Hezkuntza itunerako bidea (V). Digitalizazioa.

Digitalizazioaren erronka

Hezkuntzaren gaur egungo erronkak aztertzea izan da Eusko Legebiltzarrean sortu den Hezkuntza Batzordeak eduki dituen zeregin garrantzitsuetako bat. Ezinbesteko arlo bat argi izan dute: digitalizazioa. Hezkuntzak teknologietara moldatu beharra dauka; baina gailuak ere hezteko prestatu behar dira.

Zarauzko Orokieta ikastetxeko ikasleak, artxiboko irudi batean. BERRIA.
jone arruabarrena
2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeen %23,9k lortu dute urte honetan digitalizazio maila aurreratua daukatela erakusten duen ziurtagiria. Jaurlaritzak aurkeztutako txosten baten arabera, maila hori duten ikastetxeak «birtualizatuta» daude; hau da, irakaskuntza, kudeaketa, administrazio eta komunikazio prozesu guztietan erabiltzen dituzte IKTak. Hezkuntza zentroen %55,2k, ordea, tarteko digitalizazio maila daukate oraindik, eta %20,9k, oinarrizko maila.

Baina nola hobetu dezakete teknologia berriek hezkuntza? Arrate Ugalde Zarauzko (Gipuzkoa) Orokieta eskolako zuzendariak argi dauka gailu digitalak sartzearekin batera orain arte erabilitako metodologia ere aldatu beharra dagoela: «Gailu teknologikoak bakarrik erabiltzen baldin baditugu lehen paperean egiten genuen hori egiten jarraitzeko, ez digute ekarpenik egiten. Gauzak egiteko modua aldatu behar da». Izan ere, eskolaren digitalizazioa ez da lortzen soilik baliabide materialak jarrita: «Tresna digitalak geletan sartzeak lan egiteko modua aldatu beharko luke, eta baita ikasleei eskaintzen zaizkien irakaspen proposamenak ere. Batzuetan, egokitzapen hori ez da etorri, eta gailuek, berez, ez dute ekartzen».

Azaldu duenez, hezkuntzaren digitalizazio hori modu egokian eginez gero, ate ugari zabaldu ditzake. Besteak beste, ikasleei «beren prozesuaren jabe» izateko aukera ematen dietela azpimarratu du. Izan ere, ikaskuntza indibidualizatzen eta bakoitzari behar duena eskaintzen laguntzen du teknologiak, baita «oso gertuko ebaluazio bat» egiten ere. Gainera, ikasleen arteko desberdintasunak parekatu ditzake, Ugalderen arabera: «Ez dituzte baliabideak jartzen soilik laguntza behar dutenei bultzada bat emateko; aurretik dabiltzan talentu horiek jarraitzeko beta ere ematen dute».

Kanpoko munduarekin erlazionatzeko ere erraztasunak jartzen omen ditu digitalizazioak. Batetik, aukera ematen die ikasleei sortu duten proiektu hori gero komunitatearen esku jartzeko: «Ikasleentzat oso motibagarria da beren lanak zeinen oihartzun handia izan duen ikustea». Eta bestalde, Ugaldek azaldu du teknologiak hezkuntza formalaren eta informalaren arteko horma eraitsi eta «mundua gelara» ekarri eta «gela mundura» ateratzen duela: «Ikasleei aukera ematen die beste toki batzuetako ikaskideak edukitzeko eta haiekin proiektu komunak sortzeko; atzerriko hizkuntzak modu erreal batean erabiltzeko beta ematen die horrek».

Hala ere, arriskuak ere badakartza ikasleak modu digitalean hezteak; era egokian eta kontu handiz digitalizatu behar dela ohartarazi du Iñigo Gebara Hezkuntzan ere Librezale plataformako kideak: «Ez dugu ikusten soilik pantaila bidezko hezkuntza bat. Ez du balio digitalizazioa edozein modutan egiteak; gaizki digitalizatzea atzerapauso bat ematea litzateke».

Adinarekin lotuta dago zalantza handietako bat: noiz hasi hezkuntza digitalarekin? «Uste dut arlo hori gehiago ikertu beharko litzatekeela. Orain arte egindako azterketen arabera, badirudi ez dela ona umeentzat hasieratik dena digitalizatzea; kalteak eragin ditzake kognitiboki. Digitala hobea izango balitz bezala saltzen digute, baina aztertu beharko litzateke zertan laguntzen duen eta zertan ez».

Horrez gain, sareen arriskuak ere aipatu ditu Ugaldek: «Interneten gorroto diskurtsoak aurkitu ditzakegu, eta ziberbullying kasuak ere egon daitezke, esaterako. Ezin diegu ez ikusiarena egin horrelako arriskuei. Kontrara: ikasleak ohartarazi eta ikuspegi kritiko bat garatzen lagundu behar diegu, tresnak izan ditzaten horrelako arazoei aurre egiteko».

Baina bada digitalizazioaren inguruan beste kezka bat: nola jarri guztien eskura digitalizatzeko baliabideak? COVID-19aren aurkako neurriek heziketa guztiz digitalizatu zuten hilabete batzuez; eta horrek agerian utzi zituen gaur egun hezkuntzak teknologia berriei dagokienez dituen gabeziak. Ikasle askok ez zuen baliabiderik izan konfinamendu garaian etxetik hezkuntza jasotzeko, gailu elektronikorik ez zeukatelako. «Dagoeneko, gailuak iristen ari dira eskoletara; seigarren mailatik aurrera, ikasleko ordenagailu bat. Baina horrekin batera, ahaldundu egin behar ditugu umeak eta familiak. Itxialdian konturatu ginen batzuk bazituztela gailuak, baina ez ziren erabiltzeko gai, eta etxean inor ez zen gai haiei laguntzeko; batzuk ezin ziren konektatu ere egin. Arrakala gainditu nahi badugu, komunitate osoa digitalizatu behar dugu».

Baina noren eskuetan utzi behar dugu digitalizazioaren atal teknikoa? Duela aste batzuk, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan ikasleek erabiltzen dituzten plataforma digitalak Microsoftekin hitzartu zituen Eusko Jaurlaritzak, eta bost urtean hiru milioi euro bideratuko ditu multinazional horretara. Jaurlaritza eskola publikoetako digitalizazioa enpresa pribatuen esku uzten ari zela ohartu zen duela urte batzuk guraso talde bat, eta horrela sortu zen Hezkuntzan Ere Librezale mugimendua; hezkuntzan software librea erabili beharko litzatekeela aldarrikatzen dute. «Enpresa erraldoiak erabiltzen ditugunean, ezin dugu jakin zer egiten duten ikasleen datuekin; enpresa horiek datuen ustiaketarekin egiten dute negozioa», azaldu du Gebarak. Gainera, gehitu du software libreak gailu digitalen funtzionamendua nolakoa den ulertzeko aukera ematen diela ikasleei, baita sistema bera egokitzekoa ere. «Software libreek, adibidez, programa guztiak euskarara itzultzeko aukera ematen digute».

Eztabaida ugari piztu dira teknologia berriek hezkuntzan izan beharko luketen lekuaren inguruan; izan ere, erronka ugari ekarri dizkio hezkuntzari digitalizazioak. «Irakasleen formakuntza da erronka nagusietako bat; baita komunitatearen ahalduntzea eta arrakala digitala deuseztatzea ere», azaldu du Ugaldek. Hala ere, argi dauka: «Formakuntza eta borondate handia behar da, baina egin beharreko kontua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.