'La rivolta nella città di plastica' (Matxinada plastikozko hirian) liburuaren egilea

Marco Santopadre: «Donostiak 'gourmet' hiriaren irudia saltzen du, baina iruzurra da, eliteko turismoa ere masifikatu baita»

Donostia turistifikazioaren eraginez nola aldatu den aztertu du Santopadre kazetari italiarrak, eta plastikozko hiri bihurtu dela ondorioztatu du. Kontakizuna egiteko, herri mugimenduen, aktibisten eta ikertzaileen ahotsa baliatu du.

Marco Santopadre idazle eta kazetaria, astearte iluntzean, Donostiako Parte Zaharrean. GORKA RUBIO / FOKU
Marco Santopadre idazle eta kazetaria, astearte iluntzean, Donostiako Parte Zaharrean. GORKA RUBIO / FOKU
kristina martin
2025eko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1995ean erein zuen Marco Santopadre kazetariak (Erroma, 1973) Euskal Herriarekiko harremana. Orduz geroztik, lotura estua izan du Donostiarekin. Hiri hori da, hain zuzen ere, argitaratu berri duen liburuaren protagonista. Donostiako turistifikazioaren aurkako borroka izan du hizpide La rivolta nella città di plastica liburuan (Matxinada plastikozko hirian). Asteartean aurkeztu zuen liburua, Parte Zaharrean, Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataformaren eskutik.

Nolako bilakaera izan du hiriak turismoaren eraginez?

Frankismotik 2008ra arte, turismo ereduaren oinarria etxebizitzak saltzea zen. 2008-2009ko krisialdia iritsi zenean, etxebizitzak ez ziren hain erraz saltzen, eta orduan turismoari begira jarri ziren, jadanik eraikita zeuden etxebizitza horiek eta eraikitzen ari zirenak horretara bideratuta. 2016an, Donostia Europako kultur hiriburua izan zen, eta, horrekin batera, ETA desegin egin zen. Ordura arte turista batzuek Euskal Herrira etortzeko izan zitzaketen errezeloak desagertu ziren; horrek bide eman zion turismoaren hazkundeari.

Italiarra zara, eta han bizi zara. Zergatik ikertu duzu Donostia?

1995ean hasi nintzen Donostiara etortzen, eta jadanik oso hiri turistikoa zen, baina ohiko dinamikari eusten zion. Etorri izan naizen bakoitzean aldaketak sumatu ditut. Baina hiru urtez etorri gabe 2019an itzuli nintzenean, erabateko eraldaketa ikusi nuen. Hiri homogeneo bat ikusi nuen, auzoetako dendak, betiko tabernak eta jatetxe gehienak desagertuta edo erabat itxuraldatuta... Garai hori mugarria izan zen, orduan apurtu baitzen turismoaren eta herritarren artean zegoen oreka. Turismoa ez zen jada beste osagai bat: hiriarentzako lehentasun bihurtu zen. Orduan sortu zitzaidan fenomenoaren inguruko interesa: eta aztertzen hasi nintzen hirian sortu ziren ekintzaileen eta herritar taldeen ikuspuntua.

'La rivolta nella citta di plastica' liburuaren aurkezpena egin dute Donostian.
'La rivolta nella citta di plastica' (Matxinada plastikozko hirian) liburuaren aurkezpena. GORKA RUBIO / FOKU
Zertan aldatu dela esango zenuke?

Merkataritzaren gentrifikazioa da agerikoena. Parte Zaharrean, Grosen eta Antiguako zati batean ikusten da gehienbat. Denda gehienak turistei begira diseinatuta daude, eta ez bertakoen eguneroko beharrak asetzeko. Urrian gaude, eta momentu batzuetan Parte Zaharreko kale batzuetatik ezin da ibili. Turisten taldeek asko okupatzen dute espazio publikoa. Biztanleentzat ez dago eremu librerik. Umeak ezin dira plazetan edo kalean jolastu, tabernetako mahaiek, museoetako instalazioek, dendetako erakusmahaiek eta antolatzen diren ekitaldiek bahitu dutelako eremu komunitario hori. Bertako auzotarrak arrotz sentitzen dira beren hirian. Hizkuntzan ere izan du eragina. Parte Zaharrean eta Grosen apenas entzuten den euskara. Espainiera ere gero eta gutxiago. Beste hizkuntzek hartu dute nagusitasuna kalean.

