«Jauzi» bat egitea, Donostia euskaldunago bat izateko. Horixe lortu nahi du Donostiako Udalak bihar aurkeztuko duen Donostian euskara sustatzeko plan estrategikoa 2026-2036 lanaren bitartez.
Egoeraren diagnostiko bat jaso dute hartan, baita datozen hamar urteetan Donostia euskaldunagoa bihurtzeko lan lerroak, jardunbideak eta neurriak ere. Hauek horietako batzuk:
1
Ezagutza
Plan estrategikoaren arabera, 2021ean donostiarren %46,7 ziren euskaldunak, eta 2036an, berriz, %52,9 izango dira. «Abiapuntu oso ona da», dio Donostiako alkate Jon Insaustik. Alta, azken ikerketetan nabarmendu dute euskararen aldeko hautua egiteko aparteko garrantzia duela herritar horiek euskaraz hobeto moldatzeak gazteleraz baino. Horretan atzeraka ari da Donostia, nahiz eta mantso izan: 1991n, donostiar euskaldunen %53,5 ziren euskal elebidunak edo elebidun orekatuak, eta 2021ean, %47,1. Insaustik nabarmendu du garrantzitsua dela «euskaldun osoak» lortzea: «Familia transmisioa ezinbestekoa dugu, eta, familia transmisiorik ez dagoenean, hezkuntza sistema sendoa behar dugu».
Helduak euskalduntzeko, funtsezkoak dira euskaltegiak. Insaustik azaldu duenez, orain arteko eskaintzari eutsiko diote, baina aparteko garrantzia eman dio sektore batzuetarako eskaintza espezifikoa egiteari: «Adibidez, etxeetan lan egiten duten zaintzaileek ezaugarri batzuk dituzte, eta euskaltegiek eta administrazioak horretara egokitu beharko dituzte baliabideak. Ostalaritzan lanean ari direnek beste ezaugarri batzuk dituzte, eta horien arabera egokitu beharko dugu. Ari gara pixkanaka-pixkanaka ariketa horretan». Jaso duten beste neurrietako bat, hauxe: «Ulermena hedatzeari garrantzia ematea: uler saioak zabaldu eta diruz laguntzea».
2
Erabilera
Donostian, euskararen erabilera %15 inguruan dago aspalditxoan, ez atzera ez aurrera, eta, Donostiako Udalak eskatuta Siadecok egin duen ikerketa baten arabera, horrelaxe eutsiko dio 2036ra arte: «Ez da txarra, kaleko erabilerari eusten diogu eta, eta hori ondo dago; ona ere ez da, ordea, ez atzera eta ez aurrera geratzea da eta». Horregatik, «jauzi» bat egiteko beharra ikusten du Insaustik: «Etengabe jarraitu behar dugu gauzak sortzen, eta uste dut Donostiako Udala beti izan dela bidegile hizkuntza politikak martxan jartzeko orduan».
3
Administrazioa
Administrazioan, esaterako, eredugarri direla uste du Insaustik: «Donostiako Udaleko langileen %91k daukate egiaztatuta euskara maila». Gainera, arduradun teknikoen eta politikoen %75 gai dira euskaraz hitz egiteko. «Euskarak izan behar du Donostiako Udalaren lan eta zerbitzu hizkuntza, eta herritarrei euskarazko zerbitzua bermatu behar zaie; hortik oso gertu gaude». Alkateak uste du horretarako ezinbestekoak direla hizkuntza eskakizunak: «Herritarraren hizkuntza eskubideak bermatu behar dira, eta, horretarako, etxe honetako zerbitzari publikoek bi hizkuntza jakin behar dituzte».
4
Hezkuntza
Dokumentuan jaso dutenez, hiriko ikastetxeetan D ereduan ari den ikasleen kopurua igo egin da, baina igoera erritmoa mantsotuz doa azken urteetan. Gaur egun, Donostiako ikastetxeetako ikasleen %70 ari dira D ereduan ikasten; A eredukoak %15 dira, eta B eredukoak, beste horrenbeste. «D ereduranzko joera indartu behar dugu, eta hori bada Donostiako Udaletik sustatzen dugun zerbait, guk ere eragiten baitugu matrikulazio kanpaina guztietan». 2 urteko haurrak D ereduan matrikulatzeko kanpaina egiteaz gain, beste neurri batzuk ere jaso dituzte: gurasoekin ikastetxeko bilerak euskara hutsez egin daitezen sustatzea eta baliabideak eskaintzea; irakasleei, hezitzaileei, gurasoei eta gazteei heziketa soziolinguistikoa eskaintzea...
5
Aisialdia
Aisialdiak aparteko garrantzia du haurrak eta gazteak euskalduntzeko eta hizkuntza ohitura jakin batzuk ezartzeko. Donostiako Udala horren jakitun dela dio Insaustik: «Gure lan premisa da sortzen den aisialdi guztia euskaraz izatea, eta Donostiako Udalak 0 eta 16 urte bitartekoentzat sustatzen duen aisialdi eskaintza guztia euskara hutsean egiten da». Gainera, aisialdi taldeen mapa egin eta hutsuneak identifikatuko dituzte, eta aisialdi arlorako titulua euskaraz ateratzea sustatu.
6
Turismoa
Turismoari dagokionez, Insaustik ez du arriskutzat ikusten, «bidelaguntzat» baino: «Jendea paisaia natural ederragatik, klimagatik eta gastronomiagatik etortzen da Donostiara, baina gure nortasuna, kultura eta hizkuntza ezagutzera ere bai; erabil dezagun turismoa geurea sendotzeko. Uste dut turismoa bidelaguntzat hartu beharko genukeela, jabetzeko zein garrantzitsua den gure nortasuna hauspotzeko». Planean aipatu dute 1.500 establezimendutan baino gehiagotan —Donostiakoen herena— zerbitzua euskaraz emateko gai direla.
7
Migrazioa
Migrazioa erronka bat da euskararentzat. Insaustiren esanetan, migratzaileek beste «zalantza» asko dituzte euskararen aurretik, baina seme-alabei opa diete euskara ikastea. Aitortu du Donostiako Udalean badagoela hutsune bat, eta plan estrategikoaren bidez konpondu nahi dute: «Donostiar berriek udalarekin izaten dute lehenengo komunikazioa, eta ez daukagu harrera protokolorik diseinatuta; hori garatzea dagokigu».