Politika

Dimisio eskaeren mozioak aztertuko diren udalbatzarretara joateko dei egin du EAE-ANVk

2008ko apirilaren 23a
14:04
Entzun
Bihar hasiko dira EAE-ANVko alkateen eta zinegotzien dimisio eskaeren mozioak aztertzen -Arrasaten (Gipuzkoa) eta Atarrabian (Nafarroa)- eta alderdi hark herritarrei udalbatzarretara joateko dei egin. "Eraso hauen aurrean planto egin behar dugu", esan dute gaur, prentsaurrekoan, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko (Gipuzkoa) eta Galder Olivares Igorreko (Bizkaia) hautetsiek. Euren alderdiko zenbait hautetsi ere egon dira agerraldian, Donostian.

Arrasaten ANVk zazpi hautetsi ditu -alkatetza barne-, EAJk eta PSE-EEk launa, EB-Zutik-ek hiru, eta bana PPk, EAk eta Aralarrek. Atarrabian, Nafarroa Baik sei -alkatetza barne- UPNk bost, ANVk hiru, PSNk bi eta NEBek bat.

EAJk eta PSE-EEk duela egun batzuk hitzartu zuten mozioa, eta lehendabizi ETA gaitzesteko eskatuko diete ANVkoei. Halakorik egon ezean, dimisioa aurkezteko eskatuko diete. "Fruiturik ez badago", hurrena ANVko alkateen kontrako zentsura mozioa jartzeko prest leudeke EAJ eta PSE-EE. PP erabat dute alde.



"Ez dugu tentsio handiagoa egoteko dei egiten, baizik eta ANVko hautetsiak aukeratu gintuzten herritarrei euren iritzia emateko eskatzen diegu", adierazi du Beitialarrangoitia. Herritar horiek "ia 200.000" direla azpimarratu du. Arrasateko ANVk buzoiz buzoi idatzia banatu berri du, udalbatzarrera joateko dei eginez, eta, besteak beste, Espainiako Alderdien Legea kritikatu du.

Alderdi horren ustez, zentsura mozioek ez diote konponbide politikoari ekarpen onik egiten, eta udaletxe denetan mozio alternatiboa aurkezteko prest dago. Autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna aldarrikatuko ditu idatzi horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.