Diskriminazio kasuak azaleratzeko erronka berretsi du Eraberean sareak

Poliziarekin lan egin dute, diskriminazioagatik egindako salaketak gorroto delitutzat har ditzaten

Arrazakeriaren aurkako mobilizazio bat; erasoak salatzera deitu dute. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Diskriminazio egoerak gora egiten ari badira ere, horiekin lotutako salaketek behera egin dute. Hala ezagutarazi zuen atzo Eraberean tratu berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako sareak. 2016an 141 salaketa jaso zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako epaitegiek, gorroto delituekin lotuta; 2015ean 201 izan ziren. Hots, urte batean %30 urritu ziren. Ordea, sareko kideek adierazi dute diskriminazio jokabideek gora egin dutela. Horren aurrean, «ezkutatuta» dauden bazterkeria kasu horiek ezagutarazteko erronka berretsi dute.

Eraberean sareak giza eskubideen alde lan egiten duten hainbat elkarte bildu zituen 2014. urtean, etnia, jatorri edota sexu eta genero identitateagatik dagoen bereizkeriaren aurka borrokatzeko. Ordutik, Eusko Jaurlaritzak sustatuta, prebentzioan eta bereizkeria pairatu dutenen arretan lan egin izan du. 2016ko urteari dagokion txostenean, gaia administrazioen agendan sartzeko beharra antzeman dute, auziari lotutako araudia hobetzeko, baita herritarren artean sentsibilizazioa sustatzeko ere.

Rosabel Argotek, CEAR Euskadiko eta Eraberean sareko kideak, gogora ekarri du 2016an sona handiko diskriminazio kasuak egon zirela: Iñaki Williams Athleticeko jokalariari El Molinon futbol zelaian egindako irainak, Gasteizko Zabalgana auzoko meskitaren aurkako erasoak... Edonola ere, «isilpean» gertatzen diren beste hainbat kasu daudela oroitarazi du, hedabideetara heltzen ez direnak baina Eraberean sareak jaso dituenak: etxebizitza bateko administratzailearen aurkako irain homofoboak; Nigeriako gazte bati egindako eraso arrazista, supermerkatu baten kanpoaldean; emakume magrebtar baten aurkako eraso fisikoa Bilboko metroan; migratzaile atzerritarrei etxebizitzak alokatzeko trabak...

Zenbaitetan, bereizkeria pairatzen duten kolektiboekin ere lan egitearen garrantzia aipatu dute. Ramon Motos Kale dor Kayiko elkarteko kideak aitortu du ijitoen kolektiboak mesfidantzaz hartzen duela administrazio publikoen lana. Erantsi du horrek zaildu egiten duela diskriminazio kasuen aurrean edozein prozesu abiaraztea. Gainera, nabarmendu du ijitoen komunitatean barneratuta dagoela bazterkeria ijitoa izatearen parte dela. «Horrek guztiz eragozten du prozesuan lagundu ahal izatea». Halako zailtasunek diskriminazioa bera elikatzen dutela uste dute Eraberean sareko kideek: «Diskriminazioa pairatzen duten horiei zailtzen diete dagozkien eskubideak baliatzea, eta horrek bazterkeria egoerak sortu edo indartu ditzake».

Poliziarekin elkarlanean

Horrez gain, Eraberean sareak eta Biltzenek, integraziorako eta kulturen arteko bizikidetzarako euskal zerbitzuak, lanketa berezia egin dute Ertzaintzako kide batzuekin. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak horren beharra iradoki zuen ekainean. Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian nabarmendu zuen poliziek ez dituztela halako salaketak egoki izapidetzen. Alegia, ez dituztela gorroto delitu gisa tramitatzen, eta horrek zailtzen duela auzibideek aurrera egitea.

2015etik ertzain berrien formakuntzan modulu berezi bat ematen du Biltzenek, tratu berdintasunaren alde eta diskriminazioaren aurka. Halaber, Biltzenek eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriak mintegi bat antolatu zuten gorroto delituen ikerketa eta tramitazioa hobetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.