Etxebizitza eskubidearen aldeko aldarriek hartu dute gaur arratsaldean Donostiako Udaletxeko gorapea. Hainbat eragile sozialek deituta, kontzentrazioa egin dute, goizean Herrera auzoko Zardoya Otis eremuko 4. pabiloia hustu eta bertan bizi ziren 31 lagunak etxegabetu dituztela salatzeko. Ohartarazi dute, halaber, egoera «are larriagoa» izan daitekeela, gainerako bortz pabiloiak ere husteko aginduaren zain daudelako: «Horrek areagotu egiten du lehenago edo geroago berrehun pertsona inguru kalean gelditzeko arriskua, inolako alternatiba errealik gabe».
Pabiloi horretako jabeek eskatuta eta Donostiako epaitegi batek aginduta, 09:30erako zegoen aurreikusita kaleratzea, baina poliziek ez dute inor atera behar izan: pabiloian bizi zirenak jada ez baitzeuden bertan goizerako. Elkarretaratzean, baina, «operazio poliziala» gogor salatu dute, eta erran Ertzaintzaz gain Donostiako Udaltzaingoa eta Espainiako Polizia ere bertan izan direla. Bien bitartean, Donostiako Udalak erran du pabiloietan bizi ziren hogei lagun ingururekin harremanetan egon dela, eta gizarte zerbitzuek baliabideak eskaini dizkietela «gizarteratze eta laneratze ibilbidea onartu dutenei». Agerraldian, baina, salatu dute jarrera horrek migratzaileen gaineko «ikuspegi kriminalizatzailea» sustatzen duela, eta gehitu zazpi lagunei soilik eman dietela aterpe La Sirena aterpetxean.
Hiriburuan etxegabeek duten egoeraz ere mintzatu dira. Kontzentrazioa egin duten eragileen erranetan, gutxienez 500 pertsona bizi dira kalean, eta Herrerako pabiloiak dira haiek duten «ia estalpe bakarra». «Udalak eremu publikotik botatzen ditu etxegabeak sistematikoki, eta fokua segurtasunaren auzian ezkutatu», erran dute. Joan den urte hondarrean kalean bizi ziren bi pertsona hil zirela ere gogoratu dute, eta udalak «errealitatea ezkutatzen» duela salatu.
Are, salatu dute kalean bizitzeari dagokionez «arazo larri eta estruktural» bat duela gizarteak, eta Herrerakoa ez dela «kasu bakana». Izan ere, joan den astean Loiolan etxerik gabeko pertsonak bizi ziren gune bat hustu zuten, eta iragan urte hondarrean, berriz, polizia operazio zabala antolatu zuten Martuteneko eskola zaharra husteko. 111 lagun bizi ziren bertan, hustu baino hiru aste lehenago egindako zenbaketaren arabera: 107 gizon eta lau emakume, 20-40 urte artekoak, Aljeriakoak eta Marokokoak gehienak. Martuteneko eraikin abandonatua migratzaile askoren etxea izan da azken urteetan. Batzuek bi urte baino gehiago egin zituzten bertan.
Hala, salatu dute «etxebizitza espekulaziorako tresna» bihurtu dela: «Negozio gisa ulertzen dute, pertsonen bizitzen gainetik. Ez dute neurri eraginkorrik hartzen».
Talde hauek salatu dute egoera: Donostiako Harrera Sarea, KAS, Herripe auzo elkartea, Altza XXI, Saretxe etxebizitza sindikatua, Guztiontzako Egia Auzotar Sarea, Jardun koordinakundea, Gipuzkoako Ehgam, Donostialdeko Asanblada Antirrazista, CNT, Steilas, LAB, Amara Berri Ehuntzen, Donostiako Bilgune Feminista, Martuteneko Harrera Taldea, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Basajaun elkartea eta Bizilagunekin.