Gloria Totoricaguena Egurrolaren (Boise, Ameriketako Estatu Batuak, 1961) aita Bilboko Areatzako kioskoan dantzatu zen 15 urte zituenean. 1937ko apirilaren 26ko Gernikako bonbardaketaren ondoren, Ameriketara joan zen emaztearekin batera. Han jaio zen Totoricaguena. Aita dantzatu eta hamarkada batzuk geroago, toki berean atera dizkiote elkarrizketarako argazkiak.
Eusko Ikaskuntzak Totoricaguenari emango dio 2025eko Manuel Lekuona saria. Erakundearen arabera, euskal diasporaren «ikerlaririk handienetako bat» da, eta «lan nabarmena» egin du euskal errealitatearen nazioarteko zabalpenean. Totoricaguenarentzat «esanguratsua» da saria jaso izana, eta «hunkigarria diaspora osoarentzat»: «Ikerketak errazteko, ateak ireki dizkidate beti, edonon: Australian, Belgikan zein Filipinetan. Saria pertsona horientzat guztientzat ere bada».
Harro zaude bi identitate izateaz. Nola eraikitzen da euskaldun identitatea Euskal Herrian egon gabe?
Boisen erraza da, euskal komunitatea oso mobilizatuta dagoelako: Euskal Etxea, ikastola, jatetxeak... Ni hazi nintzen giroan normala zen euskara, gaztelania eta ingelesa dena batera entzutea. Eskolan ohartu nintzen denek ingelesez hitz egiten zutela. Gaztea zarenean, besteak bezalakoa izan nahi duzu. Gerora, baina, konturatzen zara gainerakoen berdina izan zaitezkeela, eta pixka bat diferentea. Hemen biak gara: euskaldunak eta estatubatuarrak, aldi berean. Askotan esaten dut: euskalduna izatea erantzukizuna eta pribilegioa da, aldi berean.
Nola ikusten da Euskal Herritik euskal diaspora?
Hemengo herritarrei galdetuko bagenie ea diaspora nola definituko luketen, ez dakit hamarretik bat gai izango ote zen zerbait zehatza erantzuteko. Telebistan ikusten dutena ezagutuko dute, Vascos por el mundo programa eta halakoak. Baina hori bakarrik ez da euskal diaspora. Hemengo erakundeek bilerak dituzte AEBetako agintariekin, merkataritza ganberekin, unibertsitateekin, museoekin, dantza taldeekin... Euskal Herriko herritarrek jakingo balute euskal diasporako sektore bakoitzak zer egiten duen, harrituta geratuko lirateke.
Alderantziz, nola ikusten du euskal diasporak Euskal Herria?
Badago Euskal Herria sekula bisitatu ez duen jendea. Beste batzuk, berriz, etorri dira, baina turismoa egitera bakarrik. Ez dira inoiz ospitale batera sartu, EHUra edo ikastola batera. Gainetik ezagutzen dute. Badago ezjakintasun bat, baina niretzat normala da. Gernikako jendeak zer ezagutzen du Donostiaz? Eta alderantziz? Bakoitzak berea ezagutzen du, eta besteena, berriz, albisteei, liburuei eta jendeak kontatzen dionari esker.
«Euskal Herriko herritarrek jakingo balute euskal diasporako sektore bakoitzak zer egiten duen, harrituta geratuko lirateke»
Zer egin daiteke zubiak eraikitzeko?
Dauden zubiak indartu behar dira. Harremanak egon badaude Euskal Herriaren eta diasporaren artean: senideak, lagunak, unibertsitateen arteko akordioak... Euskal Etxeek ere harremana dute Eusko Jaurlaritzarekin. Harreman hori hedatu beharko litzateke museoetara, udaletara... Badira programa batzuk euskal diaspora Euskal Herrira ekartzeko. Normalean gazteentzat dira; izan daitezela helduentzat ere. Gaur egungo Euskal Herria ezagutu dezatela: zein da haien egunerokoa? Zergatik zahar etxeetan Hego Amerikako jendeak egiten ditu zaintza lanak? Nola lagundu dezakegu migrazioa ulertarazten? Kalimotxoaz eta taloaz gainera, gauza gehiago ezagutu ditzatela. Horiek ere badira euskaldunen parte, baina ez da hori bakarrik.
