Jaurlaritzako Osasun Sailak dei egin die abuztuaren 14tik 16ra Donostiako Komplot eta Tropical Disco diskoteketan egon zirenei proba egitera joateko. Arratsaldean bertan hasiko dira probak egiten Donostia ospitaleko Gipuzkoa eraikinean, eta, ordua hartzeko, telefono honetara deitu behar da: 943-00 79 09. Osasun Sailak eskatu du autoz joateko ospitalera, maskara jantzita.
Kasu gehiago badira Gipuzkoako hiriburuan bertan; Irutxuloko Hitza-k argitaratu duenez, Ttun-Ttun, Bartolo, Ordizia, Agustin, Caravanserai, Sanse eta Avenida XXI. tabernak itxi dituzte. Horiekin batera, Egiako okindegi bat ere itxi dute arrazoi berarengatik, Hitza-ren arabera.