Auzo zahar, auzo berri (II)

Deustuibarra: Manhattan urrun dago oraindik

Kontrastez beteriko eremua da Deustuko Erribera, Bilbon. Zorrotzaurreko egitasmoa aldaketa ugari eragiten ari da han, baina auzokideak lanean ari dira orain arteko identitateari eusteko.

Betiko etxeak eta eraikin berriak parez pare Deustuko Erriberan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Betiko etxeak eta eraikin berriak parez pare Deustuko Erriberan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko abenduaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zorrotzaurreko IMQ klinika pribatuaren atarian, Bilboko alkate izandako Iñaki Azkunaren irudiak ezartzen du bi eremuren arteko mugarria. Haren paretik igarotzen da Frank Gehry zubia; hura zeharkatuta, beste errealitate batean murgiltzen da bisitaria. Bere historia luzean aldaketa ugari jasandako auzoa izan da Deustuibarra, eta gaur egun ere, oraindik bukatu ez den eraldatze prozesu batean dago bete-betean sarturik. Horregatik, kontrasteak ugariak dira itsasadarrak inguratutako eremu osoan: elkarren ondoan daude dorre dotore berriak eta aspaldiko etxebizitzak, unibertsitate egoitzak eta ugerrak jandako lantegi abandonatuak, teknologia zentroak eta etxegabeek aterpetzat hartutako eraikinak.

Zubia igarota, berri itxura du auzoak. Zamaketari kalean zazpi solairuko etxebizitzak daude; haietako zenbaitetan trasteak, eskegitako jantziak eta bestelakoak ageri dira leiho eta balkoietan, han familiak bizi diren seinale; beste batzuk, ordea, salgai daude oraindik, inguruko kartelek iragartzen duten moduan. Atarian erratza pasatzen ari den garbitzailea izan ezik, ez dabil inor kalean. Inguruko orubeetako garabi eta hondeamakinen zarata da soinu bakarra.

Apur bat aurrerago, berriz, oso bestelako itxura du auzoak. Itsasadarrari begira dauden etxebizitzak txikiak dira, hiruzpalau solairukoak gehienez ere, langile auzoetan ikusten direnen modukoak. Ikurrinak eta Palestinako banderak daude leiho askotan ikusgai. Atari gehienetan Erriberako Auzo Elkartearen afixak ageri dira, urteko batzar nagusia iragartzeko.

«Hau herri baten modukoa zen, eta bazuen halako giro berezi bat. Hori guztia galdu egingo da»

MITXEL FERNANDEZ Tabernaria

Auzoaren historiaren ispilu dira kontraste horiek guztiak. Behinola, baserri eta landa giroko eremua izan zen Deustuibarra; industrializazioa iritsi zenean, berriz, lantegiz bete zen parajea. 1950eko hamarkadan Deustuko kanala eraiki zuten, eta, horrela, auzoa penintsula bilakatu zen, alde ia guztietatik itsasadarrak inguratua. Eta industriaren gainbehera gertatu zenean, enpresa askok alde egin zuten, baina han geratu ziren lantegi abandonatuak, eraikin hondatuak eta lur kutsatuak.

Geroztik, erakunde publikoek eremua eraldatzeko asmoa izan dute beti. 1995ean Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu zen, eta han aurreikusi zuten eremu industrial izandakoa bizitoki izango zela etorkizunean. Zorrotzaurreko plana 2004an aurkeztu zuen Zaha Hadid arkitekto ospetsuak. Han daude ibarra zaharberritzeko egitasmoaren ildo nagusiak: Deustuko ubidea erabat ireki eta ordura arte penintsula zena irla bilakatzea, uharte berrian etxebizitzak eraikitzea, eta bertan goi mailako prestakuntzarako eta teknologia garapenerako proiektuak kokatzea, Zorrotzaurre «jakintzaren eta talentuaren uharte» bihurtuta. Orduan hasi zen Bilboko Manhattan esapidea ezagun egiten, proiektuaz aritzeko.

(ID_15593221) (Monika del Valle/@FOKU) 2025-12-09, Bilbo. Zorrotzaurre auzoa
Eraikin berriak, irlaren hegoaldeko muturrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU

2018an amaitu ziren eremua uharte bilakatzeko lanak: egun, Frank Gehry zubia eta San Ignaziokoa dira irlak Bilboko hirigunearekin dituen lotura bakarrak. Gainerako lanak mantsoago doaz, baina lehenengo etxebizitzak eraiki dituzte, eta Mondragon Unibertsitateak, DigiPen teknologia institutuak, Idom arkitektura eta ingeniaritza taldeak eta beste enpresa eta erakunde batzuek egoitzak ireki dituzte han.

