2010ean Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra betetzeko 2013ko apirilean Donostiako herri harresian atxilotu zituzten gazteei zigorra murriztea baztertu du Auzitegi Gorenak. Zigor Kodearen 579 bis 4 artikulua ezartzeko eginiko eskaera atzera bota du.
Segiko kide izatea egotzita, sei urteko espetxe zigorra ezarri zieten zortzi gazteri: Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Mikel Arretxe, Egoi Alberdi, Adur Fernandez, Oier Lorente eta Aitor Olaizolari. Behin behinean preso egindako denbora kontuan hartuta, duela gutxi geratu ziren aske Fernandez, Lorente eta Olaizola. Beste bostak preso jarraitzen dute, baina gutxi barru beteko dute zigorra, osorik.
Zigor Kodean iaz eginiko aldaketako bat baliatu nahi zuten aske geratzeko eguna aurreratzeko. 579 bis 4 artikuluak dio erabilitako bitartekoak eta eragindako ondorioak “objektiboki larritasun txikikoak” direnean, zigorrak gradu bat edo bi jaits daitezkeela.
Auzitegi Gorenak ez du gazteei leporatzen dizkieten kale erasoen inguruko baloraziorik egin. Epaimahaiak dio zortzi gazteek Donostiako Segiko zuzendaritzako kide zirela eta haien egiteko nagusia zela kale indarkeriarekin loturiko ekintzak dinamizatzea.