Minbiziaren aurkako CART terapiak beren baliabideekin egiteko eta aplikatzeko proiektu batean parte hartzen ari dira Donostia ospitalea eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutua. Horrela, ez dira farmazia industriako enpresen menpe egongo, Osakidetzaren arabera, eta paziente gehiagok izango dute eskura tratamendu mota hori. Osakidetzak 2022tik aplikatzen du CART terapia.
CART terapiaren helburua da minbizia duten zelulak suntsitzea. Horretarako, pazienteen immunitate sistemako zelulak hartzen dituzte, eta zelula horiek eraldatu. Hautatutako zelulek minbizia duten zelulak hautematen dituzte, eta horiek suntsitzen.
Osakidetzak eta Biogipuzkoak adierazi dute finantzaketa lortu dutela CART terapia garatzeko, CART Andalucia proiektuaren alorrean. Azaldu dute proiektuak hiru helburu nagusi dituela: minbizia duten pertsona gehiagok terapia jaso ahal izatea, tratamenduaren ondorioen eraginkortasuna eta iraupena handitzea, eta proiektua ekonomikoki bideragarria izatea.
Lehen fasean «soluzioaren diseinua» eta «proiektuaren plangintza integrala» lantzen ari direla azaldu du Osakidetzak; eta bioteknologiaren arloko «ikerketa zentroek, ospitaleek eta enpresek» parte hartuko dutela proiektuan. Osakidetzak jakinarazi duenez, lehen fasearen emaitzak onak badira, CART terapiak «modu autonomoan ekoizteko eta administratzeko gaitasuna» izango du.