«Donostiak interes berezia piztu dit indarrak metatzeko gaitasuna dagoelako. Noski, ez daude beti indar betean eta eragile guztiek ez dute ikuspuntu bera, baina helburu eta agenda komun bat dute».

Donostiak eliteko turismoa erakartzen duela harro esaten dute agintariek. Masa turismoa baino hobea al da?

Gourmet hiriaren irudia saltzen du, baina azkenean iruzurra da, eliteko turismoa ere masifikatu baita. Tokiko produktu onak eskaintzea milaka turista dirudunentzat edo bi milioirentzat ez da gauza bera. Gero eta gutxiago dira kalitatezko produktuak aurkitu ditzakezun lekuak.

Donostian turistifikazioak ba al du erantzun soziala?

Donostiak interes berezia piztu dit hemen indarrak metatzeko gaitasuna dagoelako. Noski, ez daude beti indar betean eta eragile guztiek ez dute ikuspuntu bera, baina helburu eta agenda komun bat dute. Venezian eta Florentzian muturreko arazoak ditugu turistifikazioa dela-eta. Baina inoiz ez da izan mobilizazio sozial transbertsal bat. Donostian badago, eta iruditu zait beste lekuetan kopiatzeko modukoa dela.

Klima aldaketa ere baldintzatzen ari da turisten etorria?

Donostia lehen ez zen hain erakargarria udan hondartza eta eguraldi ona bilatzen zutenentzat. Mediterraneoko herrietan, ordea, gero eta bero handiagoa egiten duela eta, Donostia bezalako hiriak hasi dira helmuga bihurtzen turista horientzat ere.

Turistifikazioak goia jo al du Donostian?

Apartamentu turistikoen eredua mugara iritsi da. Hain muturrekoa den neurrigabekeria gobernu guztiak —alde daudenak ere— hasi dira arautzen.

Atzera-bueltarik ba al dago?

Parte Zaharra, adibidez, ez da inoiz izango lehen bezalakoa, baina, gaur egungo dinamika mugatuz gero, garaiz gaude geratzen diren auzotarrak bertatik ez botatzeko edo tokiko saltoki batzuk irekitzeko.

Turismoa, baina, industria perfektua balitz bezala saltzen dute. Dena onura da.

Turismoak lana eta aberastasuna ekartzen dituela esaten digute, baina xantaia bat da. Monolaborantzak arriskuak ditu; pandemia bat baldin badago, krisialdi bat, gerra bat edo Ryanair hegazkin konpainiak erabakitzen badu zure eskualderako hegaldiak bertan behera uztea, eragin hilgarria izan dezake. Alternatibak landu behar dira eredua krisialdian sartu aurretik. Krisialdi betean eginez gero, zailagoa da.

«Turismoan hainbeste inbertitu beharrean, klima aldaketari aurre egiteko politiketan inbertitu daiteke; lanpostu asko sor daitezke, eta onura gizarte osoarentzat da, ez enpresa gutxi batzuentzat»

Zeintzuk dira alternatibak zure ustez?

Agintariek egiazko informazioa eman behar diete herritarrei. Turismoa aberastasun iturri garbia delako diskurtso hori desagerrarazi behar dute. Turismoak alderdi onak ditu, nahiz eta onuradunak gutxi diren eta, gainera, enpresa horien egoitzak askotan beste herrialde batzuetan dauden. Eta gero kalteak daude, eta horiek ere azaleratu behar dira. Turismoak hondakinak sortzen ditu, ur eta argindar gastua dakar, etxebizitzaren eta aisialdi jardueren garestitzea, saltokien gentrifikazioa, segurtasunean ere badu eragina —lapurreta gehiago egoten dira turistak dauden lekuetan—... Datu guztiak jarri behar dira mahai gainean: onak eta txarrak. Eta gizartean eztabaida bat sortu, partaidetza zabalarekin: herritarrak, instituzioak, ikerketa zentroak, unibertsitateak... Giltzarria da denok ohartzea komeni dela turismoaren etekin ekonomiko batzuk sakrifikatzea herritarren hobe beharrez.

Eta galduko liratekeen lanpostuak?

Turismoak etekinak ematen ditu, baina diru publiko asko inbertitzen da. Beraz, turismoan hainbeste inbertitu beharrean, klima aldaketari aurre egiteko eta lurraldea zaintzeko politiketan inbertitu daiteke; hor lanpostu asko sor daitezke, eta onura gizarte osoarentzat da, ez enpresa gutxi batzuentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.