Donostiako Udala larrialdi etxebizitzetan dauden familiei kobratzen ari zaiela salatu du hiri horretako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Esplikatu dutenez, eguneko hogei eurokoa da ezarritako prezioa, eta kopuru hori familia bakoitzaren diru sarreren arabera moldatzen da. Zehazki, diru sarrerak bermatzeko errentaren oinarrizko zenbatekoa eta banakako osagarrien batura hartzen dira kontuan kuota hori kalkulatzeko; %5 kobratzen diete diru sarrerak bermatzeko errenta edo hori baino gutxiago jasotzen dutenei, eta tasaren erdia edo tasa osoa besteei. «Hori horrela, hilabete amaierako etxebizitzaren gastua 600 eurorainokoa ere izan daiteke», adierazi dute.
Sindikatuaren irudiko neurri hori «antiproletarioa» da: «Gizarteko sektore pobretuenei eragiten die, eta gizarteko geruza horiek are eta gehiago pobretzea ekarriko du». Are, nabarmendu dute tasa hori ez ordaintzea «etxegabetze prozesu administratibo bat» irekitzeko arrazoia izan daitekeela.
Gogoratu dute azken bortz urteetan gizarte zerbitzuen arreta jaso duten familien kopurua %21 igo dela, eta zerbitzu horietan lan egiten dutenek salatu dutela etxebizitzaren alorrean «baliabide materialak» falta direla «familiak kalean ez gelditzeko». Horren harira, Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak duten jarrera salatu dute, eta gogoratu erakunde horiek eskaintza faltarekin lotzen dutela etxebizitzaren arazoa. «Lurzoru eta azpiegitura publiko kopuru izugarriak baliatzen dituzte higiezin enpresen eta eraikuntza enpresen interesei erantzuteko», erran dutenez, eta lurzoru eta azpiegitura horiek noren-eta «etxebizitzaren arazoaren erantzuleen eskuetan» jartzen dituzte.
Bada, sindikatuaren arabera, udala esan eta esan ari da langile gehiago kontratatzen eta bulegoetan berritze lanak egiten ari dela, eta, aldi berean, «murrizketak estaltzen» ditu. Hori dela eta, kalitatezko eta doako etxebizitzetarako sarbide unibertsalaren alde antolatzera dei egin dute, eta kaltetutako familiak babestuko dituztela adierazi.