arantxa elizegi egilegor

Diskurtsoen arriskua

2026ko irailaren 11
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskuin muturrari egozten zaio maiz migratzaileekiko gorrotoa sustatzea, eta bada, noski, haien oinarrizko proposamenetako bat bertakoa lehenestea. Baina diskurtsoa hedatu egin da eta ustekabean edonon topa litezke haren jarraitzaileak. Urri amaieran beteko da urtea Ertzaintza atxilotuen jatorria jakinarazten hasi zela. Aldi hartan Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak esan zuen «mesede bat» egiten zietela «gurera egokitu eta behar bezala errotzeko ahalegina» egin duten 150.000 etorkinei. Izan ere, datuak emanda migratzaileen inguruko datu faltsuak saihestuko ziren, sailburuaren esanetan.

Ceutako krisiak berriz ekarri du gaia titularretara. Zupiriak abuztu amaieran esana da migrazio fluxuak «kudeatu» egin behar direla «gizartearentzat onargarriak» izan daitezen. Zer da, ordea, gizartearentzat «onargarri» izatea? Zer da «behar bezala etortzeko ahalegina» egitea?  

Donostian, egun argiz, tiro egin diote kalean eserita zegoen migratzaile bati. Ez da, noski, parekagarria, baina Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioekin izandako jarrera ere hor da —plataformak abuztu amaieran salatu zuen udaltzaingoa jazarri egin zitzaiela kalean bizi direnen artean ogitartekoak banatzen ari zirenei—, edo Bilbokoak kaleko saltzaileak gaizkile gisa aurkeztu izana. 

Diskurtsoa barneratu egin du gizarteak, eta horretan lagundu dute politikari eta komunikabideek, ez bakarrik eskuin muturrekoek. Migratzaileenak krisi humanitarioa izateari utzi dio azken hilabeteetan eta segurtasun arazo bilakatu da. Inkestek erakusten dute horixe, segurtasuna, dela herritarren kezka nagusietako bat; badituzte, noski, beste batzuk ere, salgaien garestitzea, etxebizitza, hezkuntza.... Baina segurtasun gabezian jarri dute fokoa politikariek —gaiari buruzko monografiko bat egin asmo dute EAJk eta PSEk—. Eta fokoa jartzen den tokira joan ohi dira begiradak ere.  

Europak urteak daramatza migrazioari oztopoak jarri nahian. Lehen urrats handia Turkiarekin egin zuen, EBra heldu nahi zutenei han eustearen truke milaka milioi emanez. Hamar urte dira hortaz. Geroztik saio gehiago etorri dira: Frontexen aurrekontua handitzea; etorkinak hirugarren herrialdeetara bidaltzea —Italiatik Albaniara, Erresuma Batutik Ruandara—; herrialdean, baina kontinentetik kanpoko guneetan mantentzea —Espainiak Ceutan eta Melillan egin duen moduan—, atxilotze gune erraldoiak jartzea itsasoan... Bogan dago giza krisi bati segurtasun neurriak handituz erantzutea, baina etorkinekiko beldurra eta mesfidantza zabaltzeko soilik balio du. Agian, Zupiriak zioen bezala migrazioak «gizartearentzat onargarriak» izan daitezen, diskurtsoak dira kudeatu behar direnak eta ez fluxuak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA