Donostiako Herrera auzoko Zardoya Otis eremuko 4. pabiloia hustu du Ertzaintzak. 30 lagun inguru bizi ziren ziren bertan, eta horietako zazpiri La Sirena aterpetxean eman diete aterpe, Irutxuloko Hitzak aurreratu duenez. 09:30etarako zegoen aurreikusita kaleratzea, baina ez dute inor atera behar izan: bertan bizi zirenak goizerako dagoeneko ez baitzeuden bertan. Zenbait gizarte eragilek kontzentrazioa eginen dute arratsaldean, desalojoa salatzeko.
Donostiako Harrera Sareak kezka adierazi du, eta kale gorrian gelditu diren pertsonak «babesgabe» gelditu direla erran. Halaber, instituzioei eskatu die pertsona horien egoerari irtenbide bat emateko. Bien bitartean, Donostiako Udalak erran du pertsona horiekin harremanetan daudela, eta Martuteneko eskola zaharrean zeuden pertsonekin emandako esku hartze «antzekoa» egiten ari direla.
Hain justu, gaur kontzentrazioa eginen duten eragileek agerraldi bat egin zuten larunbatean, eta salatu Jolastokietako 4. pabiloia ez da eraitsi asmo duten bakarra: «Zardoya eremuan dauden bost eraikinak husteko aginduaren zain daude, eta horrek lehenago edo beranduago berrehun pertsona inguru kalean gelditzeko arriskua areagotzen du, inolako alternatiba errealik gabe», salatu zuten protestaren antolatzaileek. Udalari «konponbide erreal bat» eskatu zioten pertsona horientzat guztientzat.
Honako talde hauek dira egoera salatu dutenak: Donostiako Harrera Sarea, KAS, Herripe Auzo Elkartea, Altza XXI, Saretxe Etxebizitza Sindikatua, Guztiontzako Egia Auzotar Sarea, JARDUN Koordinadora, Ehgam Gipuzkoa, Donostialdeko Asanblada Antiarrazista, CNT, Steilas, LAB, Amara Berri Ehuntzen, Donostiko Bilgune Feminista, Martuteneko Harrera Taldea, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Basajaun Elkartea eta BiziLagunEkin.