Espainian ezaguna da Desokupa enpresa, baina orain arte ez du jardun Euskal Herrian. "Legez kanpo okupatutako etxeak edo maizter prekarioak dituztenak hustea" da haren eginkizuna, enpresaren web gunean agertzen denez. Orain, Portugaleteko Gizarte Eskubideen Bulegoak salatu du azken egunotan Ezkerraldeko herri horretan ibili direla enpresa pribatu horretako kideak, emakume bat etxebizitzatik bota nahian.
Bulegoak azaldu duenez, emakume horrek adingabeko ume bat du bere ardurapean, eta bizi den etxea ez dago okupaturik, alokairuan baizik, baina jabeak ez dio egin alokairu kontraturik: "Egoera horretan, jabeak ezin du auzitara jo, berak legea urratu duelako, eta, hortaz, bortxa erabiltzen duen enpresa horretara jo du", azaldu dute Gizarte Eskubideen Bulegokoek.
Bulegoak salatu du Desokupa "arlo judizialetik kanpo eta legezkotasunaren ertzean" aritzen dela, eta "bortxa eta oldarkortasun giroa" baliatu ohi duela etxe kaleratzeak egiteko.
Bulegoak dei egin die Portugaleteko herritar eta eragileei "adi" egon daitezen: "Ezin dugu utzi batzuk saia daitezen etxebizitza faltaren arazoa konpontzen taktika mafiosoak eta gorrotoaren diskurtsoa erabiliz".