Irakurri serie honetako artikulu guztiak
«Langileen soldaten arpilatzea, lan baldintzen kaskartzea, erosahalmenaren galera, emakume migratzaileen esplotazioa areagotzea, eta zaintza eta garbiketa sektoreetako pribatizazioak». Abian den ziklo ekonomiko berriaren ezaugarrietako batzuk bertzerik ez dira, «proletarizazio prozesu orokortu baten» erakusgarriak, finean, Irene Ruiz eta Nadia Perez Itaia emakumeen antolakunde sozialistako kideen erranetan. Haien irudiko, kapitalismoak «berregituratze basati bat» jartzen du martxan krisi garaietan, eta horrek bereziki eragiten die emakume langileei.
Oldarraldi erreakzionarioaren nondik norakoak esplikatzean egin dituzte hausnarketa horiek. Martxoaren 8an, talde, erakunde eta instituzio anitz mintzatu ziren oldarraldi horri buruz, nor bere ikuspegitik. Bada, Itaiak uste du «langile klasearen kontrako oldarraldi politiko eta ekonomiko» gisa ulertu behar dela. Zehatzago mintzatu da Perez: «Oldarraldi erreakzionarioa klase gatazka bat da, langile klase osoaren kontrako fenomeno bat baita, eta, hor, faxismoak zaurgarrienen kontra egiten du. Krisiari ematen zaion aterabide autoritario bat da faxismoa: klase ertainak ikusten du bere egoera okertzeko aukera dagoela, eta joera izaten du okerren daudenen kontrako jarrerak indartzeko. Hor bloke antiproletario bat sortzen da, klase ertaineko sektore batzuk eta burgesia elkartuta».
«Oldarraldi erreakzionarioa klase gatazka bat da, eta, hor, faxismoak zaurgarrienen kontra egiten du»
NADIA PEREZItaiako militantea
Erran duenez, ultraeskuinak klase ertainaren «deskonposizio» hori baliatzen du langile klasearen barnean «ideia atzerakoi, kontserbadore eta antiproletarioak» zabaltzeko. «Horren adibide nagusia da faxismoak migranteak kriminalizatzea, baita emakume langileok eta LGTB kolektiboak seinalatzea ere», gehitu du. Hain zuzen, Ruizek zehaztu du sektore horiek direla «langile klasearen geruzarik zaurgarrienetakoak».
Halaber, kriminalizazio horren ondorioez ohartarazi du Ruizek: «Matxismoa, arrazismoa eta klasismoa normalizatuz doaz gizarteko geruza batean baino gehiagotan, eta naturaltzat eta saihetsezintzat hartzen da jende horrek aukerarik ez izatea bere egoera hobetzeko». Adierazpen horiek guztiak «kapitalizatu» egiten ditu ultraeskuinak: «Instituzioetan ideia horien guztien ordezkari gisa agertzen baita». Eta ezkerra ez dago salbu: Ruizek erran duenez, diskurtso «nazionalista guztiz erreakzionario eta arrazista» erabiltzen hasiak dira. «Guk aurretiaz salatua geneukan Euskal Herrian ikusten zela horrelako perspektiba nazionalista eta identitario bat, zeinak alde batera uzten dituen proletariotza geruza horiek guztiak. Eta orain ikusten ari gara ideologia horiek faxismoaren marko kontzeptuala berenganatzen ari direla», zehaztu du.
Are, Ruizek nabarmendu du horiek guztiek langile klasearen —eta batez ere migratzaileen— gainean egiten duten edo egin dezaketen analisia «guztiz instrumentala» dela: «Haientzat, migranteak termino kapitalistetan soilik dira baliagarriak: ez dago klase irakurketarik». Ideia osatu du Perezek: «Baliagarriak dira ekarpen bat egiten badiote kapitalismoari, hau da, lanera badatoz».
Interes kapitalistak
Perezek ez du uste ezkerreko eta eskuineko alderdiek bat-batean bat egin dutenik, ezta indar politikoen konfigurazioa aldatu denik ere; kontrara, elkarren artean erakusten duten baino desberdintasun gutxiago daudelakoan dago. «Bi aldeetakoak alderdi kapitalistak dira, burgesiarenak, eta interes kapitalistak defendatzen dituzte. Arlo diskurtsiboan beren egoera polarizatzeko gai dira, baina funtsezko politiketan bat datoz». Adibide bat jarri du: Espainiako Gobernuak aurrekontu militarra onartu izana. «Horrek datozen hamar urteetako gainerako politikak determinatuko ditu, baita langile klasearen erabateko prekarizazioa eragin ere».
Berdintsu mintzatu da Ruiz, eta gehitu du erreforma autoritarioa gogortzen ari dela: «Zigor Kodea gogortzen ari dira, Polizia indartzen, kontrol soziala areagotzen, eta protestak kriminalizatzen. Gainera, nabaria da gerrarako norabidea hartu dugula: gastu sozial guztia gerra finantzatzeko baliatzen da, baita neurri autoritario horiek indartzeko ere».
