Diputazioak Beasain-Durango eta Donostiako bigarren ingurabideko lanak eskaini ditu

Donostiako bigarren ingurabideko 7,8 kilometroko errepide tartea abuztuan hasiko dira egiten

Erredakzioa
2007ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak 200 milioi euroko inbertsioa egingo du datozen hilabeteotan lurraldeko errepide sarean. Besteak beste, atzo iragarri zuen Donostiako bigarren ingurabidearen zati bat eta Beasain-Durango autobidearen beste bat egitea enkantean eskaini duela. Koldo Azkoitia Aldundiko bozeramaileak eman zuen azken Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakien berri; besteak beste, azpiegitura horiek eskaintzeko hartutako deliberoa.

Donostiako bigarren ingurabidearen zatiari dagokionez, 7,8 kilometroko autobide tartea da, eta Aritzetatik Donostiako Urumeako lotuneraino joango da. Abuztuan hasi nahi dute eraikitzen zatia, eta 2009. urtean amaitu; bi urteko epean, hain zuzen ere.

Donostiako bigarren ingurabidea 16,7 kilometroko autobide zatia izango da, eta Usurbildik Oiartzunera joango da, egungo saihesbidearen hegoaldetik. Lehen zatia iazko irailean hasi ziren egiten, Astigarraga eta Errenteria artean. Orain egiten hasiko diren zatiak 124 milioi euroko aurrekontua du, eta Usurbil, Lasarte-Oria, Hernani eta Donostiako udalerrietatik igarokoda.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, autobide horrek Donostiako sarrera-irteeretan egun gertatzen diren butxadurak arintzen lagunduko du, eta beste alternatiba bat eskainiko die tokiko gidariei eta probintziatik igaroko diren kanpokoei.



BEASAIN-DURANGO. Bestalde, Azkoitiak iragarri du Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak beste errepide zati bat eskaintzeko erabakia hartu duela: Beasain-Durango ardatzeko Zumarraga-Urretxu-Legazpi saihesbidea, hain zuzen ere.Errepide zati horrek 2,1 kilometroko luzera izango du, eta 58,2 milioi euroko aurrekontua.

Zati hori aurten hasiko dira egiten, eta bi urte barru bukatuko dute, aurreikuspenak betez gero. Errepide zati laburra izan arren, ingurune malkartsu batean egingo dutenez, zailtasun tekniko dezentea du. Hala, Argisaoko tunela (900 metro) eta Urola gaineko 266 metroko zubibide bat egin behar dituzte.

Bestetik, Aldundiak enkantean eskaini du A-1eko San Bernabeko ordaintokia egitea ere. Lanak 1,7 milioi euroko aurrekontua du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.