Josetxo Andia Eguesibarko alkatearen aurkako auzi saioa egin zen atzo Iruñeko epaitegian. Andacelay elkarte publikotik 100.000 euro Caixa Catalunyaren lehentasunezko partaidetzak erosteko erabili zituen, eta, diru publikoa bidegabeki erabiltzea egotzita, lau urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak. Hain zuzen ere, alkate izan aurretik hamar urtez Caixa Catalunyan lan egin zuen, eta eszedentzian zen. Andiak, ordea, ukatu egin zuen atzo diru publikoa espekulatzeko erabili zuela. «Orain partaidetza horri buruz dakiguna jakinda, damutu egiten naiz erosi izanaz». Andacelayko kontseiluari ez zion horren berri eman, eta ukatu du Caixa Catalunyaren alde jokatu zuela.
Alfonso Etxeberria Eguesibarko alkateak epaiketan salatu du Andiak sozietate publikoan nahierara «egin eta desegiten» zuela eta ez zekitela ezer operazio horri buruz. Etxeberriak gogorarazi du komunikabideek garai hartan jada salatzen zutela produktu arriskutsuak zirela.