Donostiako metroaren lanak «astiro» doazela onartu du ETSk

Jaurlaritzaren enpresa horrek azaldu duenez, «segurtasunez» jarduten ari dira, eta horrek obrak geldotzea eta gainkostuak izatea ekar dezake

Metroaren lanak, Artzai Onaren plaza parean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Litekeena da Donostiako metroaren lanek gainkostu gehiago izatea, eta metroa egiteko ardura duen ETS Euskal Trenbide Sareak onartu du «astiro» doazela zulaketa lanak, atzo EH Bilduk deitutako udal batzordean esan zutenez. Hain zuzen, Kontxako eremuaren azpian dabiltza orain zulaketa lanak egiten, eta hondartza ondoko baldintza geologikoek lanak atzeratuko dituzte; zehazki, enpresako ordezkariek esan dute 2025eko udarako aurreikusten dutela obra bukatuta egotea —hasieran lehenengo sei hilabeterako aurreikusten zen—. «Hilabetero sei metro» zulatzen dituztela argitu dute. Oposizioko alderdiak haserre agertu dira; izan ere, atzerapen horiek gainkostuak eragingo dituztela salatu du EH Bilduk, esaterako. Horrez gain, zementu injekzio «asko» erabiltzen ari direla ere azaldu du alderdiak, eta horrek are gehiago handitzen duela aurrekontua. Hala ere, lanen arduradunek ez dute argitu nahi izan oraingo honetan ere legezko muga gaindituko duen aurrekontuak. 2020an Zubieta plaza inguruan metroaren lanek eragindako zulo baten ondorioz geratu zituzten obrak, eta, bi urteko geldialdiaren ondoren, 2022ko maiatzean eman zieten lizitazio berria.

Aurrekontuen muga

Lehengo lizitazioa gainkostuetarako legezko muga gainditu ondoren utzi zuten bertan behera.Lizitazio berri horrekin lanean hasi zirenean, ez zen beharrezkoa Kontxa azpiko tunela erabat iragazgaituta egotea, baina, Kostalde eta Gipuzkoako Itsasertzeko Zerbitzuek ezarritako eskakizun berrien ondorioz, ezin izango da tunel horretara ur emaririk sartu. ETSk azaldu du horrez gain «segurtasun osoz» jarduten ari direla, eta horiek direla obrak geldotzearen arrazoi nagusiak. Duela aste batzuk, Satorralaia taldeak salatu zuen Zubieta plazako etxebizitza batean arrakalak agertu zirela metroaren obren ondorioz, baina ETSko ordezkariek adierazi dute plataformak argitaratutako argazki horiek 2019an agertutako arrakala batenak direla, eta kalte hori konponduta dagoela jada. Horrez gain, argitu dute metroaren lanen eremuko eraikinak «monitorizatuta» daudela, izan daitezkeen mugimenduak kontrolpean izateko. Berez, Donostian ETS egiten ari den lanei buruz aritzeko, Udal Batzordea bi hilabetean behin deitzea adostu zuten udala osatzen duten alderdiek, baina atzo batzordean izan ziren hiru alderdiek —EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP— salatu zuten duela 11 hilabetetik Udal Gobernuak ez duela batzorde hori deitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.