Hiri barruko herrixka

Aldaketa handiak izan ditu auzoak azken urteotan, eta, seguru asko, handiagoak ere ikusiko ditu aurrerantzean. «Hau lehen hiri barruan zegoen herrixka baten modukoa zen; laster, hiri barruko beste hiri bat izango da», azaldu du Mitxel Fernandezek, Erribera tabernako barraren bestaldetik.

Inguruko auzokideak dira Erribera tabernako bezero nagusiak; horiek, eta auzoko obra ugarietan lanean diharduten beharginak. Etsipen puntu batez mintzo da Fernandez, edalontziak lehortzen dituen bitartean: «Hau herri baten modukoa zen, mundu guztiak ezagutzen zuen elkar, eta bazuen halako giro berezi bat. Hori guztia galdu egingo da. Pentsa: eraikitzen ari diren dorre horietako batek auzo osoak adina bizilagun izango ditu». 2021ean, 413 herritar zeuden auzoan erroldatuta; gaur egun, mila biztanle inguru dira, eta asmoa da datozen urteetan 5.500 etxebizitza eraikitzea.

Zerbitzuen eskasia larria da auzoan: «Hemen ez dago ezer; ez dago supermerkaturik, ezta eskolarik, osasun zentrorik edo okindegirik ere; zabalik iraun duten tabernak dira zerbitzua ematen duten bakarrak, eta, horregatik, inguruko auzokideen topaleku izaten dira».

«Beti aldarrikatu dugu hemen jendea bizi dela, hau ez dela basamortu bat, eta hori kontuan hartzeko»

IRAIDE ARTETXE Erriberako Auzo Elkarteko kidea

Iraide Artetxe auzo elkarteko kidea da, eta hark ere «hiri barruko herria» esapidea erabili du auzoa definitzeko. «Bere kokapen geografikoagatik, eta orain arte zerbitzu gutxi eta garraiobide eskasak izan dituenez, sinergia moduko batzuk sortu dira, eta auzoak bere nortasuna garatu du. Zubia zeharkatu eta hiritik aparteko oasi moduko batean sartzeko sentsazioa izaten duzu».

Orain arte, arazoak ugariak izan dira auzoan: espaloi estuak, autobusen maiztasun eskasa, garbitasun falta, argiztapen falta... Zerrenda luzea da: «Ez dakigu apropos edo nahi gabe izan den, baina egia da udalak nahikoa utzia izan duela auzoa». Orain, berriz, auzoa eraldatzeko prozesua abian da: «Guk beti aldarrikatu dugu hemen jendea bizi dela, hau ez dela basamortu bat, eta hori kontuan hartzeko lanak egiten dituztenean: kamioiak nondik pasatuko diren, kaleak nola garbituko dituzten eta abar. Eta gero, noski, dena etxe orratzez eta eraikin handiz betetzeak kezka sortzen digu».

(ID_14423513) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-11-12, Bilbo. Itsasadarraren ondoko eremuak
Arraunlari bi, itsasadarrean, atzean Deustuibarra dutela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Auzo elkartea saiatzen ari da auzokide berriei abegi egiten eta auzoaren kezken eta nortasunaren berri ematen, eta, Artetxek dioenez, oraingoz lan hori fruituak ematen ari da: «Aurrekoan batzarra egin genuen, eta zenbait auzokide berri etorri ziren».

Sandra Garciak hogei bat urte eman du auzoan bizitzen, eta hark ere uste du Deustuibarrak «nortasun berezia» duela: «Errekaren ondoan bizitzeak eta urez inguraturik egoteak zerikusi handia du horretan». Eta beldur da hori galduko ote den: «Izenetik hasita, beti Erribera izan dena orain Zorrotzaurre bilakatu nahi dute. Bai, beldur gara, baina antolatuta gaude, eta ez gara erraz amore ematen dutenetakoak».

Jakintza eremua

Itsasadarraren albotik igarotzen den errepidetik aurrera eginda, auzoaren itxura apurka-apurka aldatzen da. Han daude Mondragon Unibertsitateak erabiltzen duen As Fabrik eraikina, DigiPen teknologia institutuaren egoitza eta itxura moderno eta berritzaileko beste zenbait eraikin. Gazte ugari ibiltzen dira handik gertu dagoen Don Cesar tabernaren inguruan, eta ez da arraroa gazte horietako batzuk ingelesez edo alemanez berba egiten entzutea.