Zer garrantzi dute Euskal Etxeek zubien indartze horretan?
Oso garrantzitsuak dira, instituzio bat direlako. Euren estatutuetan jasoa dute ezin dela alderdikeriaz hitz egin. Guztiontzako instituzioak dira. Oso garrantzitsuak izan dira 150 urtean. Elkar ezagutzen dute, eta edozein motatako laguntza eskain dezakete. Etorkin batentzat Euskal Etxeak dira lehenengo geltokia. Etxetik kanpo etxe bat izatea da.
Zer-nolako harrera izan zuten euskaldunek AEBetan?
Boisen ona, hainbat arrazoirengatik. Azal zuriko etorkinak ziren, eta kristau erlijiokoak. Ez zegoen, beraz, arrazakeriarik. Euskaldunek ez zuten jasan AEBetan beti egon den migratzaileekiko gaitzespena eta arrazakeria, boterean egon direnak beti izan direlako gizonak, zuriak eta kristauak. Euskaldunen etorrera gehiago errespetatu dute txinatarrena, japoniarrena edo Afrikako edozein herrialdetakorena baino.
Esango zenuke euskal diaspora bat egiten ari dela migrazioaren aurkako diskurtso gogorrak dituzten lerro politikoekin?
Ikerketetarako elkarrizketak egiten ditut, eta galdera horrek isiltasuna sortzen du. Arrazakeria mahai gainean jartzean, orokorrean ez dute hitz egin nahi. Agian, gero, toki pribatu batean esango dute: «Zerbait egin behar da, ateak ezin dira irekita eduki». Baina zergatik ez? Zergatik ezin dira irekita egon? Ideia horiek dituzte buruan, komunikabideetatik hori iristen delako. Lana kentzera datozela diote. Edo gu ari garela zergak ordaintzen, eta haiek ez dutela ezer egiten. Hemen ere entzuten dira horrelakoak: esaten dute migratzaileek ez dutela ezer egiten, geldirik egoten direla kalean. Agian geldirik daude egunean zehar, gauerdian egin behar izan dutelako lan.
«[AEBetan] Euskaldunen etorrera gehiago errespetatu dute txinatarrena, japoniarrena edo Afrikako edozein herrialdetakorena baino»
Ahaztu egiten al zaigu euskal herritarrak ere migratzaileak garela?
Badirudi baietz. Euskaldunak hemendik atera ziren, eta Argentinan oso ondo hartu zituzten. Eta lana eman zieten. Mexikon, Uruguain, Perun, Venezuelan, Australian... Toki guztietan.
Arrazoi politikoengatik, ekonomikoengatik... utzi zuten herritar askok Euskal Herria. Arrazoi berberengatik, lagun ugari ari dira Euskal Herrira etortzen. Nola bermatu harrera herri duin bat izatea?
Euskal Herrian bizi direnei gizakienganako errespetua eta ulermena eskatuko nizkieke. Pertsona horrek, bere herrialdetik irteteko, ezagutzen duen guztia utzi behar izan du: familia, lagunak, egunerokoa. Etorkizunerako toki horretan zituen ametsak ere bertan behera utzi ditu. Izan ere, agian ez dute aukeratu etortzea. Nork erabakitzen du gerra zibilean den herrialde batean bizitzea? Edo Gaza batean? Uste duzu Mileiren Argentinan bizitzea aukeratu dutela? Ez dute erabaki. Horregatik, errespetua eta ulermena eskatuko nituzke. Emigratzea oso zaila da.