«Zigor Kodea gogortzen ari dira, Polizia indartzen, kontrol soziala areagotzen, eta protestak kriminalizatzen. Gainera, nabaria da gerrarako norabidea hartu dugula: gastu sozial guztia gerra finantzatzeko baliatzen da»
IRENE RUIZItaiako militantea
Euskal Herriko egoerari dagokionez, Perezek uste du testuingurua «oso denbora gutxian» aldatu dela: «Orain dela urtebete gizarteko sektore batek zioen euskal DNA antifaxista zela, eta, bat-batean, ideia erreakzionarioak normalizatu egin dira kalean». Azpimarratu du Euskal Herria ez dagoela munduko joeretatik kanpo, baina badituela faktore bereizgarri batzuk. Batetik, ezker instituzionalari dagozkionak: «Askoz zailagoa ikusten dugu ezker instituzionalean atzerapausoak ematea joera erreakzionario horretarantz, beste baldintza batzuk ere badaude eta: EAJren higatzea, adibidez, eta horrek ere eragina du». Bertzetik, bertako militantzia kultura: «Kalean bloke moduko bat sortu dute gazte sozialistek, eta baita beste herri mugimendu edo joera iraultzaile batzuek ere».
Gutxiengoak jopuntuan
Berregituratze horrek langile klase osoa, eta bereziki sektore zaurgarrienak kolpatzen dituela esplikatu dute; hala nola, emakume langileak. Zehatzago mintzatu da Ruiz: «Emakume langileen esplotazioa justifikatzen da diskurtso guztiz klasista, matxista eta arrazista baten bitartez». Erran duenez, andre langileen zati handi batek zaintza eta garbiketa sektoreetan lan egiten du, eta sektore horiei egiten zaien aitortza baxua izateaz gain, gero eta gehiago ari dira kaskartzen bertako baldintzak.
Bertzalde, Ruizek azaldu du emakume migratzaileen egoera ere okerrera doala: batetik, prekarizazioa areagotzen ari delako, eta bertzetik, krisi garai honetan zabaltzen ari diren ideiek emakume horien kontrako indarkeria gogortzen dutelako. «Horrez gain, ahazten zaigu gure kontrako indarkerian eta esplotazio basatian oinarritzen diren beste merkatu batzuetara jo behar izaten dutela emakume batzuek: sexu merkatura, adibidez», gehitu du.
«Ahazten zaigu gure kontrako indarkerian eta esplotazio basatian oinarritzen diren beste merkatu batzuetara jo behar izaten dutela emakume batzuek: sexu merkatura, adibidez»
IRENE RUIZItaiako militantea
Bada, gogorarazi du Itaiak indarkeria matxistaren kontrako borrokak abiarazi dituela, garrantzitsua baitzaie matxismoaren aurkako jarrera hori «kalean sustraitzea». Bertzeak bertze, sexu esplotazioari aurre egitera deitu izan dute, azken hilabeteetan Euskal Herrian atzemandako sareen berri izatean; Frantziako poliziek egindako sexu erasoen inguruko inpunitatea ere salatu dute, ikerketa batek agerrarazi eta gero gutxienez 215 poliziak eraso matxistak egin zituztela 2012 eta 2025 bitartean. «Bitartean, ultraeskuina emakumeen kontrako zapalkuntza ukatzen duten diskurtsoak zabaltzen ari da, eta instituzioetan oinarrizkoak diren eskubideak atzera botatzen. Era berean, sare sozialetan diskurtso guztiz zapaltzaileak zabaltzen dituzte», borobildu du Ruizek.
Adierazi du emakume langileak ez ezik bertze gutxiengo batzuk ere oldarraldiaren jopuntuan daudela: «Politika autoritarioekin batera LGTB pertsonen aurkako gorroto diskurtso izugarri bat zabaltzen ari da».
Horri guztiari aurre egiteko, ezkerreko alderdiek proposatu dute faxismoaren kontrako fronte zabal bat osatzea, autoritarioa den horren eta autoritarioaren kontrakoa denaren arteko banaketa egiteko. Itaiakoek kritikatu egin dute planteamendu hori, oinarrian duen dikotomia «faltsua» delakoan. Zertaz-eta ezkerrak ere martxan jarri dituelako politika autoritarioak, Perezek erran duenez: adibide gisa aipatu ditu koronabirusaren garaian eskubide zibil eta politikoen arloan egon zen atzerakada eta aurrekontu militarra handitzea.
«Urgentziazkoa da klase fronte bat sortzea, oinarritzat hartuta kapitalismoaren kontra egitea»
NADIA PEREZItaiako militantea
«Guretzat, klaseen arteko fronte zabal hori planteatzeak ez du zentzurik, egoera honen erantzule diren asko biltzen dituelako, eta beren ardura guztietatik libre utzi», zehaztu du. Perezek erran duenez, bertze fronte bat behar da, langile klaseko askotariko norbanakoak batzen dituena, eta horrek emanen du modua krisiari buru egiteko. «Urgentziazkoa da klase fronte bat sortzea, oinarritzat hartuta kapitalismoaren kontra egitea», borobildu du.