Donostiako Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur, Ekiola kooperatibaren bitartez hirian parke fotovoltaiko bat sortzeko helburuarekin. Herritarren autokontsumorako diseinaturiko egitasmo bat da, eta, goizean eginiko agerraldian azaldu duten modura, printzipioz urtean megawatt bat sortzeko gai izango da, hau da, 400 bat familia hornitzeko modukoa.
Ekiola kooperatiba EEEren eta Mondragon Taldeko Krean ingeniaritza enpresaren elkarlanetik sortu zen, eta herritarrak energia berriztagarrien kontsumorako sorkuntzan eta kudeaketan inplikatzea bilatzen du. Hala, egitasmoan izena emango duten herritarrak Donostiako Ekiolako kooperatibista bilakatuko dira, kontsumitzen duten energiaren ekoizpenaren partaide izateko.
Lankidetza hitzarmenean harturiko konpromisoen artean, udalak bere gain hartu du parke fotovoltaikoa eraikitzeko lursail bat bilatzeko ardura, eta sentsibilizazio kanpaina bat ere abiatuko du, herritarren artean proiektuarekiko atxikimenduak bilatze aldera. Urrats horiek «datozen hilabeteetan» emango direla adierazi du, data zehatzik iragarri gabe.
Eneko Goia alkateak, Iñigo Ansola EEEko zuzendariak eta Marisol Garmendia Ekologiako eta Osasun Publikoko zinegotziak aurkeztu dute proiektua, eta eginiko agerraldian nabarmendu dute Donostia halako egitasmo bat garatuko duen EAEko lehen hiriburua izango dela. Hala, Goiak adierazi du Ekiolarekin eraikitako parkeak esperientzia pilotu bat izateko balioko duela, eta, horren ostera, ideia hiriko beste gune batzuetara zabaltzeko aukera aztertuko dutela.
Halaber, lehen parke honen tamaina ez dago guztiz zehaztuta, bere gaitasuna bost megawattetaraino areagotu dezaketelako proiektuak herritarren artetik atxikimendu zabala jasoz gero. Otsailean, Ekiola kooperatibak Donostiarekin eginiko hitzarmen bera sinatu zuen Azpeitiko Udalarekin, eta bertan 2.650 eguzki plakaz osaturiko parkea sortzeko konpromisoa hartu zuen.