Disruptore endokrinoen tasa kezkagarriak atzeman dituzte Lapurdiko haur batzuen pixan

'Vert de Rage' dokumentalak egindako azterketen arabera, Urdazuri ibaian eta inguruko etxeetako ur edangarrian sugar-atzeratzaileen tasa handiak badira. 29 haurrek tasa kezkagarria dute.

Ur iturri bat
Iturri bat, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko urtarrilaren 19a
11:45
Entzun

Ipar Euskal Herriko 29 haurren pixa analisietan sugar-atzeratzaileen tasa «kezkagarriak» atzeman dituzte. Vert de Rage dokumentalean eman dute datu horren berri. Sugar-atzeratzaileak disruptore endokrinoak edo hormona perturbatzaileak dira, eta, besteak beste, minbiziak eragiten dituzte. Eguneroko objektuetan atzematen dira, gailu elektrikoetan, autoetan, baita haurrentzako jokoetan ere. Produktu hori objektuek su har ez dezaten ezartzen da. Peio Dufau analisia egin duten haurretako baten aita da, eta uste du Ipar Euskal Herriko eragileei dagokiela kutsadura horren nondik norakoak ikertzea.

Hain zuzen ere, Euskal Hirigune Elkargoak batzorde bat osatuko du Ifremer institutuarekin, UPPA unibertsitatearekin, Eskualdeko Osasun Agentziarekin eta Aturri-Garona ur agentziarekin, ikertzeko nondik datorren sugar-atzeratzaileen tasa handia.

Bost aldiz handiagoa

Vert de Rage dokumentalaren egileek haurrentzako jokoak aztertu zituzten, eta ohartu ziren jokoen %10ek arautegiak onartzen duen baino tasa handiagoak zituztela. Horrek haurrengan duen eragina aztertzeko, Paris inguruko 50 bat haurren gernua aztertu dute lehenik. Argazki orokorrago bat izate aldera, gero, landa eremu bateko haurren tasak ere ikertu nahi izan dituzte, eta horren ondorio da Ipar Euskal Herriko haurrei analisiak egin izana. Emaitzak lortzean, sorpresa hartu dute, tasa kezkagarria agertu baitute Ipar Euskal Herriko 29 haurrek: Pariskoek baino bost aldiz handiagoa.

Halere, dokumentalaren egileek susmoa zuten Ipar Euskal Herriko haurrek tasa handia izan zezaketela: Ifremer institutuak Donibane Lohizune eta Ziburu arteko portuko ostren analisiak egin zituen duela bi urte, eta tasa handia zela atzeman zuten. Ikerketa hori ez zuten argitara atera.

Vert de Rage dokumentalaren egileek eskatuta, Catherine Pirard toxikologoak egin ditu analisi horiek, eta, dokumentalean azaldu duenez, tasa hain handia izateak erran nahi du ingurumen kutsadura bat badagoela: lurrekoa, urekoa ala airekoa. Hori ikertzeko, ur analisiak egin dituzte Ipar Euskal Herriko ibaietan: Urdazuri ibaian eta Donibane Lohizuneko, Ziburuko, eta Senpereko (Lapurdi) etxeetako ur edangarrian. Bietan, sugar-atzeratzaile ugari dago. Ur araztegi zaharkituen eta jarduera industrialaren ondorio izan daitekeela uste dute.

Peio Dufauren alaba gazteena da pixa analisia egin duten haurretako bat: tasa oso apala atzeman diote. Hortaz, Dufauk uste du tentuz hartu behar direla emaitzak: «Ene alabak tasa apala zuen; alta, iturriko ura edaten du, Urdazurikoa. Haur saratar batek tasa hogei aldiz handiagoa zuen, baina ez du Urdazuriko urik edaten. Horrek eran nahi du behar dela zinez ikertu nondik heldu den kutsadura hori. Bereziki etxeko objektuetan da partikula hori, eta larruaren bidez ere kutsatzen da». Argi du, dena den, osasun publikoko arazo handi bat dela. «Batzuk, dirua egiteko, edozein produktu baliatzeko prest dira, gure osasunaren kaltetan izanik ere. Hori da zinezko arazoa: pozoituak gara, eta ez molekula bakarrarekin». Dufauk argi du, halere, azterketa xeheak egin behar direla, eta uste du Ipar Euskal Herriko eragileei eta arduradunei dagokiela horiek egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.