Sabino Cuadra

Doilor baten heriotzari

2025eko azaroaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mario Benedettik idatzi zuen, 2006an, Augusto Pinochet diktadorearen heriotzaren ondoren, baina berdin-berdin idazten ahalko zuen 1975ean, Franco hil ondoren: 

    «Vamos a festejarlo, vengan todos los inocentes, los damnificados, los que gritan la noche, los que sueñan de día, los que sufren el cuerpo […] Vamos a festejarlo, vengan todos, el crápula ha muerto, se acabó el alma negra, el ladrón, el cochino, se acabó para siempre […] Vamos a festejarlo, a no volvernos flojos, a no olvidar que éste es un muerto de mierda».

Diktadurak ez zuen askatasunen falta bakarrik ekarri, sinesbide, aberri eta manamenduen ezarpena baizik. Gazte nintzelarik (ni 1949ko maiatzean sortu nintzen), frankismoak, neurri handi batean, argirik eza eta aire kutsatua zuen bere baitan. Amurrioko Lanbide Institutuan, han ikasi bainuen, Erlijiozko, Izpiritu Nazionalaren Prestakuntza (FEN) derrigorrezko klaseak zeuden, eta nahitaezko kantuak, Cara al Sol eta Oriamendi kasurako, astelehenero eta ortziralero, Falange, Errekete eta Espainiako banderak jaso eta erriatzen ziren bitartean, irakasleen klaustroak, apez sotanadunak barne, besoa modu martzialean altxatzen zuelarik. Hortik kanpo, karriketan, derrigorrezko mezak eta garizuma astun eta bukaezinak. Haietan, plazako dantzaldia eta parrokiako zinema (zegoen bakarra) etenik gelditzen ziren, Pazkoko igandea noiz iritsiko eta Jesu Kristo berriro noiz berpiztuko zain geundela. Askoz gehiago izan, bazen, baina hor uzten dut.

Beranduago, ikasketa beka batekin Tarragonako Francisco Franco Lanbide Unibertsitatetik, Alcala de Henaresko Miguel de Cervantes unibertsitatetik, Madrilgotik eta Deustuko jesuiten unibertsitatetik pasa ondoren, dena aldatu zen. Bilera klandestinoak hasi ziren, Manifestu Komunistaren irakurketa eta eztabaida, iraultza errusiar, txinatar, kubatar eta aljeriarraren azterketa...Horrekin batera klase praktikoak ere bazeuden, zeinetan nota altuekin lizentziatu baikinen panfletoak botatzen, trafikoa mozten eta karriketan manifestatzen. Herrikoa izan eta harriak botatzen jakiteak bazuen abantaila erantsia.

Zuzenbide ikasketak bukaturik eta soldaduska modu aberkoian eginik, 1973an bulego laboralista eta ordena publikoko batean sartu nintzen, Bilbon, Basaurin, Durangon eta Barakaldon egoitza irekiak zituen batean. Niri Ezkerraldea tokatu zitzaidan, non, desde Santurce a Bilbao, yendo por toda la orilla, grebak eta gatazkak etengabe gertatzen baitziren. Handik lan izaerako demandez (soldatazkoak, zehapenak eta kaleratzeak...) arduratzen ginen, bai eta atxiloketez, espetxeko bisitez, TOPeko epaiketez ere.

Aurten, urtarrilean, 50 urte bete dira Victor Perez Elexpe gaztea erail zutenetik Portugaleten, guardia zibil batek bizkarrean tiro emanda, propaganda banatzen ari zela. Pixka bat beranduago, 1976ko maiatzean, Santurtzin, Sardinaren Bestan, amnistia eskatzeko manifestazio bat sakabanatu ondoren, Kristo Reyko gerrillari batek Normi Mentxaka erail zuen buruan tiro eginda. Aurrez aurreko espaloitik ikusi ahal izan nuen. Victor eta Normirenak bi kasu hurbil izan nituen baina hagitz gehiago izan ziren. Hiru hilabete lehenago irailaren 27ko fusilamenduak izanak ziren eta, zenbait hilabete beranduago, martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak bortz langile erail zituen greba batean. Bertze bi erail zituzten Basaurin eta Tarragonan elkartasun manifestazioetan. 

1974an, iraultza portugaldarrak eta, Grezian, koronelen diktaduraren uzkailtzeak erakutsi zuten dena posible zela. Lehendabizikoan, errotikako bertze neurri politiko eta sozialen artean, PIDE desegin zuten. Haren 1.000 kide epaiturik izan ziren eta haietako 350 kondenaturik; 12.000 funtzionario egotzi zituzten beren postu eta karguetatik. Grezian, izugarrizko erreferendum batek Errepublika ezartzea eta monarkia lurperatzea erabaki zuen. Latitude hauetan, frankista aunitzek mustatxa moztu zuten eta, inolako ahalkerik gabe, frankismoa erreformatzeaz hitz egiten eta demokraziaren aldeko apustua egiten hasi ziren.

19tik 20rako gaua, lagun batzuek esna pasatu zuten zurrula noiz hilko zen zain. Azken parte medikoak grabaturik zituzten eta, goizeko 5etan berri ona eman zenean, alimaleko besta egin zuten xanpainaz eta tangoak dantzatzen. Gauaren gainerakoa albistea behin eta berriz entzuten pasatu zuten, eta aldi bakoitzean, xanpain gehiago. Hurrengo egunean, ortzegunarekin, bulegoa itxi genuen eta asteburu luze hartan dena erabateko parranda izan zen. Doilorra hilik zen. Etorkizuna edozein gauzari irekia ageri zen.

 

Sabino Cuadra Lasarte (Amurrio, Araba, 1949) abokatu laboralista, sindikalista eta politikari ohia da. 1974-1979 artean jardun zuen abokatu lanetan, eta hortik aurrera, funtzionario gisa Nafarroako Gobernuan. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan LKIn militatu zuen, eta Zutik-en eta Batzarren ondoren; baita Komite Internazionalistetan ere. Euskal Herritarrok-era batu zen 1998an, eta, abokatu lanetik erretiroa hartuta, Espainiako Kongresurako diputatu izan zen 2011tik 2015erako legealdian, Amaiurren zerrendan aurkeztuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.