Hilaren 26a. Egun horretarako hustu nahi ditu Donostiako Udalak Herrera auzoko pabiloiak. Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, berrehun pertsona baino gehiago bizi dira bertan, eta ez dute «etxebizitza alternatibarik». Sindikatuak azaldu duenez, «beste aukerarik gabe geratu ondoren, abandonatutako eraikinetan babesa» aurkitu zuten herritarrak bizi dira pabiloi horietan. Are, Martuteneko eskola zaharra hustu ondoren dozenaka herritar batu zitzaizkien.
Sindikatuak «dinamika zabalago» baten barnean kokatu du Herrerako hustea: «Bilboko Zorrotzaurre auzoan laurogei lagun kanporatu zituzten irailean, eta Tolosan udalak hamarnaka pertsona kaleratu ditu arkupe batzuetatik». Hala, instituzio publikoak eta horien politikak seinalatu ditu sindikatuak, eta erran «irabazi ekonomikoa langile klasearen beharrizanen gainetik lehenesten» dutela. «Ehunka pertsona bortizki kanporatzeko milaka euro gastatzeko aukera dago, baina ez dute euro bakar bat ere jartzen kalitatezko baldintzetan birkokatzeko», adierazi dute.
Sindikatuak EAJri eta Donostiako alkateari zera leporatu die: «Segurtasunaren eta bizikidetzaren aitzakian, etxebizitzaren arazoa desitxuratzen duen marko erreakzionarioa bere egitea». Marko horrek, sindikatuaren irudiko, «langile klaseko sektore pobretuenen artean konfrontazioa elikatu eta instituzio indarkeria normalizatu» bertzerik ez du egiten. Salatu dute helburua langile sektoreak «elkarren aurka» jartzea dela, baina, horren kontra, sindikatuak «elkartasuna zabaldu eta etxebizitzarako eskubidea defendatuko» dituela. «Denontzat kalitatezko bizi baldintzak bermatu daitezke, auzoak hobetu daitezke eta kaleratzeak behin betiko geldiarazi», borobildu dute.