Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen idazkari Josetxo Ibazetak dimisioa eman du, Espainiako selekzioaren Eurokopako garaipena ospatzen ari ziren jarraitzaile batzuekin liskar bat izan zuela eta. Alkateak goizean prentsaurrekoa eman du, dimisioa berresteko. Izagirreren arabera, haren "jokabidea onartezina da erabat".
Alkateak esan du Ibazetak berak gaur aurkeztu diola dimisioa, eta onartu egin diola.
"Gertakizun isolatu batek eta egin dezaketen erabilpenak zure pertsonaren aurka kalte politikorik ez eragitea espero dut, ez udal gobernuari ez eta zuk presiditzen duzun instituzioari", dio Ibazetak dimisioa aurkezteko eskaera oharrean.
Donostiako Parte Zaharrean izan zen liskarra. El Mundo-k dio Espainiako jarraitzaileei Gora ETA militarra oihu egin ziela, eskuan pistola bat balu bezala keinua eginez. Sarean den bideo batean entzun daiteke zale batek "gudari, etorri hona" esan ziola.
Javier Zaragoza Espainiako Auzitegi Nagusiko fiskalburuak jakinaraziko du kasua aztertuko dutela, Ibazetak "terrorismoa" goratu duen ala ez jakiteko asmoz.