako zalantzarik gabe».

Auzipetuek EAJ eta Eusko Jaurlaritzaren orain arteko «jarrera guztiz desegokia» salatu dute, «Madrilek erabakitako zigor bidegabeen aurrean». EAEko gobernuaren ardura azpimarratu du Goienetxeak, «Espainiako Estatuak erabakitzen dituen errepresio politikak bermatzen dituen heinean».

Gasteizko Harresiak babesa agertu die auzipetuei eta zilegitasuna aitortu dio desobedientziari. «Legedi injustuen aurrean borrokatu beharra dago, eta horretarako ezinbesteko tresna da desobedientzia; izan legedi antiterroristaren aurka, izan mozal legearen aurka», aldarrikatu du Zigor Oleaga Gasteizko Harresiko kideak.

Gasteizko herri harresian parte hartu zuten herritarretatik auziperatuak izan direnak hamabost izan badira ere, egun horretan desobeditu zutenak «milaka» izan zirela nabarmendu du Oleagak; besteren artean, Andre Maria Zuriaren plaza baimenik gabe okupatzeagatik.

Diru bilketa abian

Gasteizko Harresiak elkartasunerako ekimena bultzatuko duela iragarri du. «Gasteizko herri harresiaren kontrako errepresioak eragin dituen ondorio ekonomikoei aurre egiteko diru bilketa kanpaina abiatu dugu». 10.000 euro batzea da helburua, joan den urrian epaitu zituzten bi lagunen eta orain epaitzen ari diren zortzi auzipetuen defentsa gastuak eta isunak ordaindu ahal izateko.

Egutegiak erosteko aukera izango da, kontu korronte bidez ekarpena egiteko modua, eta auzipetuen herrietan laguntza biltzeko ekintzak antolatuko dira. Gasteizen, taberna bat zabalduko dute Gabonetan, eta bildutakoa auzipetuak laguntzeko izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.