Izaro Astorkitza Algortakoa da (Getxo, Bizkaia), eta Mondragon Unibertsitatean ikasten du. Dioenez, ez du harreman handirik auzoarekin, hara ia egunero ikastera joaten den arren: «Ikasgelan badaude Deustuko ikaskide batzuk, eta haiekin badugu harremana, baina ikasgelakoak direlako, ez hemengoak izateagatik». Antza denez, hori ohikoa izaten da Zorrotzaurrera joaten diren ikasleen artean: «Egia esateko, autoz edo autobusez etortzen gara ikastera, eta auzoa ia ez dugu ezagutzen. Taberna pare bat dagoela badakit, baina ezer gutxi gehiago».

Normalean, Astorkitza autoz etortzen da Getxotik: «Bestela, metroz etorri behar dut Deusturaino, hango geltokian jaitsi eta han autobusa hartu hona etortzeko, baina denbora doblea tardatzen dut».

«Guk bagenekien inguru osoan obrak egiten ari zirela eta horrek dakartzan eragozpenekin bizi beharko genuela»

MARIO SERNA Auzokide berria

Iparraldeko muturrean ere etxebizitza berriak egin dituzte; babes ofizialeko hiru eraikin, hain zuzen ere. Mario Serna Blanco irailean joan zen horietako batera bizitzera, bikotekidearekin eta bi seme-alabekin: «Batez ere, prezioagatik erabaki genuen han bizitzen jartzea; merkatu librean, prezioak neurriz kanpokoak dira erabat. Aldamenean etxebizitza libreak eraikitzen ari dira, eta 650.000 euro balioko dute; guk ordaindutakoa halako bi, gutxi gorabehera».

Bost urte itxaron behar izan dute Sernak eta haren senitartekoek etxebizitzan sartu ahal izateko. Tartean, pandemiak eragindako geldialdiak eta espero gabeko gainkostuak izan dituzte bidean. Azkenik lortu dute etxebizitzan sartzea, baina arazoak ez dira amaitu: «Guk bagenekien inguru osoan obrak egiten ari zirela eta denbora tarte batez horrek dakartzan zaratarekin eta eragozpenekin bizi beharko genuela. Lanak 08:00etatik 20:00etara izaten dira. Baina orain, zaborra jasotzen duen kamioia 06:00etan etortzen da, eta sekulako zarata egiten du. Guk eskaera egin diogu udalari mesedez ordutegi hori aldatzeko».

Azpiegiturei eta zerbitzuei dagokienez ere, alde horrek gabezia nabariak ditu. Erosketak egiteko, medikuarenera joateko eta beste edozertarako, beharrezkoa da zubia igarotzea. Sernak dioenez, hori ere aldez aurretik asumituta zeukaten: «Bagenekien itxaron beharko genuela oinarrizko zerbitzu batzuk eduki arte». Arazoa beste bat da: eraikinetan badaude saltokiak eta bestelako negozioak jarri ahal izateko lokalak, baina prezioak oso garestiak dira: «Okindegi sare batek interesa agertu zuen denda bat zabaltzeko, baina, ikusi zutenean metro koadroak 4.000 euro balio duela, atzera egin zuten. Jakina, ehun metro koadroko lokal batean negozio bat jartzeko 400.000 euroko inbertsioa egin behar baduzu, ez da errentagarria».

Arazoak ez dira gutxi: garraiobide eskasak, errekaren beste aldean dauden Sader eta Profersa enpresen kiratsa eta abar. Hala ere, Sernak ez ditu «alde negatiboak» nabarmendu nahi: «Bizilagun guztiok adin bertsukoak gara, asko gara umeak ditugunok, eta, hemen denbora gutxi eman dugun arren, jadanik hasi gara komunitatea egiten, eta auzo elkartearekin ere harremanetan jarri gara. Nik uste dut arazo horiek konpontzen direnean hau leku ona izango dela bizitzeko».

izenaren inguruko gorabeherak

Administrazioak Zorrotzaurre izendapena hobetsi zuen eremu osorako egitasmoa onartu zuenean, eta gaur egun horixe erabiltzen da gehienetan, baina hautua ez da polemikarik gabekoa. Auzokideek behin baino gehiagotan adierazi dute Deustuko Erribera edo Deustuibarra erabili dutela beti auzoa izendatzeko —azken hori da Euskaltzaindiak gomendatzen duena—. Zorrotzaurre, berriz, irlaren iparraldeko muturra da, itsasadarraren beste aldean Zorrotza auzoa parez pare duena; hortik datorkio izendapena. Izen hori gune osorako erabiltzeak baditu bere paradoxak, hitzaren euskarazko esanahiari erreparatuz gero behintzat: uhartearen hegoaldeko muturrean dagoen osasun zentro pribatuak IMQ Zorrotzaurre du izendapen ofizialtzat, baina ez dago Zorrotza aurrean, eta ezinezkoa da handik Zorrotza auzoa ikustea ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.