Karmengo jaiak egiten ari dira Donostiako kaian, eta festa gelditu egin dute gaur, 15 minutuz, protesta gisa. Izan ere, salatu dutenez, atzo arratsaldean eraso matxista bat egin zuten kaian. Hori dela eta, Karmengo jaietako jai batzordeak protesta ekitaldia antolatu du, eta biktimari elkartasuna adierazteko eta indarkeria matxistaren aurka protestatzeko bilkura egin dute. Talde argazkia egin dute, jaiak etenda egon diren bitartean.
Ez da Donostian jaietan azken egunotan salaturiko eraso bakarra. Asteazkenean, beste eraso bat egin zuten Añorga auzoan. Irutxuloko Hitza hedabideak zabaldu duenez, 45 urteko gizon bat atxilotu dute haurren aurrean masturbatzea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez, Añorga Kultur eta Kirol elkarteak eta auzoko beste hainbat eragilek egin zuten salaketa sare sozialetan. Astelehenean gertatu zen erasoa. Atxilotua polizia etxera eraman zuten, eta epailearen esku utzi zuten.
Donostiako Udalak gaitzetsi egin zuen gertaera, eta Indarkeria Matxistari Erantzuteko Protokoloa aktibatu zuen.